Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

 3. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Gizatalde handiak Jehoba eta Jesu Kristo goratzen ditu

Gizatalde handiak Jehoba eta Jesu Kristo goratzen ditu

«Tronuan eseria dagoen gure Jainkoari eta Bildotsari zor diegu salbamena» (AP 7:10).

sjj 14. KANTA Goratu lurreko Errege berria

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer eragin izan zuen gazte batengan 1935⁠eko biltzar batean esandakoak?

1926. urtean 18 urteko gazte bat bataiatu egin zen. Bere gurasoak Bibliaren Ikasleak ziren. Garai hartan, Jehobaren lekukoak horrela deitzen ziren. Hiru seme eta bi alaba zituzten, eta Jehoba zerbitzatzen eta Jesu Kristo imitatzen irakatsi zieten. Garai hartako Bibliaren Ikasle guztiak bezala, bihotz oneko gazte honek urtero Jaunaren Afarian ogia jan eta ardoa edan ohi zuen. Baina 1935⁠ean, etorkizunerako zuen esperantza aldatu egin zen. Zer dela eta? Urte hartan, Joseph Franklin Rutherford-ek Estatu Batuetako Washington hiriko biltzar batean egindako hitzaldiarengatik. Honen izenburua «Talde handia» zen. Zer argitu zen biltzar hartan?

2. Zer argitu zuen Rutherford anaiak bere hitzaldian?

2 Hitzaldi horretan, Rutherford anaiak Apokalipsia 7:9⁠ko «talde handia» (BJU) edo «gizatalde handia» nork osatzen zuen argitu zuen. Ordura arte, Bibliaren Ikasleek zerura joango zen bigarren mailako talde bat zela pentsatzen zuten. Zergatik? Talde honetako kideak ez zirela gantzutuak bezain leialak uste zutelako. Rutherford anaiak gizatalde handiko kideak ez direla zeruan bizitzeko aukeratuak izan frogatu zuen Bibliaren bidez. Horren ordez, «larrialdi handitik» irten eta  lurrean betiko biziko diren Jesu Kristoren beste ardiak * direla argitu zuen (Ap 7:14). Jesusek honako promesa egin zuen: «Baditut artegian ez dauden beste ardi batzuk ere; haiek ere erakarri egin behar ditut; nire ahotsa entzungo dute eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean» (Jn 10:16). Nortzuk dira beste ardi hauek? Lurreko paradisuan betiko bizitzeko itxaropena duten Jehobaren lekuko leialak (Mt 25:31-33, 46). Ikus dezagun argi distira honek nola aldatu zituen Jehobaren zerbitzari askoren bizitzak, hauen artean lehen aipatutako anaia gaztearena (Sal 97:11; Es 4:18).

ULERMEN BERRIAK MILAKA BIZITZA ALDATU ZITUEN

3, 4. 1935⁠eko biltzarrean, zertaz konturatu ziren milaka kristau beraien esperantzari buruz eta zergatik?

3 Biltzarrean momentu zirraragarri bat iritsi zen hizlariak honakoa galdetu zuenean: «Altxatuko al zarete, mesedez, lurrean betiko bizitzeko itxaropena duzuenok?». Biltzarrean 20.000 bat lagun zeuden eta, han zegoen anaia baten arabera, erdia baino gehiago altxatu zen. Orduan, Rutherford anaiak esan zuen: «Begira! Talde handia!». Eta denek algaraz txalo jo zuten. Altxatuta zeudenek Jainkoak bere espirituaz ez zituela gantzutu ulertu zutenez, Jehobak zeruan bizitzeko ez zituela hautatu ulertu zuten. Hurrengo egunean, 840 Lekuko bataiatu ziren eta gehienak beste ardien taldekoak ziren.

4 Hitzaldi honen ondoren, lehen aipatutako gazteak eta milaka kristauek Jaunaren Afarian ogia jan eta ardoa edateari utzi zioten. Anaia apal batek honakoa esan zuen: «1935⁠ekoa izan zen ogia jan eta ardoa edan nuen azken Oroitzapena. Izan ere, Jehobak ez zidala bere espiritu santuaz zeruan bizitzeko esperantza eman konturatu nintzen. Honen ordez, lurrean bizitzeko eta hau paradisu bihurtzeko lanean parte hartzeko esperantza nuen». Beste askok ere gauza bera sentitzen zuten (Erm 8:16, 17; 2 Ko 1:21, 22). Orduz gero, gizatalde handia asko handitu da eta lurrean bizirik geratzen diren gantzutuekin elkarlanean aritu da.

