Saltatu edukira

Existitzen al da Deabrua?

Existitzen al da Deabrua?

Bibliaren erantzuna

 Bai, Deabrua existitzen da. Bera da «mundu honetako buruzagia», gaizto bihurtu eta Jainkoaren aurka jarri zen izaki espirituala (Joan 14:30; Efesoarrei 6:11, 12). Bibliak Deabrua nolakoa den deskribatzeko hainbat izen eta titulu erabiltzen ditu:

  •   Satanas. «Aurkari» esan nahi du (Job 1:6).

  •   Deabrua. «Iraintzaile» esan nahi du (Apokalipsia 12:9).

  •   Sugea. Biblian «engainatzaile» esanahiarekin erabiltzen da (2 Korintoarrei 11:3).

  •   Tentatzailea (Mateo 4:3).

  •   Gezurtia (Joan 8:44).

Ez du gaizkia irudikatzen, ezta guztiok dugun alderdi gaiztoa ere

 Batzuen ustez, Deabruak gaizkia edo guztiok dugun alderdi gaiztoa irudikatzen du. Baina Biblian, Jainkoa eta Satanasen arteko elkarrizketa bat agertzen da. Jainkoa perfektua denez, ezin du bere alderdi gaiztoarekin hitz egin, ez baitu alderdi gaiztorik (Deuteronomioa 32:4; Job 2:1-6). Era berean, Bibliak Satanasek Jesus tentatu zuela aipatzen du. Jesusek bekaturik ez duenez, ezin izan zuen bere alderdi gaiztoarekin hitz egin (Mateo 4:8-10; 1 Joan 3:5). Beraz, Bibliak Deabrua izaki erreala dela erakusten du, eta ez gaizkiaren pertsonifikazioa.

 Jende askok Deabrua existitzen ez dela uste du. Baina honek ez liguke harritu behar. Zergatik? Bibliak Satanasek bere helburua lortzeko engainua erabiltzen duela esaten duelako (2 Tesalonikarrei 2:9, 10). Bere trikimailurik onena jendeari bera existitzen ez dela pentsaraztea izan da (2 Korintoarrei 4:4).

Deabruari buruzko ideia okerrak

Ideia okerra: Deabruaren beste izen bat Luzifer da.

 Ideia zuzena: Biblia-itzulpen batzuetan «Luzifer» itzulitako hitz hebrearrak «distiratsu» esan nahi du (Isaias 14:12). Testuinguruaren arabera, termino hau erabiltzen denean, Babiloniako errege-dinastiari buruz ari da. Errege hauek harroak zirenez, Jainkoak beheratu zituen (Isaias 14:4, 13-20). Babiloniako errege-dinastia erori zenean, «distiratsu» terminoa burla kutsuarekin erabiltzen da.

Ideia okerra: Jainkoak Satanas erabiltzen du jendea probapean jartzeko.

 Ideia zuzena: Deabrua Jainkoaren etsaia da, ez bere zerbitzaria. Satanas Jainkoaren zerbitzarien aurka dago eta faltsuki salatzen ditu (1 Pedro 5:8; Apokalipsia 12:10).