Saltatu edukira

Biziak salbatzen dituen kanpaina berezia

Biziak salbatzen dituen kanpaina berezia

Mexikoko Tabasko estatuko herritarren arteko suizidioen tasa altuari erantzunez, Jehobaren lekukoek 2017an bi hilabetetako kanpaina berezi bat antolatu zuten. Honetan, bizitzan amorerik ez emateko hiru arrazoi azaltzen dituen 2014ko apirileko “¡Despertad! edo Réveillez-vous ! alea berriro banatu zen. Jendeak kanpaina asko estimatu zuen.

Une egokian iritsitako laguntza

Faustinok, Jehobaren lekukoa denak, 22 urteko semearengatik kezkatuta zegoen emakume batekin hitz egin zuen. Mutil gazteak depresioa zuen eta bere buruaz beste egiten saiatu zen. Hortaz, emakumeak ez zekien nola lagundu, baina Faustinok aldizkaria eskaini zionean, «hauxe da nire semeak behar duena» esan zuen. Hurrengo egunean, Faustinok semea bisitatu zuen eta aldizkarian azpimarratzen diren Bibliako aholkuei buruz hitz egin zuten. Bisita batzuen ondoren, mutilaren jarrerak asko hobetu zuen. «Lasaiago eta zoriontsuago dirudi orain» dio Faustinok. Gainera, ikasitakoa depresioa duen bere anaiari ere azaltzen dio.

Huimanguillon bizi den Karlak aldizkaria ikaskide bati laguntzeko erabili zuen. «Hamalau urteko neska batek triste zirudiela konturatu nintzen» dio Karlak. «Berarekin hitz egin nuen eta bere familiaren egoera azaldu zidan. Hitz egiten ari ginen heinean, ezker eskuan orbainak zituela ohartu nintzen». Neska honek bere beso eta hankak mozten zituela jakin nuen. Itsusia zela eta bere bizitzak ez zuela zentzurik sentitzen zuen. Karlak, orduan, ¡Despertad! edo Réveillez-vous ! aldizkaria eman zion. Aldizkaria irakurri ondoren, ikaskideak ale hori berarentzako idatzia zegoela esan zion. Irribarre batekin, bizitzeak merezi duela esan zuen.

Villahermosa herriko gizon bat erabat larrituta zegoen, lana galdu eta emazteak bera eta seme-alabak utzita alde egin zuelako. Jainkoari laguntza eskatuz otoitz egin zuen, baina itxaropenik gabe sentitzen zen. Buruaz beste egiteko prest zegoenean, Martin eta Miguelek, bi Jehobaren lekukoek, bere atea jo zuten. Gizonak atea ireki eta Lekukoek kanpaina bereziko aldizkaria eskaini zioten. Titulua ikusi zuenean, Jainkoak bere otoitzak erantzun zituela pentsatu zuen. Orduan, Martin eta Miguelek Biblian dagoen kontsolamendua erakutsi zioten eta pare bat egun beranduago itzuli ziren, gizona lasai eta baretuago aurkituz. Orain, astean bi aldiz aztertzen dute Biblia berarekin.

Berri onak presoentzako

Kanpaina honen barne, Lekukoek Tabasko estatuko hainbat espetxe bisitatu zituzten presoei bizitzari zentzua aurkitzen laguntzeko Bibliako aholkuak erabiliz. Lekukoek aurkezpen bat prestatu zuten bideoekin, biblia-hitzaldi batekin eta aldizkarian bizitzen jarraitzeko azaltzen ziren arrazoiei buruzko eztabaida batekin. Preso nahiz bertako langileek estimatu egiten zituzten bisita hauek. Esaterako, preso batek esan zuen: «Hiru aldiz saiatu naiz nire buruaz beste egiten. Batzuk Jainkoa nitaz arduratzen dela esan didate, baina ez dute inoiz Biblia erabili esan didatena egia dela erakusteko. Zuen hitzek benetan animatu naute».

Kanpaina ez zen oharkabean gelditu. Estatuko osasun-idazkariak Lekukoak zoriondu zituen bizilagunak laguntzeko egindako ahaleginengatik. Honetaz gain, bertako egunkari batek «Suizidioari aurre egitera irteten dira» izeneko artikulua argitaratu zuen kanpainari buruz.