Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Jehobaren lekukoak

Euskara

Galaadeko biblia-eskolako 137. ikastaldearen graduazioa

Galaadeko biblia-eskolako 137. ikastaldearen graduazioa

2014ko irailaren 13an, Galaadeko biblia-eskolako 137. ikastaldea Jehobaren lekukoen hezkuntza gunean graduatu zen, Pattersonen (New York). Eskola honen helburua, jadanik esperientziadunak diren Jehobaren lekukoak trebatzea da, egokitu zaizkien kongregazio eta sukurtsaletako anai-arreben fedea sendotzeko. Guztira, 12.333 lagunek entzun zuten programa hau, bai Pattersonen bertan, baita bideo-konexio bidez Kanada, Jamaika, Puerto Rico eta Estatu Batuetako toki batzuetan ere.

Samuel Herd, Zuzendari-batzordeko kidea, bileraburua izan zen. Hasierako hitzetan, Jehobaren pentsamenduak gureak baino altuagoak direla azpimarratu zuen (Isaias 55:8, 9). Nahiz eta bost hilabetez beraien buruak Jainkoaren pentsamenduekin bete, Galaadeko ikasleak azala besterik ez zutela ukitu adierazi zuen, «haren egindakoen -sortarazitakoen- ertzak» ezagutzea lortuz (Job 26:14, Olabideren Itun Zâr eta Berria). Jainkoaren pentsamenduak aztertzeko biltzen garen bakoitzean onurak ditugula eta graduazio programa hau ez zela bestelakoa izango esan zuen Herd anaiak.

«Espirituaren fruitua hau da: [...] pazientzia» (Galaziarrei 5:22). John Larsonek, Estatu Batuetako sukurtsal-batzordeko kideak, espirituaren fruituko osagaia den pazientzia azaltzeko bi modu azpimarratu zituen. Lehenik, Jehobarekin pazientzia izan behar dugu, trebatzen eta fedean tinko mantentzen laguntzen digun artean (1 Pedro 5:10). Abraham Jehobak trebatu eta berari hitz emandakoa bete zuen bitartean pazientzia azaltzearen eredu bikaina izan zen (Hebrearrei 6:15).

Bigarren, geure buruekin pazientzia izan behar dugu. Galaaden trebakuntza izan ondoren, ikasleek euren buruari gehiegi eskatu diezaiokete. Euren eginkizunetara itzuli eta berehala ez bazaie ondo joaten, honakoa galde diezaiokete euren buruari: «Zertan nabil gaizki?». Larson anaiak, bere bizipenetan oinarriturik, Jainkoak beraien prestaketa amaitzen duen bitartean, beraien buruekin pazientzia izanez eta lanean gogor jarraituz zailtasunei aurre egin diezaieketela azaldu zien (Hebrearrei 6:11, 12).

«Mantendu bihotzak apal eta betiko bizi!». Zuzendari-batzordeko Anthony Morrisek gai hau 22. Salmoa 27an oinarritu zuen [22:26 beste biblia-itzulpen batzuetan]. Bertsetaren azken zatia literalki «Bizi dadila haien bihotza betiko!» itzuli daiteke. Bedeinkapen hau jasotzeko, apalak izan behar dugu. Morris anaiak apalak ez bagara, Jehobarentzako erabilgarriak izateari utziko diogula azpimarratu zuen. Gutako edozeinek, baita aspaldidanik kristauak direnek ere, Jesu Kristo bezalakoak izatearen garrantzia begien bistatik galdu dezake (2 Pedro 1:9).

Apaltasuna azaldu zutenen eta ez zutenen ereduak ditugu Idazkietan. Herodes Agripak arro-arro onartu zituen jendearen lausenguak. Honela, Jainkoari zegokion aintza berari eman zioten. Horren ondorioz, Jainkoaren aingeruak jo eta harrek edo zizarek jan zuten (Eginak 12:21-23). Bestalde, Jesusek Pedrori errieta egin zion bere asmoak ez baitziren «Jainkoarenak, gizakiarenak baizik». Honen ostean, dirudienez Pedro ez zen ez muturtu ezta haserretu ere (Mateo 16:21-23). Diziplina onartu zuen eta, hortaz, apaltasunaren eredu bilakatu zen (1 Pedro 5:5).