5. Zer pentsatzen du Jehobak Oroitzapenean ikurretatik hartzeari utzi diotenei buruz?

5 Zer ikuspuntu du Jehobak 1935⁠etik aurrera Oroitzapenean ardoa edan eta ogia jateari utzi ziotenei buruz? Eta, gaur egun Lekuko batek zintzotasunez Oroitzapeneko ogia jan eta ardoa edaten badu, baina aurrerago ez dela gantzutua konturatzen bada, zer pentsatuko du Jehobak berari buruz? (1 Ko 11:28). Batzuek ez dute beraien esperantza ongi ulertu eta, horregatik, ikurretatik parte hartu dute. Baina akats bat egin dutela onartu, parte hartzeari utzi eta Jainkoa zerbitzatzen leialki jarraitzen badute, dudarik gabe, beste ardien artean onartuko ditu Jehobak. Nahiz eta ez duten ogirik jaten, ezta ardorik edaten ere, Oroitzapenera joaten jarraitzen dute Jehobak eta Jesusek beraiengatik egindakoa asko eskertzen dutelako.

 ITXAROPEN BEREZI BAT

6. Zer egiteko agindu die Jesusek aingeruei?

6 Larrialdi handia oso gertu dagoenez, asko animatuko gaitu Apokalipsia 7⁠ak kristau gantzutuei eta gizatalde handiari buruz esaten duena aztertzeak. Jesusek suntsipeneko lau haizeei eusten jarraitzeko agintzen die aingeruei. Ez dituzte haizeak lurrean askatu behar kristau gantzutu guztiak zigiluz markatuak izan arte, hau da, Jehobak leialak direla erabaki arte (Ap 7:1-4). Leial izateagatik jasoko duten saria honakoa izango da: errege eta apaiz izango dira zeruan Jesusekin batera (Ap 20:6). Jehoba, Jesus eta aingeruak irrikan egongo dira 144.000 kristau gantzutuak beraien saria jasotzen ikusteko.

Gizatalde handia, soineko zuriz jantzia eta palma-adarrak eskuetan dituelarik, Jainkoaren tronu distiratsuaren eta Bildotsaren aurrean zutik dago (Ikusi 7. paragrafoa)

7. Nor ikusten du Joanek Apokalipsia 7:9, 10⁠eko ikuskarian eta zer egiten ari da? (Ikusi azaleko irudia)

7 144.000 errege eta apaizei buruz hitz egin ondoren, Joanek zirraragarria den beste gauza bat ikusten du: Harmagedonetik bizirik irteten den «gizatalde handi bat». Beste taldearekin konparatuta, bigarren talde hau askoz ere handiagoa da eta ez dakigu osatzen dutenen kopuru zehatza (Irakurri Apokalipsia 7:9, 10). «Soineko zuriz jantziak» egoteak Satanasen munduan akatsik gabe mantendu direla, eta Jainkoari eta Jesu Kristori leial izan direla esan nahi du (St 1:27). Jehobak eta Jesusek, Jainkoaren Bildotsak, egindakoari esker salbatu direla oihukatzen dute. Gainera, eskuetan palma-adarrak dituzte. Honek Jesus Jehobaren errege izendatua dela pozik onartzen dutela erakusten du (Konparatu Joan 12:12, 13).

8. Zer esaten digu Apokalipsia 7:11, 12⁠ak Jehobaren zeruko familiari buruz?

8 Irakurri Apokalipsia 7:11, 12Zer gertatzen da zeruan gizatalde handia ikustean? Zeruko izaki guztiak asko poztu eta Jainkoa goratzen dutela ikusten du Joanek. Gizatalde handia larrialdi handitik bizirik ateratzean beteko da ikuskari hau. Jehobaren zeruko familiak hau ikusten duenean, pozez zoratzen egongo da.

9. ⁠Apokalipsia 7:13-15⁠ pasartearen arabera, zer egiten ari da orain gizatalde handia?

9 Irakurri Apokalipsia 7:13-15Joanek gizatalde handikoek «beren soinekoak Bildotsaren odolean garbitu eta zuritu» dituztela idatzi zuen. Honek kontzientzia garbia dutela eta Jehoba beraiekin pozik dagoela esan nahi du (Is 1:18). Euren burua Jehobari eskaini diote, kristau bataiatuak dira, Jesusen eskaintzan fede sendoa dute eta Jehobaren adiskideak dira (Jn 3:36; 1 P 3:21). Beraz, Jainkoaren tronuaren aurrean egoteko baldintzak betetzen dituzte eta, horregatik, lurrean bera zerbitzatu dezakete «gau eta egun». Orain ere, sutsuak dira eta predikatze eta ikasleak egiteko lanaren gehiengoa egiten dute, Jainkoaren Erreinuari lehentasuna emanez (Mt 6:33; 24:14; 28:19, 20).

