Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

 22. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Lagundu zure biblia-ikasleari bataioraino iristen

Lagundu zure biblia-ikasleari bataioraino iristen

«Bataiatu guztiok» (EG 2:38).

sjj 72. KANTA Egin ezaguna Erreinuaren egia

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer egiteko esan zioten Jesusen jarraitzaileek jendetza handi bati?

JENDETZA handi batek Jerusalemeraino bidaiatu du. Gizon-emakume hauek herrialde askotakoak dira eta hizkuntza desberdinak hitz egiten dituzte. Egun honetan, txundigarria den zerbait gertatzen da. Judutar arrunt batzuk bisitarien ama-hizkuntzetan hitz egiten hasten dira. Nahiz eta hori harrigarria izan, oraindik eta harrigarriagoa da judutar horiek eta Pedro apostoluak esaten dietena. Zein da mezua? Jesu Kristorengan fedea izaten badute, salbu izan daitezkeela. Jendetza hau erabat hunkituta dago entzun duenagatik. Horregatik galdetzen dute: «Zer egin behar dugu?». Pedrok erantzuten die: «Bataiatu guztiok» (Eg 2:37, 38).

Anaia batek, bere emaztearekin dagoela, gizon gazte baten biblia-ikastaroa zuzentzen du. Ikasle honek Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren ale bat du (Ikusi 2. paragrafoa)

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan? (Ikusi azaleko irudia)

2 Aparteko gauza bat gertatu zen ondoren. Egun hartan bertan 3.000 bat lagun bataiatu egin ziren, Jesu Kristoren jarraitzaileak bihurtuz. Jesusek bere jarraitzaileei agindutako lanaren hasiera izan zen hura. Ikasleak egiteko lan handia XXI. menderaino luzatu da. Baina, gaur egun ezin dugu inor bataioraino iristen lagundu ordu gutxi batzuetan. Helburu hori lortzeko, ikasle batzuek hilabeteak, urtebete edo gehiago behar dute. Izan ere, ikasleak egiteak lan asko darama. Hori horrela dela ederki jakingo duzu norbaitekin Biblia aztertzen ari bazara. Zer egin dezakezu zure biblia-ikasleari bataiatu dadin laguntzeko? Artikulu honetan horixe da aztertuko duguna.

IKASTEN ARI DENA PRAKTIKAN JARTZEN LAGUNDU

3. ⁠Mateo 28:19, 20⁠aren arabera, zer egin behar du ikasleak bataioraino aurrera egiteko?

3 Bataiatu aurretik, ikasleak Bibliak irakasten duena  praktikan jarri behar du (Irakurri Mateo 28:19, 20). Hau egiten duenean, Jesusen adibideko «gizon zuhurraren» antzekoa bihurtzen da. Bere etxea eraikitzeko, harkaitzean zulatu eta sakondu egiten du (Mt 7:24, 25; Lk 6:47, 48). Nola lagundu dezakegu ikaslea ikasten duena praktikan jartzen? Aztertu ditzagun hiru aholku.

4. Zer egin dezakegu ikasleak bataioraino aurrerapausoak etengabe eman ditzan? (Ikusi « Lagundu zure ikasleari helburuak jartzen eta betetzen» taula ere)

4 Lagundu helburuak jartzen. Zergatik egin beharko zenuke hau? Imajinatu autoz bidaia luze bat egin behar duzula. Bidean leku politak ikusteko gelditzen bazara, ez zara desanimatuko helmuga urrunegi dagoela pentsatuz. Era berean, ikasleak denbora gutxian bete ditzakeen helburuak jartzen baditu, bataiatzeko helburua lortzea posible dela ikusiko du. Zure ikasleari aurrera egiten laguntzeko, erabili Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren «Helburuak» atala. Ikasgai bakoitzaren amaieran, aztertu ezazue helburu horrek ikasitakoa praktikan jartzen nola lagunduko dion. Zure ikasleak beste helbururen bat lortzea nahi baduzu, idatzi ezazue «Beste helburu batzuk» atalean. Izan atal hauek erabiltzeko ohitura, zure ikaslearekin epe motzerako eta luzerako helburuei buruz hitz egiteko.

5. ⁠Markos 10:17-22 pasartearen arabera, zer egiteko esan zion Jesusek gizon aberats bati eta zergatik?