Ikasleetariko batzuk Betelen egingo zuten lan, hau da, Jehobaren lekukoen sukurtsaletan. Morris anaiak apaltasunik gabe euren eginkizunez ez dutela gozatuko ohartarazi zien. Hala ere, zaila izaten da apaltasun falta norberarengan antzematea. Gakoa azpimarratzeko, duela urte asko arduradun bati apala ez izateagatik aholkatu zitzaionean, sukurtsalera idatzi zuela azaldu zuen. Arduradun honek gutunean «ezagutzen dudan gizonik apalena naiz» esan zuen. Morris anaiak jarrera hori baztertzera animatu zien ikasleei. Apal izaten jarraitzeko euren ardurei gehiegizko garrantzia eman beharrean, aginpidea Jehoba eta Jesu Kristori dagokiela aitortu behar dute.

«Neurririk gabe ematen baitu bere espiritua» (Joan 3:34). Galaadeko irakaslea den Michael Burnet-ek, espiritu santuak euren eginkizunetan izango dituzten zailtasun nahiz zalantzei aurre egiten lagunduko diela gogoratu zien ikasleei. Jainkoaren espirituak Betzalel lagundu zuen elkarketa-etxola eraikitzeko eman zitzaion eginkizunean (Irteera 35:30-35). Espiritu santuak Betzalelek artisau izanik berez zituen gaitasunak areagotzeaz gain, besteei irakasteko prestatu zuen. Espiritu santuak Galaadeko ikasleekin berbera lor dezake, batez ere, ikastaroan aztertu zuten Bibliako irakasteko era jarraitzen badute.

Betzalelen garaian, emakume israeldarrek ere garrantzia handiko eginkizuna bete zuten elkarketa-etxolaren eraikuntzan (Irteera 35:25, 26). Era berean, ikasgelako emakumeek beraien senarrak laguntzen zituzten heinean, «trebeak» zirela erakutsi zuten. Burnet anaiak ikasleei aholku hau emanez amaitu zuen: «Orekatu berez dituzuen gaitasunak apaltasunarekin eta esanekoak izatearekin. Hala eginez gero, Jehobak bere espiritua neurririk gabe emango dizue».

«Nirekin dantza egin nahi al duzu?». Irakaskuntza Batzordeko laguntzailea den Mark Noumair-ek Dabid erregea jarri zuen eredutzat, itun-kutxa Jerusalemera eraman zuenean gertatu zena azalduz (2 Samuel 6:12-14). Itun-kutxa bueltan eraman zutenean, Dabidek apaltasuna azaldu zuen bere mirabeekin dantzan pozik ibili zenean (2 Samuel 6:20-22). Mirabe horiek ez zuten sekula ahaztuko Dabid erregeak beraiekin dantzan ibili zen egun hura. Noumair anaiak mirabeekin dantza egiteko eskatu zien ikasleei. Hau galdetu zien: «Ezaguna izango al zara ardura txikiak edo ardurarik ez dituztenak laguntzeagatik? [...] Estimatuko al dituzu anai-arrebak dituzten ezaugarri espiritualengatik?».

Graduatuek era horretan maitasun leiala azalduz gero, Jehoba imitatzen arituko dira (113. Salmoa 6, 7). Nahiz eta euren inguruko batzuk apalak izatean huts egin, ikasleek ez dute utzi behar inperfekzio horiek eurengan eraginik izaten. «Garrantzitsuak ez zaretela pentsatu» esan zuen Noumair anaiak, honakoa gehituz: «Tratatu Jehobaren ardiak berak egingo lukeen modu berdinean».

