Saltatu edukira

Zergatik ez dituzte ospatzen Jehobaren lekukoek jaiegun batzuk?

Zergatik ez dituzte ospatzen Jehobaren lekukoek jaiegun batzuk?

 Nola erabakitzen dute Jehobaren lekukoek jaiegun bat ospatu edo ez?

Jaiegun bat ospatu edo ez erabaki aurretik, Jehobaren lekukoek Bibliak dioena aztertzen dute. Argi ikusi daiteke jaiegun eta ospakizun batzuk Bibliako printzipioen aurka doazela. Horrela denean, Jehobaren lekukoek ez dute parte-hartzen. Beste jaiegunei buruz, berriz, Lekuko bakoitzak bere erabakia hartzen du «kontzientzia Jainkoaren eta gizonen aurrean beti garbi» mantentzeko (Eginak 24:16).

Jaiegun bat ospatu edo ez erabakitzeko, Jehobaren lekukoek galdera batzuk aztertzen dituzte. Jarraian hauetako batzuk agertzen dira *.

  • Bibliaren aurkakoa den irakaskuntza batean oinarritzen al da jaieguna?

    Biblia-printzipioa: «Irten haien artetik, urrundu, ez ukitu ezer kutsaturik» (2 Korintoarrei 6:15-17).

    Bibliaren aurka doazen irakaspenetatik erabat baztertzeko, Jehobaren lekukoek ez dituzte ospatzen jarraian datozen ezaugarriak dituzten jaiegunak.

    Beste jainkoen sinesmenean edo adorazioan oinarritutako jaiegunak. Honakoa esan zuen Jesusek: «Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu» (Mateo 4:10). Aholku hau jarraituz, Jehobaren lekukoek ez dituzte Eguberriak, Pazkoa edo maiatzeko jaiak ospatzen, hauek Jehoba ez den beste jainkoen adorazioan oinarritzen baitira. Gainera, ondorengoak bezalako jaiegunak ere ez dituzte ospatzen:

    • Kwanzaa. Kwanzaa izenak «bere jatorria Swahiliko matunda ya kwanza hitzetan du jatorria, [honek] “lehen fruitu” esan nahi du eta jatorria Afrikaren historian jasotzen den lehen uztaren jaian oinarritzen da» (Encyclopedia of Black Studies). Askok Kwanzaa erlijioarekin zerikusirik ez duen ospakizun gisan ikusi arren, entziklopedia batek hau beste jaiegun batekin konparatzen du. Honetan, lehen fruituak «jainkoei eta arbasoei eskaintzen zaizkie beraiei esker ona adierazteko». Eta aipatu berri dugun ospakizunak eta Kwanzaak «arbasoek emandako bedeinkapenei adierazten zaien esker on» berdina adierazten dute (Encyclopedia of African Religion).

      Kwanzaa

    • Udazken erdialdeko jaialdia. «Ilargiaren jainkotasuna ohoratzeko egiten den jaieguna» da (Holidays, Festivals, and Celebrations of the World Dictionary). Ospakizun honetan, «etxeko emakumeak ahuspezten dira [...] jainkosaren aurrean» (Religions of the World—A Comprehensive Encyclopedia of Beliefs and Practices).

    • Nauruz (Nowruz). «Jaiaren jatorri zaharrenak zoroastrianismoan topatzen dira, eta egutegi zoroastrikoaren egunik sakratuenetakoa da. [...] Sinesten zenez, neguko espirituak eguerdiko espiritua (Rapithwin bezala ezagutua) hilabete hotzetan zehar lur azpian ezkutatzera behartzen zuen eta Nowruz eguneko eguerdian ospakizunak eginez ematen zitzaion harrera tradizio zoroastrikoaren arabera» (United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization).

    • Shab-e Yalda. Hau neguko solztizioan ospatzen da eta «inongo dudarik gabe Mithra [argiaren] jainkoren adorazioarekin dago lotuta» (Sufism in the Secret History of Persia). Eguzkiaren jainko erromatar eta grekoaren adorazioarekin lotura izan dezakeela ere uste da *.

