Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zergatik ez dira politikan sartzen Jehobaren lekukoak?

Zergatik ez dira politikan sartzen Jehobaren lekukoak?

Jehobaren lekukook ez gara politika kontuetan sartzen Bibliako irakaspenetan oinarritutako erlijio-arrazoiak direla eta. Ez dugu inor presiopean ipintzen, ez diegu alderdi politikoei edota hautagaiei botorik ematen, ez gara hauteskundeetan aurkezten, ezta gobernua aldatzeko saiakeretan parte hartzen ere. Jokabide hau izateko Bibliak arrazoi sendoak ematen dituela uste dugu.

  • Jesusen eredua jarraitzen dugu; berak kargu politikoak izatea baztertu zuen (Joan 6:15). «Mundukoak ez» izaten irakatsi zien Jesusek bere jarraitzaileei eta politika kontuetan ez zutela parte hartu behar ere garbi utzi zien (Joan 17:14, 16; 18:36; Markos 12:13-17).

  • Jainkoaren Erreinuari leialak gara; honi buruz hau esan zuen Jesusek: «Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau» (Mateo 24:14). Jainkoaren Erreinuko ordezkari izanik, bere etorrera aldarrikatzen dugun bitartean, ez gara inongo kontu politikoetan sartzen, ezta bizi garen eremukoetan ere (2 Korintoarrei 5:20; Efesoarrei 6:20).

  • Politika kontuetan ez sartuz, iritzi politiko guztietako jendeari askatasun osoz hitz egin diezaiokegu Jainkoaren Erreinuren berri onei buruz. Jainkoaren Erreinuak mundu guztiko arazoak konponduko dituenaren uste osoa agertu nahi dugu gure hitz eta ekintzekin (56. Salmoak 12 [56:11, NW]).

  • Banaketa politikoak baztertzen ditugunez, mundu osoko anaiarte elkartua gara (Kolosarrei 3:14; 1 Pedro 2:17). Bestalde, kontu politikoetan sartzen diren erlijioek bananduta dituzte beraien kideak (1 Korintoarrei 1:10).

Gobernuak errespetatzen ditugu. Kontu politikoetan parte hartu ez arren, bizi garen lekuko gobernuak errespetatzen ditugu. Hau Bibliak dioenarekin bat dator: «Gizaki orok izan behar du ezarritako agintarien menpeko» (Erromatarrei 13:1). Legea betetzen dugu, zergak ordaintzen ditugu eta gobernuak biztanleriaren ongizatearentzako egiten dituen saiakeretan laguntzen dugu. Gobernuen aurkako ekintzetan parte hartu ordez, biblia-aholkua jarraituz, «erregeen eta agintea duten guztien alde ere» erregu egiten dugu, batez ere, erlijio askatasunarekin zerikusia duten erabakiak hartzen ari direnean (1 Timoteori 2:1, 2).

Pertsona bakoitzak erabaki politikoak hartzeko duen askatasuna ere errespetatzen dugu. Esaterako, ez ditugu hauteskundeak eteten ezta botoa eman nahi dutenak eragozten ere.

Ideia berria al da neutraltasuna? Ez. Apostoluek eta lehen mendeko beste kristau batzuek agintariekiko jarrera berdina izan zuten. Beyond Good Intentions (Asmo onak baino gehiago) liburuak hau dio: «Agintariei beharrezko ohorea eman behar zietela uste arren, lehen kristauek ez zuten uste kontu politikoetan parte hartu behar zutenik». Era berean Origenesek, II. eta III. mendeetako historialariak, honakoa idatzi zuen: «Kristauek kargu publikoak baztertzen dituzte».

Arriskutsua ote da herrialdeen segurtasunarentzako gure jarrera neutrala? Ez. Jende baketsua gara eta agintariek ez dute arduratzeko arrazoirik. Ukrainako Zientzietako Akademia Nazionalak 2001ean egindako txosten batek hau esan zuen gure neutraltasun politikoari buruz: «Batzuek, agian, ez dute gustuko Jehobaren lekukoen jarrera; hau izan zen erregimen totalitario nazi eta komunistek beraien aurka egiteko erabili zuten arrazoi nagusia». Errepresio sobietarraren menpe ere, lekukoek «beti legea bete zuten. Zintzoki eta berekoikeriarik gabe lan egin zuten baserri kolektiboetan nahiz fabriketan eta erregimen komunistarentzat ez ziren mehatxua izan». Gaur egun, era berean, Jehobaren lekukoen sinesmenek eta ekintzek ez dutela «inongo herrialdeko segurtasuna eta osotasuna mehatxatzen» dio txostenak.