5 Bizimoduan aldaketak egiten lagundu (Irakurri Markos 10:17-22). Jesusek bazekien gizon aberats batek nekez salduko zituela bere ondasun guztiak (Mk 10:23). Hala ere, bere bizimoduan aldaketa handi hori egiteko esan zion gizon  aberats bati. Zergatik? Jesusek maite zuelako. Batzuetan, ikaslea beharrezko aldaketak egiteko prest ez dagoela uste dugunez, agian ez dugu ikasten ari dena praktikan jartzera animatzen. Batzuek denbora behar izaten dute euren bizimoduan aldaketak egiteko eta izaera berria janzteko (Kol 3:9, 10). Baina zenbat eta lehenago gaiari buruz hitz egin, orduan eta azkarrago hasi daiteke aldaketak egiten. Elkarrizketa hori beldurrik gabe izanez, zure ikasleaz arduratzen zarela erakutsiko duzu (Sal 141:5, NWT; Es 27:17).

6. Zergatik galdetu beharko genioke bere iritzia ikasleari?

6 Garrantzitsua da gure ikasleak gai bati buruz pentsatzen duena jakiteko galderak egitea. Hau eginez, ulertzen eta sinesten duena ikusiko duzu. Ohitura hau izanez, berarentzat onartzeko zailak diren gaiei buruz elkarrekin hitz egitea errazagoa izango zaizue. Gozatu bizitzaz betirako! liburuak ikaslearen iritzia jakiteko galdera asko ditu. Adibidez 4. ikasgaian honako galdera dago: «Zure ustez, nola sentitzen da Jehoba bere izena erabiltzen dugunean?». Eta 9. ikasgaian ere honako hau dago: «Zeri buruz gustatuko litzaizuke otoitz egitea?». Hasieran, zaila izan daiteke zure ikaslearentzat horrelako galderak erantzutea. Baina aipuetan eta irudietan arrazoitzen erakusten badiozu, zure ikaslea laguntzen ariko zara.

7. Nola erabili ditzakegu trebetasunez beste batzuen bizipenak?

7 Zure ikasleak zer egin behar duen ulertzen duenean, erabili beste batzuen bizipenak hori egitera animatzeko. Adibidez, zure ikasleak bileretara joateko ohitura ez badu, 14. ikasgaiko «Gehiago ikasteko» atalean dagoen Jehoba nitaz arduratu zen bideoa erakutsi ahal diozu. Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren ikasgai askotako «Sakondu» eta «Gehiago ikasteko» ataletan, horrelako bizipen gehiago aurkituko dituzu. * Ez konparatu zure ikaslea beste inorekin honakoa esanez: «Berak ahal badu, zuk ere egin dezakezu». Horren ordez, utziozu bere kabuz ondorio horretara iristen. Bideoko pertsonari biblia-irakaspenak praktikan jartzen lagundu dioten gauza zehatzei buruz hitz egin. Adibidez, biblia-aipu inportanteren bat edo egin duen gauza praktikoren bat aipatu dezakezu. Ahal den guztietan, Jehobak pertsona horri nola lagundu dion azpimarratu ezazu.

8. Nola lagundu ahal diogu gure ikasleari Jehoba maitatzen?

8 Jehoba maitatzen lagundu. Nola? Jehobaren ezaugarriak azpimarratzeko aukerak bilatuz. Lagundu zure ikasleari Jehoba Jainko zoriontsua dela eta bera maite dutenak laguntzen dituela ikusten (1 Tm 1:11; Heb 11:6). Erakutsiozu informazioa aplikatzeak asko lagunduko diola eta laguntza horrek Jehobak zenbat maite duen adierazten duela (Is 48:17, 18). Jehobari dion maitasuna handitu ahala, beharrezko aldaketak egiteko motibazio handiagoa izango du (1 Jn 5:3).

BESTE LEKUKO BATZUK EZAGUTZEN LAGUNDU

9. ⁠Markos 10:29, 30 kontuan hartuta, zerk lagundu ahal dio pertsona bati bataioraino iristeko sakrifizioak egiten?

9 Bataioraino iristeko biblia-ikasleak sakrifizioak egin beharko ditu. Lehen aipatutako gizon aberatsak bezala, ikasle  batzuek, agian, ondasunak sakrifikatu beharko dituzte. Euren lana biblia-printzipioekin bat ez badator, agian beste lan bat bilatu beharko dute. Askok, beharbada, Jehoba maite ez duten lagunak alde batera utzi beharko dituzte. Beste batzuen senideek, Jehobaren lekukoak atsegin ez dituztenez, baztertu egin ditzakete. Jesusek horrelako sakrifizioak egitea batzuentzat zaila izango zela onartu zuen. Baina, berari jarraitzen ziotenak ez zirela damutuko promestu zuen. Izan ere, Jehobak familia espiritual maitekor batekin sarituko ditu (Irakurri Markos 10:29, 30). Nola lagundu dezakezu zure biblia-ikaslea opari polit honi etekina ateratzen?