    • Esker oneko eguna. Kwanzaa bezala, jainko desberdinak ohoratzen dituzten antzinako uzta ospakizunetan dago oinarrituta. Denborarekin, «antzinako tradizio hauek erlijio kristauetan barneratu ziren» (A Great and Godly Adventure—The Pilgrims and the Myth of the First Thanksgiving).

    Zortearen sinesmenean edo superstizioan oinarritutako jaiegunak. «Zorion eta Patu izeneko jainkoentzat mahaia» prestatzen dutenak Jehoba baztertzen ari direla dio Bibliak (Isaias 65:11). Beraz, Jehobaren lekukoek ez dituzte ondorengo jaiegunak ospatzen:

    • Ivan Kupala (edo San Joan gaua). «Jendearen sineskeraren arabera, [Ivan Kupala ospakizunean] zehar naturak bere indar magikoak askatzen ditu eta hauek ausardia eta zorte onari esker lortu daitezke» (The A to Z of Belarus). Jatorriz udako solztizioa ospatzen zuen jaiegun paganoa zen hau. Hala ere, «paganoek kristautasuna onartu zutenean, ospakizun hau Joan Bataiatzailearen “santu eguna” jaiegunarekin elkartu zuten» (Encyclopedia of Contemporary Russian Culture).

    • Ilargi urte berria (Txinatar urte berria edo Korear urte berria). «Urteko sasoi honetan beste edozein garaitan baino gehiago, familiaren, lagunen eta senideen ardura nagusia zorte ona izatea, jainkoak eta espirituak ohoratzea eta hurrengo urtean aberastasun ugari izatea da (Mooncakes and Hungry Ghosts—Festivals of China). Era berean, korear urte berriaren «barne, arbasoen adorazioa, espiritu txarrak usatzeko eta zorte ona izateko errituak eta urte berriak ekarri dezakeenaren igarpenak ditu» (Encyclopedia of New Year’s Holidays Worldwide).

      Txinatar urte berria

    Arima hilezkorra denaren ideian oinarritutako jaiegunak. Bibliak argi esaten du bizitza edo «arima [Jean Duvoisinen Bible Saindua]» hil egin daitekeela (Ezekiel 18:4). Hala ere, Jehobaren lekukoek ez dituzte jarraian datozen jaiegunak ospatzen arimaren hilezkortasunaren sinesmenean oinarritzen direlako:

    • Arimen eguna (Hildakoen eguna). Entziklopedia baten arabera, «hildakoak ohoratzeko» eguna da. Honakoa ere argitzen du: «Erdi aroan sinesten zutenez, egun horretan purgatorioan zeudenen arimak bizi zirenean beraien aurka gaizki jokatu zutenei agertzea zitzaizkien, mamu, sorgin, zapo edo beste modu batzuetan» (New Catholic Encyclopedia).

    • Qingming jaialdia (Ch’ing Ming) eta Mamu gosetien jaialdia. Bi jaialdi hauek arbasoak ohoratzeko ospatzen dira. Ch’ing Ming jaialdian zehar, «janaria, edaria eta billeteak erretzen dira hildakoek goserik, egarririk eta diru faltarik ez dutela ziurtatzeko» (Celebrating Life Customs Around the World—From Baby Showers to Funerals). Liburu honek ondorengoa ere esaten du sinesmen honi buruz: «Mamu gosetiaren hilabetean zehar, batez ere ilargi betea dagoen gauean, konexio handiagoa dago hildakoen eta bizien artean, beraz oso garrantzitsua da neurriak hartzea hildakoak lasaitzeko eta arbasoak ohoratzeko».

    • Chuseok. Jaialdi honetan, «ogia eta ardoa eskaintzen dira hildakoen arimentzako». Eskaintza honek «gorputza hil ondoren arima bizirik jarraitzen duenaren sinesmena» azaltzen du (The Korean Tradition of Religion, Society, and Ethics).

    Okultismoarekin loturiko jaiegunak. Honakoa dio Bibliak: «Ez bedi izan zuen artean geroa igartzeko magiazko baliabide, sorginkeria nahiz aztikeriarik erabiliko duenik, ez liluratzailerik, ezta espirituei edo hildakoei deika dabilkeenik ere. Horrelakoak egiten dituen oro higuingarri zaio Jaunari» (Deuteronomioa 18:10-12). Okultismoa erabat baztertzeko, astrologia barne (igarpen modu bat), Jehobaren lekukoek ez dituzte ospatzen ez Halloweena, ezta ondorengo jaiegunak ere:

    • Sinhala eta Tamil urte berria. «Ospakizun honekin loturiko errituen [...] barne astrologoek zorte ona emango dutela esaten duten jarduerak egitea dago» (Encyclopedia of Sri Lanka).