Beste ardietako gizatalde handiko kide batzuk larrialdi handitik poz-pozik ateratzen dira (Ikusi 10. paragrafoa)

10. Zertaz dago ziur gizatalde handia eta zer promes ikusiko du betetzen?

10 Larrialdi handitik ateratzen den gizatalde handia ziur dago Jainkoak zainduko duela, «tronuan eseria dagoena horiekin biziko da» eta. Beste ardiak hainbeste itxaron duten promesa azkenean bete egingo da: «[Jainkoak] haien begietako malkoak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik,  ez negarrik, ez nekerik» (Ap 21:3, 4).

11, 12. a) Apokalipsia 7:16, 17⁠aren arabera, zer bedeinkapen jasoko ditu etorkizunean gizatalde handiak? b) Zer egin dezakete beste ardiek Oroitzapenean eta zerk bultzatuta?

11 Irakurri Apokalipsia 7:16, 17Oraintxe bertan, Jehobaren zerbitzari batzuk gose dira gerrek sortzen dituzten arazoengatik edo ez dutelako nahikoa diru janaria erosteko. Beste batzuk beraien fedeagatik espetxeratuta daude. Hala ere, gizatalde handia oso pozik dago. Zergatik? Badakitelako mundu gaiztoaren suntsipenetik bizirik ateratzen direnean, beti izango dutela nahi beste janari fisiko eta espiritual. Jehobak Satanasen mundua suntsitzen duenean, gizatalde handia «sargoria» bezalakoa den Jainkoaren haserretik babestua egongo da. Larrialdi handia amaitu ondoren, Jesusek betiko bizira daramaten «ur biziko iturburuetara gidatuko» ditu lurrean bizirik jarraitzen dutenak. Pentsa ezazu, gizatalde handiak itxaropen oso berezia du: historian zehar milioika eta milioika gizaki hil dira, baina, hauek agian ez dira inoiz hilko! (Jn 8:51).

12 Beste ardiek itxaropen zoragarria dute eta, horregatik, Jehoba eta Jesusi oso eskertuta daude. Nahiz eta Jehobak talde hau zeruan bizitzeko aukeratu ez izan, gantzutuak bezainbeste maite ditu. Beraz, bi taldeetako kideek Jainkoa eta Jesu Kristo goratu ditzakete Jaunaren Afarian egonez.

BIHOTZ-BIHOTZEZ GORATU JEHOBA ETA JESU KRISTO OROITZAPENEAN

Oroitzapenean pasatutako ogi eta ardoak guk bizia izan dezagun Jesus gure ordez hil zela gogoratzen digu (Ikusi 13-15 paragrafoak)

13, 14. Zergatik egon beharko ginateke denok Jesu Kristoren heriotzaren oroitzapenean?

13 Azken urteotan, Oroitzapenean egon diren mila lagunetik batek ogia jan eta ardoa edan du gutxi gorabehera. Zer esan nahi du honek? Munduko kongregazio gehienetan ez dagoela Oroitzapenean ikurretatik parte hartzen duen inor. Beraz, ospakizun honetan egoten diren gehienek lurrean bizitzeko esperantza dute. Orduan, zergatik egoten dira Jaunaren Afarian? Gure lagunen ezkontzetara joaten garen arrazoi berberarengatik. Ezkontzara bikoteari  diogun maitasuna eta beraien erabakiaren alde gaudela erakusteko joaten gara. Era berean, beste ardiak euren maitasuna eta Jesu Kristo eta gantzutuen alde daudela erakusteko egoten dira Oroitzapenean. Gainera, han egonez, Jesusen eskaintzari eskertuta daudela erakusten dute. Izan ere, eskaintza honek lurrean betiko bizitzeko aukera ematen die.

14 Beste ardiak Oroitzapenera joateko beste arrazoi garrantzitsu bat Jesusen agindua obeditzea da. Jesusek afari berezi hau ezarri zuenean, honakoa esan zien bere apostolu leialei: «Egizue hau nire oroigarri» (1 Ko 11:23-26). Beraz, gantzuetariko batzuk lurrean bizirik dauden bitartean, beste ardiek Jaunaren Afaria ospatzen jarraituko dute. Gainera, jende guztia beraiekin batera Oroitzapenean egotera gonbidatzen dute.

15. Zer egin dezakegu Jainkoa eta Jesu Kristo Oroitzapenean goratzeko?

15 Oroitzapenean elkarrekin abestuz eta otoitz eginez Jehoba eta Jesu Kristo goratzeko aukera dugu. Aurtengo hitzaldiaren izenburua «Estima dezagun Jainkoak eta Jesu Kristok guregatik egindakoa» da. Honek Jehobari eta Jesu Kristori diegun esker ona handituko du. Ogia eta ardoa pasatzen direnean, bertan gaudenok hauen esanahia gogoratuko dugu: Jesusen gorputz eta odola. Guk bizia lortu dezagun, Jehobak bere Semea guregatik hil zedin utzi zuela gogoratuko dugu (Mt 20:28). Gure zeruko Aita eta bere Semea maite dituzten guztiek Oroitzapenean egon nahiko dute.

