Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Jehobaren lekukoak

Euskara

Itsas hondoan oinez predikatzeko asmoz

Itsas hondoan oinez predikatzeko asmoz

Ipar itsasoan, Schleswig-Holstein alemaniar estatuaren mendebaldeko kostaldetik gertu, 300 bat pertsona bizi dira Halligen izeneko sakabanatutako irlatxoetan. Nola entzuten dute hauek Jehobaren lekukoek zabaltzen duten Bibliaren mezua? (Mateo 24:14).

Lekukoak ferryz heltzen dira irlatxo batzuetara. Beste uhartetxo batzuetan bizi den jendearekin hitz egiteko, ordea, lekuko talde txiki batek beste era bat erabiltzen du: bost bat kilometro egiten dituzte oinez itsas hondoan zehar. Nola da hau posible?

Itsasaldiez baliatzen dira

Gakoa itsasaldietan dago. Sei bat orduro, Halligen eremuko Ipar itsasoaren mailak gora edo behera egiten du 3 metro inguru! Itsasbeheran ozeanoko zoruaren eremu zabalak agerian gelditzen dira eta lekukoak uharteetako hirutara oinez irits daitezke.

Nolakoa da bidaia? «Halligen uhartetxoetako batera iristeko pare bat ordu ibili behar dugu» dio Ulrichek, taldea zuzentzen duen esperientziadun gidariak. «Gehienetan, oinutsik ibiltzen gara. Hau da itsas hondoan ibiltzeko modurik erraz eta erosoena. Eguraldia hotza denean, berriz, botak janzten ditugu».

Paisaia bitxia da. «Beste planeta batean gabiltzala dirudi» dio Ulrichek. «Itsas hondoaren eremu batzuk lohitsuak dira, beste batzuk harritsuak eta eremu batzuk itsas belarrez estaliak daude. Itsas txori, karramarro eta beste animalia batzuen multzoak ikusten ditugu». Noizean behin, taldeak paduretan itsasaldien ondorioz sorturiko errekatxoak gurutzatu behar izaten dituzte, alemanez Priele deituak.

Ibilaldia egiten dutenek erronkak ere badituzte. Honakoa dio Ulrichek: «Oso erraza da han galtzea, batez ere, behe-lainoa sartzen denean. Horregatik iparrorratza nahiz GPS gailuak erabiltzen ditugu eta ordutegi zorrotza jarraitzen dugu itsasgorak harrapa ez gaitzan».

Halligen irlatxoetako batean predikatzen

Merezi al dute egindako ahaleginek? Ulrichek 90 urte baino gehiago dituen eta gure aldizkariak irakurtzeko ohitura duen gizon baten bizipena kontatu digu. «Behin, denbora gutxi genuenez, ezin izan genuen gizon hori bisitatu. Baina gu joan aurretik, gizona bere bizikletan etorri eta honakoa esan zigun: “Ez al didazue nire Atalaya eman behar?” Eta noski, poz handiz eman genion!».

Ikasi gehiago

NOR ARI DA JEHOBAREN NAHIA EGITEN?

Nola dago antolatua Jehobaren lekukoon predikatze-lana?

Jesusek lurrean izan zenean ipini zuen eredua jarraitzen dugu. Zein dira predikatzeko era hauek?