    • Songkran. Asiako jaialdi honen izena «Sanskrito hitzetik dator [...] eta “mugimendua” edo “aldaketa” esan nahi du eta Aries konstelazio zodiakoan eguzkiak egiten duen mugimendua adierazten du» (Food, Feasts, and Faith—An Encyclopedia of Food Culture in World Religions).

    Jesusen sakrifizioarekin amaitu zen Moisesen Legea jarraituz egiten zen gurtzarekin loturiko ospakizunak. Honako hau dio Bibliak: «Legearen bukaera, izan ere, Kristo da» (Erromatarrei 10:4, oharra). Kristauek oraindik onurak ateratzen dituzte Moisesen Legean antzinako Israeli eman zitzaizkion printzipioetatik. Hala ere, ez dituzte jaiegun hauek ospatzen, batez ere etorkizuneko Mesiasekin zerikusia dutenak, kristauek etorri zela sinesten baitute. «Hori guztia etortzeko ziren gauzen itzala besterik ez da» dio Bibliak, «errealitatea Kristo da» (Kolosarrei 2:17). Pasarte hauek eta ospakizun batzuek Bibliaren aurkako ohiturak hartu dituztela ikusirik, Jehobaren lekukoek ospatzen ez dituzten jaien artean ondorengoak daude:

    • Hanukah. Jaialdi honetan judutarren Jerusalemgo tenplua berriro eskaini zela oroitzen da. Hala ere, Bibliak Jesus Apaiz Nagusi bihurtu dela dio. Baina «sartu den etxola [edo tenplua] lehengoa baino hobea eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa» (Hebrearrei 9:11). Kristauentzat, tenplu espiritual honek Jerusalemgo tenplua ordezkatzen du.

    • Rosh Hashanah. Egutegi juduko urteko lehen eguna da. Antzina, jaialdi honetan Jainkoari eskaintza bereziak egiten zitzaizkion (Zenbakiak 29:1-6). Hala ere, Jesu Kristok, Mesias izanik, «geldiarazi» zituen «sakrifizioa eta eskaintza». Ondorioz, eskaintza hauek ez dute inolako baliorik Jainkoaren begietara (Daniel 9:26, 27).

  • Erlijioen arteko gurtza sustatzen al dute jaiegunek?

    Biblia-printzipioa «Harremanik izan ote daiteke fededunaren eta fedegabearen artean? Zein kidetasun izan dezake Jainkoaren tenpluak sasijainkoekin?» (2 Korintoarrei 6:15-17).

    Jehobaren lekukoak guztiekin baketsuak izaten eta bakoitzak sinesmenak aukeratzeko duen eskubidea errespetatzen saiatzen diren arren, ez dituzte erlijioen arteko gurtza bultzatzen duten jaiegunak ospatzen. Hauen artean ondorengo ospakizun motak topa daitezke:

    Erlijio desberdinetako jendeak elkarrekin adoratzea bultzatzen duten pertsonai edo ekintza erlijiosoei eginiko ospakizunak. Jainkoak bere herria beste erlijio batzuk zituzten jendea zegoen lurralde berri batera gidatu zuen. Honakoa esan zion bere herriari: «Ez egin hitzarmenik haiekin, ezta haien jainkoekin ere. [...] Haien jainkoak gurtuko zenituzkete zeuen galbiderako» (Irteera 23:32, 33). Horregatik, Jehobaren lekukoek ez dituzte ondorengoak bezalako jaiegunak ospatzen:

    • Loy Krathong. Tailandiako jaialdi honetan zehar, «jendeak ontzi batzuk egiten ditu hostoak erabiliz, hauetan kandelak edo intsentsu makilatxoak jartzen dituzte eta uretara botatzen dituzte. Diotenez, ontziek zorte txarra urrutira eramaten dute. Izan ere, jaialdi honetan Budak ibai ertzean utzitako aztarna sakratu bat gogoratzen da» (Encyclopedia of Buddhism).