ESKERTU JEHOBARI EMAN DIZUN ITXAROPENA

16. Zer zentzutan dira gantzutuak eta beste ardiak berdinak?

16 Bai gantzutuak, baita beste ardiak ere, Jainkoarentzat oso garrantzitsuak dira. Bi taldeak berdin maite ditu. Izan ere, prezio berdina ordaindu zuen gantzutuengatik eta beste ardiengatik: bere Seme maitearen bizia. Alde bakarra itxaropen desberdinak dituztela da. Baina, bi taldeek Jainkoa eta Jesu Kristori leial mantendu behar dute (Sal 31:24 [31:23, NW ]). Eta gogoratu Jehobak bakoitzari behar duen espiritu santua ematen diola, gantzutua edo beste ardietakoa den axola gabe.

17. Zeren zain daude gogotsu lurrean gelditzen diren gantzutuak?

17 Kristau gantzutuak ez dira zerura joateko itxaropenarekin jaiotzen; Jainkoak ezartzen die bihotzean. Itxaropen horretan pentsatu eta horri buruz otoitz egin ondoren, zeruan beraien saria jasotzeko irrikan daude. Ezin dute imajinatu  ere egin zeruan izango duten gorputza nolakoa izango den (Flp 3:20, 21; 1 Jn 3:2). Hala ere, Jehoba, Jesus, aingeru eta beste gantzutuekin zeruko Erreinuan egoteko gogotsu daude.

18. Zeren zain daude gogotsu beste ardiak?

18 Beste ardiak gogotsu daude lurrean betiko bizitzeko, hau baita gizaki guztiok berez dugun nahia (Koh 3:11NW ). Planeta osoa paradisu bihurtzen laguntzeko irrikan daude. Etxeak eraiki, lorategiak eta baratzak landu, haurrak eduki eta osasuntsu bizitzeko zain-zain daude (Is 65:21-23). Lurreko toki askotara bidaiatzeko irrika dute, mendiak, basoak eta itsasoak ezagutuz eta Jehobaren kreazio osoa aztertuz. Baina guztiaren gainetik, Jehobarekin duten adiskidetasuna estutu egingo dela jakiteak oso zoriontsu egiten ditu.

19. Zer aukera ematen digu Oroitzapenak gutako bakoitzari eta noiz ospatuko da aurten?

19 Jehobak bere zerbitzari leial bakoitzari etorkizunerako esperantza zoragarria eman dio (Jr 29:11). Oroitzapena gutako bakoitzak urtero dugun bilerarik garrantzitsuena da. Izan ere, gu betiko bizitzeko egin duten guztiagatik Jainkoa eta Jesu Kristo goratzeko aukera paregabea da. 2021⁠eko martxoaren 27⁠an, larunbatean, ospatuko da eguzkia sartu ondoren. Aurten askok askatasunez ospatu ahal izango dute, beste batzuk oposizioa izan arren Oroitzapenean egongo dira, eta hainbatek espetxean ospatzeko erronkari egingo diote aurre. Zein egoeratan gauden axola gabe, gogoratu Jehoba, Jesus, aingeruak eta berpiztutako gantzutuak begira ditugula. Izan dezala kongregazio, talde eta gizabanako bakoitzak Oroitzapen zoragarria!

sjj 150. KANTA Jehoba da gure salbatzailea

^ § 5 2021⁠eko martxoaren 27⁠a Jehobaren lekukoentzat oso egun berezia da. Egun horretan, eguzkia sartu ondoren, Jesu Kristoren heriotzaren oroitzapena ospatuko dugu. Beste ardien taldekoak izango dira bertan egongo diren gehienak. Zer argitu zen talde honi buruz 1935⁠ean? Zer espero dute irrikaz beste ardiek larrialdi handiaren ondoren? Eta nola goratu ditzakete beste ardiek Jainkoa eta Jesu Kristo Oroitzapenean egotean?

^ § 2 ZER ESAN NAHI DU? Beste ardien artean azken egunetan Jehoba adoratzen hasi direnak daude. Hauek lurrean betiko bizitza jasotzeko esperantza dute eta Jesu Kristo jarraitzen dute. Gizatalde handia beste ardien parte da. Larrialdi handian Jesu Kristok gizadia epaitzen duenean, gizatalde hau osatzen dutenak bizirik egongo dira eta Harmagedonetik bizirik aterako dira.