10. Zer ikasten duzu Manuelek esandakotik?

10 Egin zure ikaslearen laguna. Zure ikasleak beraz arduratzen zarela ikustea garrantzitsua da. Zergatik? Biblia-ikaslea zen garaia gogoratuz, begira zer dioen Mexikon bizi den Manuelek: «Saio bakoitza hasi aurretik, nire irakasleak zer moduz nengoen galdetzen zidan. Lasaitu egiten ninduen eta, horrela, beste edozein gairi buruz hitz egin nezakeen. Nitaz benetan kezkatzen zela sentitzen nuen».

11. Nola lagunduko die gure ikasleei gurekin denbora igarotzeak?

11 Jesusek bere ikasleekin denbora igaro zuen bezala, zuk ere zure ikaslearekin denbora igaro (Jn 3:22). Zure biblia-ikaslea bizitzan aldaketak egiten ari bada, agian zure etxera gonbidatu dezakezu kafetxo bat hartzera, zerbait jatera edo gure hileroko Broadcasting programa ikustera. Horrelako gonbidapena asko eskertuko du, bereziki festa garaian bakarrik sentitzen denean. Ugandan bizi den Kazibwe anaiak dio: «Nire irakaslearekin denbora igaroz, ikastaroan zehar Jehobari buruz ikasi nuen bezainbeste ikasi nuen. Jehobak bere zerbitzariak zenbat  zaintzen dituen eta hauek zein zoriontsuak diren ikusi nuen. Horixe zen nire bizitzan nahi nuena».

Biblia-ikastarora berri-emaile desberdinekin joaten bazara, errazagoa izango da ikaslearentzat bileretara joatea (Ikusi 12. paragrafoa) *

12. Zergatik gonbidatu beharko genituzke berri-emaile desberdinak ikastarora?

12 Berri-emaile desberdinak gonbidatu ikastarora. Batzuetan, ikastarora bakarrik edo berri-emaile berdinarekin joatea errazagoa dela pentsatu dezakegu. Zenbait egoeratan hori egitea komenigarria izan daiteke. Baina beste batzuetan berri-emaile desberdinekin joaten bagara, oso lagungarria izango zaio biblia-ikasleari. Moldavian bizi den Dimitrik dio: «Ikastarora etortzen zen berri-emaile bakoitzak gauzak bere modura azaltzen zituen. Horrek informazioa ikuspuntu desberdinetatik begiratzen lagundu zidan. Gainera, anai-arreba asko ezagutzen nituenez, nire lehen bilerara joatean ez nintzen hainbeste lotsatu».

13. Zergatik lagundu behar diogu ikasleari bileretan egoten?

13 Kongregazioko bileretan egoten lagundu. Zergatik? Jehobak bere adoratzaileei elkartzeko agintzen dielako; gure adorazioaren parte da (Heb 10:24, 25). Gainera, anai-arrebak gure familia espirituala dira. Beraiekin bileretan gaudenean, elkarrekin etxean otordu eder bat egiten ariko bagina bezala da. Zure ikasleari bileretan egoten laguntzen diozunean, bataiora zuzenduko duen pauso oso garrantzitsua hartzen lagunduko diozu. Baina ikaslearentzat pauso hori ematea zaila izan daiteke. Nola lagunduko dio Gozatu bizitzaz betirako! liburuak izaten ari den erronkei aurre egiten?

14. Nola motibatu dezakegu gure ikaslea bileretara joan dadin?

14 Gozatu bizitzaz betirako! liburuko 10. ikasgaiak zure ikaslea motibatzen lagunduko dizu. Liburu hau argitaratu baino lehen, esperientzia handiko berri-emaile batzuei euren ikasleekin erabiltzeko eskatu zitzaien. Emaitza oso onak izan zituztela eta ikasleei bileretara joaten lagundu ziela esan zuten. Noski, ez itxaron 10. ikasgaia arte zure ikaslea bileretara gonbidatzeko. Egin ezazu lehenbailehen, eta etengabe gonbidatzen jarraitu. Ikasle bakoitzak bere arazoak ditu. Beraz, adi egon bere beharrei eta eman laguntza praktikoa ahal baduzu. Ez desanimatu uste duzuna baino denbora gehiago behar badu bileretara joateko. Izan pazientzia eta segi gonbidatzen.