    • Damu egun nazionala. Papua Ginea Berriko egunkari batean (The National) funtzionario batek esan zuenez, ospakizun honetan parte-hartzen dutenek «fede kristauaren oinarrizko irakaspenekin bat egiten dute». Berak esan zuenez, ospakizun honek «herrialdean printzipio kristauei bultzada bat ematen laguntze die».

    • Vesak. «Budismoaren egun sagaratuen artetik egunik sagaratuena da eta Budaren jaiotza, argiztapena eta heriotza edo Nirvana lortzea ospatzen du» (Holidays, Festivals, and Celebrations of the World Dictionary).

      Vesak

    Bibliak irakasten ez dituen ohitura erlijiosoetan oinarrituriko ospakizunak. Jesusek honakoa esan zien erlijioburuei: «Jainkoaren hitza baliogabe uzten duzue, zeuen usadioengatik». Gainera, euren adorazioa alferrikakoa zela esan zien beraien «irakaspena giza agindu hutsa» zelako (Mateo 15:6, 9). Ohartarazpen hau kontuan izaten dutenez, Jehobaren lekukoek ospatzen ez dituzten ekintza erlijioso asko daude:

    • Epifania (Timkat edo Errege eguna). Jaiegun honetan astrologoek Jesusi egin zioten bisita edo Jesusen bataioa oroitzen da. Jaiegun honek «udaberriko ospakizun pagano batzuk kristautu zituen eta hauek ur korronteen eta ibaien jainkoak ohoratzen zituzten» (The Christmas Encyclopedia). Timkatek, aurrekoarekin erlazioa duen Etiopiako ospakizun bat, «tradizioan erro sakonak ditu» (Encyclopedia of Society and Culture in the Ancient World).

    • Jasokundeko Andra Mariaren eguna. Jaiegun honetan Jesusen ama bere gorputz fisikoarekin zerura igo zenaren sinesmena ospatzen da. «Sinesmen hau [...] ez zuten lehen kristauek ezagutzen eta Idazkietan ez dago honi buruzko erreferentziarik» (Religion and Society—Encyclopedia of Fundamentalism).

    • Sorkundez Garbiaren eguna. Mariaren «sorkunde garbia ez da Idazkietan zehazki irakasten. [...] Elizaren irakaspena da» (New Catholic Encyclopedia).

    • Garizuma. Penitentzia eta barau garai hau «laugarren mendean» ezarri zen, Biblia amaitu eta 200 urtetara. Garizumaren lehen egunarekin loturik honakoa dio entziklopediak: «Asteazkenean ospatzen den Hauts-egunean Hautsa jasotzen duten fededunen ohitura unibertsala izan da 1091eko Beneventoko Sinodotik» (New Catholic Encyclopedia).

    • Meskel (edo Maskal). Etiopiako jaiegun honetan «Gurutze Santuaren (Jesus gurutziltzatua izan zeneko gurutzea) aurkikuntza» ospatzen da «sutzarrak piztuz eta hauen inguruan dantza eginez» (Encyclopedia of Society and Culture in the Medieval World, parentesiak entziklopedian bertan agertzen dira). Hala ere, Jehobaren lekukoek ez dute gurutzea beraien gurtzan erabiltzen.

  • Goratzen al du jaiegunak gizakiren, erakunderen edo sinbolo nazionalen bat?

    Biblia-printzipioa: «Honela dio Jaunak: “Madarikatua konfiantza gizakiagan duena, giza indar hutsean oinarritzen dena eta niregandik urruntzen!”» (Jeremias 17:5).

    Jehobaren lekukoak jendearengatik arduratzen diren eta beraiengatik otoitz egiten duten arren, ez dute jarraian adierazten diren ospakizun motetan parte-hartzen:

    Gobernari edo pertsonaren bat ohoratzen duten jaiegunak. Honakoa dio Bibliak gure onerako: «Ez jarri, beraz, zeuen ustea gizakiagan, arnasaldi bat besterik ez baita: zertarako balio lezake?» (Isaias 2:22). Horregatik, Jehobaren lekukoek ez dituzte errege edo erreginen urtebetetzeak ospatzen, esaterako.

