Saltatu edukira

Nortzuk izan ziren gizon aberatsa eta Lazaro?

Nortzuk izan ziren gizon aberatsa eta Lazaro?

Bibliaren erantzuna

 Gizon aberatsa eta Lazaro Jesusen hitzaldi bateko fikziozko pertsonaiak dira (Lukas 16:19-31). Istorio honetan bi gizonek bi talde irudikatzen dituzte: 1) Jesusen garaiko harroak ziren erlijio-buru judutarrak eta 2) Jesusen mezuari ondo erantzun zioten pertsona zintzo eta apalak.

Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:

 Zer esan zuen Jesusek gizon aberatsa eta Lazarori buruz?

 Lukas 16. kapituluan Jesusek beraien bizitzan aldaketa izugarriak izan zituzten bi gizon deskribatzen ditu.

 Hau da Jesusen istorioaren laburpena: Gizon aberats batek luxuzko bizitza zuen. Bestalde, Lazaro izeneko eskalea gizon aberatsaren ate ondoan egoten zen haren mahaitik erortzen ziren apurrak jateko desiratzen. Denborarekin, Lazaro hil egin zen eta aingeruek Abrahamen ondora eraman zuten. Gizon aberatsa ere hil egin zen eta lurperatu egin zuten. Istorioan, bi gizonak hil ondoren inguruan gertatzen zenaz konturatzen ari zirela ikusten da. Gizon aberatsa sutan sufritzen zegoela, Abrahami Lazaro bidal zezala eskatzen dio, bere atzamar-muturra uretan bustitzeko eta bere mihia freskatzeko. Abrahamek ezetz esan zion gizon aberatsari, bi gizonen artean leize handi bat zegoela azalduz. Zer esanahi zuen horrek? Bi gizonek euren bizitzan erabateko aldaketa izan zutenez, beraien artean alde izugarria zegoela eta, horren ondorioz, ezingo zirela elkartu.

 Benetan gertatu al zen istorio hau?

 Ez. Jesusek parabola hau irakaspen bat emateko azaldu zuen. Adituek ere istorio hau parabola bat dela badakite. Adibidez, Luteroren Bibliaren 1912⁠ko edizioan istorio hau parabola bat dela azaltzen da. Gainera, Jerusalem Bible biblia-itzulpen katolikoan hau dio ohar batean: «Istorio hau parabola bat da eta ez dio erreferentziarik egiten pertsonaia historikoei».

 Hil ondoren zer gertatzen denari buruz zerbait irakasten ari al zen Jesus? Esan nahi al zuen pertsona batzuk hil ondoren infernuan sufritzen ari direla, eta Abraham eta Lazaro zeruan zeudela? Hainbat arrazoi daude hau guztia horrela ez dela pentsatzeko.

 Adibidez:

  •   Gizon aberatsa erretzen ari den tormentu lekuan egongo balitz, ez al luke suak Lazaroren atzamar-muturreko ura lurrunduko?

  •   Nahiz eta ura ez lurrundu, lortuko al luke ur-tanta bakar batek sutan zegoen gizon aberatsaren sufrimendua arintzea?

  •   Jesusek parabola hau kontatu aurretik, argi utzi zuen inor ez zela zerura igo (Joan 3:13). Nola liteke, orduan, Abraham zeruan bizirik egotea?

 Infernua existitzen dela erakusten al du istorio honek?

 Ez. Benetako istorioa ez izan arren, batzuek istorio honek pertsona onak zerura eta pertsona txarrak infernura doazela irudikatzen duela adierazten dute. a

 Arrazoizkoa al da hau? Ez.

 Infernuaren irakaspena ez dator bat Bibliak hildakoen egoerari buruz dioenarekin. Adibidez, ez du esaten hil diren pertsona onak zeruan pozik bizi direnik edo pertsona txarrak infernuan sufritzen ari direnik. Alderantziz, Bibliak argi esaten du: «Badakite biziek hil beharra dutela; hilek, ordea, ez dakite ezer» (Kohelet 9:5).

 Zein da gizon aberatsa eta Lazaroren istorioaren esanahia?

 Istorio honek bi pertsona taldeen egoera erabat aldatuko zela erakusten du.

 Argi dago gizon aberatsak diruzaleak ziren erlijio-buru judutarrak irudikatu zituela (Lukas 16:14). Jesusek esandakoa entzun arren, bere mezuaren aurka zeuden. Erlijio-buru hauek jende arrunta gutxiesten zuten (Joan 7:49).

 Lazarok Jesusen mezua onartu zuten pertsona arruntak irudikatu zituen. Erlijio-buru judutarrek pertsona hauek mespretxatzen zituzten.

 Bi taldeen egoera zeharo aldatu zen.

  •   Erlijio-buru judutarrek Jainkoaren onespena zutela pentsatzen zuten. Baina Jainkoak beraiek eta beraien adorazioa baztertu zituen, Jesusen mezua onartu ez zutelako. Horregatik, modu horretan hilda zeuden. Jesusek eta bere jarraitzaileek predikatzen zuten mezua tortura bat zen beraientzat (Mateo 23:29, 30; Eginak 5:29-33).

  •   Denbora luzez erlijio-buruek baztertu zituzten pertsona arruntak, orain, laguntza jasotzen hasi ziren. Askok Jesusek irakatsitako mezua onartu zuten eta hau oso lagungarria izan zen beraientzat. Jainkoaren onespenaz betiko gozatzeko aukera zuten orain (Joan 17:3).

a Biblia-itzulpen batzuek «infernu» hitza erabiltzen dute gizon aberatsa hil ondoren doan tokia deskribatzeko. Baina Lukas 16:23⁠an erabiltzen den jatorrizko grekerazko hitzak (Hades) gizakiak doazen hilobia esan nahi du.