«Une apropos guztietan predikatu». Biblia-eskolen Sailaz arduratzen den William Samuelsonek Paulo apostoluak berri onak zabaltzeko aukera guztiak erabiltzen zituela azaldu zuen (Eginak 17:17). Ondoren, Samuelson anaiak Galaadeko ikastaroa izan zuten bitartean predikatzean izandako bizipenak antzezteko eskatu zien ikasleei. Adibidez, bikote batek saltzaile bat topatu zuen janari denda batean. Jende gutxiago zegoen unea itxaron ostean, Zergatik Biblia ikasi? bideoa erakutsi zioten emakumeari. Gainera, jw.org erakutsi zioten, bertan laoseraz, hau da, bere ama hizkuntzan informazioa aurkitu zezan. Bikoteak itzuli eta emakumearen interesa lantzeko aukera izan zuen.

«Jarraitu Jainkoaren zerbitzurako prest». William Nonkes-ek, Estatu Batuetako Berri Onen Zabaltze Sailean lan egiten duenak, graduaturiko lau ikasle elkarrizketatu zituen. Ikasleak Isaias 6:8 jarraituz, jadanik Jainkoaren zerbitzurako prest azaldu ziren, baina eskolak oraindik gehiago egiteko trebatu zituen. Snolia Maseko arrebak Galaadek hobetu behar zituen eremuak azaldu zizkiola adierazi zuen, batez ere, denbora egoki erabiltzean, baita eguna predikatzen igaro ondoren ere. Hau esan zuen: «Ikastaroak nire mugak nik uste nuena baino gehiago zabaldu ditu». Sofonias 3:17ak predikatzean adorerik ez galtzen lagundu ziezaiokeela ikasi zuen Dennis Nielsen anaiak. «Predikatzen ari banaiz eta emaitzak ez badira onak, Jehoba pozez oihuka dagoela gogoratu behar dut» esan zuen Nielsen anaiak, ondorengoa aitortuz: «Eta nik berdina egin behar nuke».

«Begira arretaz aireko hegaztiei» (Mateo 6:26). Zuzendari-batzordeko Stephen Lett-ek egin zuen programako hitzaldi nagusia. Lett anaiak guretzako hainbat irakaspen aztertu zituen Jesusek aireko hegaztiei arretaz begiratzeko irakaspenean oinarrituz (Job 12:7).

Esaterako, Jehobak hegaztiei jana ematen dien bezala, gure beharrak ere aseko ditu. Denok Jainkoaren etxeko kideak gara eta berak «beretarrez eta etxekoez bereziki arduratzen» dela ziurtatzen digu (1 Timoteori 3:14-15; 5:8). Noski, guk ere lan egin behar dugu. Hegaztiek Jainkoak emandako jana bilatu behar duten bezala, «batez ere, Jainkoaren erregetzaz» arduratu behar dugu berak bedeinka gaitzan (Mateo 6:33).

Lett anaiak, honekin batera, hegazti asko arriskuan sentitzen direnean abisu-soinua egiten dutela azaldu zuen. Era berean, guk ere besteei abisu eman behar diegu aproposa denean, esaterako, «norbait hutsegiteren batean aurkituko» bagenu (Galaziarrei 6:1). Eta predikatze-lanaren bidez «Jaunaren egun handia» laster datorrela abisatzen dugu (Sofonias 1:14). Beste adibide batean, Lett anaiak hegazti migratzaileek mendi altuen gainetik hegan egiten duten bezala, guk ere, Jehobaren laguntzarekin, gaindiezinak diruditen oztopoei aurre egin diezaiekegula azaldu zuen (Mateo 17:20).

Amaiera. Ikasleek diplomak jaso ondoren, hauetariko batek ikastaldearen eskerroneko gutuna irakurri zuen. Azken iruzkinetan, Herd anaiak Jehobaren pentsamenduak gure bihotzean finko izatearen prozesua trenbide batean iltzeak sartzearekin konparatu zuen. Hainbat mailukada behar dira iltzea trenbide-trabesean finkatzeko. Era berean, graduatuek Galaaden ikasitakoan pentsatzen jarraitu behar dute. «Hartu denbora ikasitakoa bihotzean finkatzeko» esan zuen Herd anaiak. Ondoren, honakoa ere esan zuen: «Jarraitu Jainkoaren pentsamenduak eta, ondorioz, bedeinkapenak izango zarete».