    Nazioko banderarekin loturiko ospakizunak. Jehobaren lekukoek ez dute Banderaren eguna ospatzen. Zergatik ez? Bibliak hau dioelako: «Idoloetatik iges egin ezazute» (1 Joan 5:21, Biblia, José Antonio Uriarte). Batzuek ez dute bandera idolotzat hartzen, hau da, gurtzeko objektu gisa. Baina, Carlton J. H. Hayes historialariak honakoa idatzi zuen: «Bandera da nazioko fedearen sinbolo printzipala eta adoratzeko objektu nagusia».

    Santu bat ohoratzen duten ospakizun edo jaiegunak. Zer gertatu zen Jainkoari begirune zion gizon bat Pedroren aurrean ahuspeztu zenean? Bibliak dio: «Pedrok zutiarazi egin zuen, esanez: “Altxa zaitez, gizaki hutsa naiz ni ere”» (Eginak 10:25, 26). Ez Pedrok, ezta beste apostoluek ere, ez zutenez ohore berezirik edo gorespenik onartu, Jehobaren lekukoek ez dute santutzat hartzen direnenak ohoratzen diren ospakizunetan parte-hartzen. Azter ditzagun adibide batzuk:

    • Santu guztien eguna. «Santu guztiak ohoratzeko ospakizuna [...] Ospakizun honen jatorria ez da oso ziurra» (New Catholic Encyclopedia).

    • Guadalupeko Andra Mariaren eguna. Ospakizun honetan «Mexikoko patroi santua» ohoratzen da. Hau Jesusen ama Maria dela sinesten dute batzuk. 1531. urtean mirariz nekazari bati agertu zitzaiola esaten dute (The Greenwood Encyclopedia of Latino Literature).

      Guadalupeko Andra Mariaren eguna

    • Santuaren eguna edo Onomastika. «Onomastika haurrak bere bataio-egunean edo bere sendotza-egunean jaso duen izenaren santua ospatzen den eguna da». Gainera, egun honetan «erlijioarekin lotura handia duten ekintzak egiten dira» (Celebrating Life Customs Around the World—From Baby Showers to Funerals).

    Mugimendu politiko edo sozialekin loturiko ospakizunak. Hau dio Bibliak: «Hobe da Jaunarengan babestea gizakiaz fidatzea baino» (Salmoak 118:8, 9). Arazoak gizakiak ez dituela konponduko uste dutela azaltzearren, Jehobaren lekukoek ez dute mugimendu politiko edo sozialetan parte-hartzen. Esaterako, ez dituzte Gazteen egun internazionala edo Emakumeen egun internazionala ospatzen atzetik kanpaina politiko edo sozialak dituztelako. Era berean, ez dira Askatasun eguna edo antzeko ospakizunetara elkartzen. Horren ordez, Jainkoaren Erreinuak berdintasun ezaren eta arrazakeriaren arazoak konponduko dituenaren konfiantza dute (Erromatarrei 2:11; 8:21).

  • Nazio bat edo talde etniko bat beste baten gainetik jartzen al du jaiegunak?

    Biblia-printzipioa: «Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan» (Eginak 10:34, 35).

    Jehobaren lekukoek bizi diren herrialdeari estimua izan arren, ez dute herrialde bat edo talde etniko bat beste baten gainetik jartzen dituzten ospakizunetan parte-hartzen:

    Indar armatuak ohoratzeko ospakizunak. Jesus baketsua izan zen eta honakoa esan zien bere jarraitzaileei: «Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde» (Mateo 5:44). Ondorioz, Jehobaren lekukoek ez dute soldaduak ohoratzen dituzten ospakizunetan parte-hartzen, ondorengoak esaterako:

    • Anzac eguna. «Anzac izenak Australiako eta Zeelanda Berriko Indar Armatuak esan nahi du» eta «pixkanaka-pixkanaka gerran hildako guztiak oroitzeko eguna izatera iritsi da» (Historical Dictionary of Australia).

    • Erorien eguna (Oroipen eguna, Oroipen Igandea edo Oroimen eguna). Ospakizun honetan «indar armatuetako beteranoak eta herrialdearen gerretan hildakoak» ohoratzen dira (Encyclopædia Britannica).

