Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Jehobaren lekukoak

Euskara

Lan-orduz kanpo dagoen suhiltzaile batek biziak salbatzen ditu

Lan-orduz kanpo dagoen suhiltzaile batek biziak salbatzen ditu

2014ko urtarrilaren 5ean, igandea, Serge Gerardin Paris inguruko Jehobaren lekukoen biltzar batera autobusez zihoala, istripu beldurgarri bat ikusi zuen. Honela dio: «Kotxeak zubia babesten zuen hormigoizko harresi baten aurka talka egin eta airean atera zen. Orduan, zubia jo, su hartu eta buruz behera geratu zen».

Sergek suhiltzaile gisa 40 urte baino gehiago zeramatzan lanean. Brigada batetako kapitain izanik, berehala erreakzionatu zuen. Honela azaltzen du gertatua: «Autobidearen beste norabidean joan arren, gidariari autobusa geratzeko eskatu eta sutan zegoen ibilgailura joan nintzen korrika». Iristean, «Lagundu, lagundu!» oihuak entzun zituen. Hau dio Sergek: «Trajea eta gorbata neramatzan eta ez nuen babes ekipamendurik. Baina oihu haiek salba nezakeen jendea zegoela adierazi zidaten!».

Kotxea inguratzean, Sergek zorabiatutako bidaiari bat ikusi eta babesean jarri zuen. Berak dio: «Kotxean beste bi bidaiari zeudela esan zidan. Ordurako kotxe dezente gelditu ziren. Baina bero eta sugar handiengatik jendea ezin zen ibilgailura hurbildu».

Kamioi gidari asko joan ziren su itzalgailuekin. Sergen esana jarraituz, hauek erabili eta sugarrak itzaltzea lortu zuten denbora batez. Gidaria kotxe azpian geratu zen ezin irtenda. Beraz, Serge eta beste batzuen laguntzaz ibilgailua altxatu eta gidaria babesean jarri zuten.

Sergek dio: «Une horretan, bat-batean, kotxeak su hartu zuen!». Baina bidaiari batek oraindik segurtasun uhaletik zintzilik jarraitzen zuen. Lan orduz kanpo zegoen beste suhiltzaile bat iritsi zen motorzalez jantzita. «Kotxea lehertzear zegoela adierazi nion» dio Sergek. «Beraz, gizona besoetatik tiraz ateratzea erabaki eta hala egin genuen». Ez zen minutu bat pasa eta autoak eztanda egin zuen.

Suhiltzaile eta medikuak iristean, zaurituez arduratu eta sutik urrundu zituzten. Sergek ere bere eskuetako ebaki eta erredurak sendatzeko laguntza jaso zuen. Biltzarrera joateko autobusera igotzean, hainbat gizon hurbildu zitzaizkion eskerrak emateko.

Serge laguntza emateko bertan egon izanaz pozik dago. «Jehobarekiko, nire Jainkoarekiko, bizitza horien ardura nuela sentitu nuen. Pertsona horiei bizia salbatzen laguntzeak poztasuna ematen dit».