DITUEN BELDURRAK GAINDITZEN LAGUNDU

15. Zer beldur izan ditzakete gure ikasleek?

15 Izan al zenuen beldurrik Jehobaren lekuko izatea pentsatu zenuenean? Agian ezingo zenuela inoiz publikoki eta etxez etxe predikatu sentitu zenuen. Edo, beharbada, zure familia edo lagunak zure aurka jarriko ziren beldur zinen. Hala bada, zure biblia-ikaslearen larruan jarri zaitezke. Jesusek horrelako beldurrak izatea posible zela onartu zuen. Hala ere, beldurrak ez duela Jehoba zerbitzatzeko oztopo izan behar esan zien bere jarraitzaileei (Mt 10:16, 17, 27, 28). Nola lagundu zien Jesusek euren beldurra gainditzen? Eta nola jarraitu dezakezu bere eredua?

16. Nola irakatsi ahal diogu gure ikasleari ikasten ari denaz besteei hitz egiten?

16 Pixkanaka-pixkanaka irakatsi ikasten ari denaz besteekin hitz egiten. Jesusen ikasleak beharbada urduri egongo ziren predikatzera bidali zituenean. Baina Jesusek nori predikatu eta zer predikatu esanez lagundu zien (Mt 10:5-7). Nola imitatu dezakezu Jesus? Lagundu zure ikasleari  nori predikatu ahal dion ikusten. Adibidez, galdegiozu Bibliako irakaspenen bat ikastea lagungarria izango zaion norbait ezagutzen al duen. Gero, irakaspen hori modu errazean azaltzeko prestatzen lagundu. Egokia denean, ikaslearekin praktikatu dezakezu Gozatu bizitzaz betirako! liburuko «Zer dio jendeak?» eta «Norbaitek galdetu dezake» atalak erabiliz. Hori egitean, zer helburu izan behar duzu? Zure ikasleari erantzun errazak Biblia erabiliz eta errespetuz ematen irakastea.

17. Nola erabili dezakegu Mateo 10:19, 20, 29-31 bertsetak gure ikasleari Jehobarengan konfiantza izaten laguntzeko?

17 Jehobarengan konfiantza izaten lagundu. Jesusek bere jarraitzaileei honakoa ziurtatu zien: Jehobak maite zituenez, lagundu egingo ziela (Irakurri Mateo 10:19, 20, 29-31). Gogorarazi zure ikasleari Jehobak berari ere lagunduko diola. Ikaslearekin bere helburuei buruz otoitz eginez, Jehobarengan konfiantza izaten lagunduko diozu. Polonian bizi den Franciszek izeneko anaiak dio: «Nire irakasleak askotan aipatzen zituen nire helburuak bere otoitzetan. Jehobak otoitz horiek erantzuten zituela ikustean, ni ere berehala hasi nintzen otoitz egiten. Adibidez, nire lan berrian bilera eta biltzarrerako egun libreak behar izan nituenean, Jehobaren laguntza sentitu nuen».

18. Zer sentitzen du Jehobak kristau irakasleek egiten duten lanari buruz?

18 Jehoba gure biblia-ikasleez asko arduratzen da. Jendea berarengana gerturatzeko irakasleek egiten duten lan gogorra asko estimatzen du, eta horregatik maite ditu (Is 52:7). Oraintxe bertan biblia-ikastarorik ez baduzu zuzentzen ere, beste berri-emaileekin euren ikastaroetara joanez, ikasleei bataioraino aurrera egiten lagunduko diezu.

sjj 60. KANTA Beraien bizitza dago jokoan

^ § 5 Artikulu honetan, Jesusek jendeari bere jarraitzaile izaten nola lagundu zion aztertuko dugu, baita nola imitatu dezakegun ere. Gainera, Gozatu bizitzaz betirako! liburu berriaren ezaugarri batzuk ikusiko ditugu. Liburu hau biblia-ikasleei bataioraino iristen laguntzeko prestatu da.

^ § 7 Bizipen gehiago aurkitu nahi badituzu, jo JW Library®-ko 1) ARGITALPENAK > ARTIKULU SAILAK > BIBLIAK BIZIAK ALDATZEN DITU edo 2) MULTIMEDIA > ELKARRIZKETAK ETA BIZIPENAK ataletara.

^ § 62 IRUDIAREN AZALPENA: Anaia batek, bere emaztearekin dagoela, gizon gazte batekin Biblia aztertzen du. Beste saio batzuetan anaia desberdinak daude.