    Independentzia eguna edo nazioaren historiarekin loturiko ospakizunak. Honakoa esan zuen Jesusek bere jarraitzaileei buruz: «Ez dira mundukoak, neu ere mundukoa ez naizen bezala» (Joan 17:16). Nazioaren historiari buruz interesatu arren, Jehobaren lekukoek ez dute parte-hartzen ondorengoak bezalako ospakizunetan:

    • Australiako Eguna. Ospakizun honetan «1788an soldadu ingelesak bere bandera altxatu eta Australia kolonia berri gisa izendatu zuten eguna» oroitzen da (Worldmark Encyclopedia of Cultures and Daily Life).

    • Guy Fawkes-en Gaua. «Ospakizun nazionaleko egun honetan Guy Fawkes eta bere aldeko katoliko batzuk James I erregea hil eta [Ingalaterrako] parlamentua lehertzeko arrakastarik gabeko ahaleginak oroitzen dira» (A Dictionary of English Folklore).

    • Indenpendentzia eguna. Nazio askotan bere herrialdea beste batetatik askatu zeneko eguna oroitzen dute.

  • Ospakizun hau jarrera moralgabea eta gehiegikeriak izaten direlako ezaguna al da?

    Biblia-printzipioa: «Nahiko denbora egin duzue lehen ere jentilen erara biziz: lasaikeria eta biziotan, jan-edan eta mozkorkerian, eta idolatria gaitzesgarritan» (1 Pedro 4:3).

    Printzipio hau jarraituz, Jehobaren lekukoek jendea mozkortzen den edo kontrolik gabeko festetan parte-hartzea baztertzen dute. Jehobaren lekukoei beraien lagunekin denbora pasatzea gustatzen zaie. Edari alkoholikoak hartzea erabakitzen dutenek, neurriz egiten dute. Bibliako aholku hau jarraitzeko ahal duten guztia egiten dute: «Nolanahi ere, nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egin, egizue dena Jainkoaren aintzarako» (1 Korintoarrei 10:31).

    Era berean, Jehobaren lekukoek ez dituzte Bibliak gaitzesten dituen jarrerak izaten diren jaiegunak ospatzen, inauteriak edo antzeko jaiak esaterako. Hauen barne Purim jai judua ere aurkitzen da. Denboran zehar Purima K. a. V. mendean juduak askatuak izan zirela oroitu izan den arren, gaur egun, «nahiz eta oroitzapen horren arrastoak geratu, juduen inauteriak bezala ezagutzen dira». Parrandazale askorentzat «mozorrotzearekin (askotan emakumeen arroparekin), jokaera zoro eta neurrigabea izatearekin, alkohol gehiegi edatearekin eta zarata handia egitearekin lotzen da» (Essential Judaism).

 Maite al dituzte Jehobaren lekukoek beraien familiak jaiegun zehatz batzuk ez ospatu arren?

Bai. Bibliak familia-kide guztiak maite eta errespetatu behar direla erakusten du beraien fedea axola gabe (1 Pedro 3:1, 2, 7). Normala da Jehobaren lekuko batek ospakizun batzuetan parte-hartzeari uzten dioenean familia-kide batzuk nahigabetuta, minduta edo traizionatuta sentitzea. Horregatik, Jehobaren lekuko askok beraien familia-kideei maite dituztela ziurtatzen diete, beraien erabakia zergatik hartu duten azaltzen saiatzen dira eta beste une batzuetan denbora beraiekin pasatzen dute.

 Esaten al diete Jehobaren lekukoek besteei jaiegun zehatz batzuk ez ospatzeko?

Ez. Bakoitzak bere erabakia hartu behar duela uste dute (Josue 24:15). Jehobaren lekukoek honakoa praktikan jartzen dute besteen sinesmen erlijiosoak kontuan izan gabe: «Errespetatu guztiak» (1 Pedro 2:17).

^ § 2 Artikulu honek ez ditu aipatzen Jehobaren lekukoek ospatzen ez dituzten jaiegun guztiak, ezta gai honi buruzko biblia-printzipio guztiak ere.

^ § 10 Mithra, Mithraism, Christmas Day & Yalda, K. E. Eduljee-k idatzia, 31-33 orrialdeak.