Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Jehobaren lekukoak

Euskara

2014ko urteroko bileraren txostena

Jainkoaren erregetzaren 100. urtemuga!

2014ko urteroko bileraren txostena

2014ko urriaren 4an, 19.000 pertsona bildu ziren Watch Tower Bible and Tract Society of Pennsylvaniaren 130. urteroko bilerarako. Bilera Jehobaren lekukoen Jersey Cityko (New Jersey, AEB) biltzar-aretoan egin zen eta bideoz beste zenbait lekutan jarraitu ahal izan zen.

Jehobaren lekukoen Zuzendari-batzordeko kide den Mark Sanderson anaia bileraburu izan zen. Bere lehen hitzetan, urte honetako bilera historikoa zela adierazi zuen, Erreinu mesianikoaren ezarpenaren 100. urtemuga oroitzen baitzuen.

Sanderson anaiak, Erreinuak 100 urte hauetan zehar lortutako 3 lorpen berrikusi zituen:

  • Mundu-mailako predikatze-lana. Jehobaren bedeinkapenarekin bere herriak nekatu gabe jardun du lanean Erreinuko berri onak zabaltzen. 1914. urtean berri-emaile kopurua milaka gutxi batzuk izatetik, 2014ko zerbitzu urtean zehar 8.000.000 baino gehiago izatera pasa da. Gogotsu predikatzen jarraituko dugu Jehobak lana egina dagoela esan arte.

  • Erreinuaren hiritarrei babesa. Erlijioburu eta agintari politikoek errukigabe egin dute gure aurka, Jehobaren lekukoak erabat suntsitzen saiatuz. Hala ere, Jehobak bere adoratzaileen taldea babestu du. Legalki lortutako garaipen desberdinek, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenean eta Giza Eskubideen Europako Auzitegian lortutakoek, besteak beste, Jehobak gu zaintzen jarraitzen gaituela baieztatzen digute.

  • Mota guztietako jendearen batasuna. Jainkoaren Erreinuak jatorri, herrialde eta hizkuntza desberdinetako pertsonak elkartu ditu. Horretarako zailtasun asko gainditzen lagundu die eta adoratzaile talde elkartua osatu du. «Hau Jehobak bakarrik egin dezakeen miraria da» esan zuen Sanderson anaiak. Eta berriro errepikatu zuen gonbidatu guztientzat ohore handia zela urteroko bilera historiko honetan izatea.

Izan Jehobaren laguna bideo-saila.

Bi urte baino gehiagoz gozatu dugun bideo-sail hau izan zen bilerako hurrengo gaia. Lehendabizi, Sanderson anaiak herrialde ezberdinetako haur batzuei egindako elkarrizketen bideo bat aurkeztu zuen. Entzuleak hunkituta gelditu ziren haurren bihotzezko adierazpen zintzoengatik. Haurrek, bideoetan ikasitakoarengatik esker ona agertu zuten.

Bideo-sail honetako ausardiari buruzko atal berri bat ikusi zen. 12 minutuko bideo honek, Naamanen emazteari hitz egin zion israeldar neskatxa ausartaren pasartea azaltzen du (2 Erregeak 5:1-14). Bideoa jw.org webgunean 2014ko urriaren 6an, astelehenean, zintzilikatu zen eta 20 hizkuntza baino gehiagotan dago eskuragarri.

JW Language.

Sanderson anaiak, gailu digitalentzako aplikazio berri bat aurkeztu zuen. Beraien predikatze-lana zabaltzeko hizkuntza berri bat ikasten ari diren Jehobaren lekukoentzat lagungarri izango da aplikazio hau. Honek, 18 hizkuntzatan 4.000 hitz eta esaldi baino gehiago ditu. Hitz, esaldi, aurkezpen eta eduki gehiago jartzeko prestaketak egiten ari dira.

JW Broadcasting.

Entzuleria Jehobaren lekukoen internet bidezko telebista kate berri bati buruz jakitean poztu zen. Froga moduan ingelesez bakarrik atera zen. Brooklynetik (New York, AEB) emitituz, kate honek gure bideoak, musika eta Bibliaren irakurketa dramatizatuak transmitituko ditu. Gainera, Zuzendari-batzordeko kide batek edo batzordeetako laguntzaileren batek aurkeztuko duen hileroko saio bat ere emango da.

Sanderson anaiak lehen saioaren aurrerapen bat erakutsi zuen. Zuzendari-batzordeko kide den Stephen Lettek aurkeztua, saio honetan telebista katea nola prestatu zen erakusten zuen bideo bat ikus daiteke. JW Broadcasting 2014ko urriaren 6an hasi zen emititzen eta tv.jw.org-n ikusi daiteke.

«Erreinua: 100 urte eta gehitzen».

Zuzendari-batzordeko kide den Samuel Herd, Jainkoaren Erreinuak pixkanaka gure predikatze-lanean hazten eta hobetzen nola lagundu gaituen azaltzen duen bideo baten narratzailea izan zen. Irudi historikoak, antzezpenak eta esperientzia luzeko Jehobaren lekukoek kontatutako bizipenak ikusten dira bideoan. Sorkuntzaren foto-drama, fonografoaren erabilera, testigantza txartelak, martxak pankartekin, bozgorailudun autoak eta predikatze-lanerako prestatzeko eskolak bezalako ekimenak azpimarratzen dira bideo honetan.

Zein onura ditugu 100 urte hauetan Erreinuak lortutakoari buruz hausnartzean? Erreinua benetakoa dela argiago ikusten dugu eta etorkizunean lortuko duenari buruzko jakin mina handitzen zaigu.

Gurtzarako kantak.

Zuzendari-batzordeko kide den David Splanek, gonbidatu guztiak poztu zituen Kantatu Jehobari kanta-liburua berrikusiko dela esatean. New Word Translation biblia-itzulpenak duen azal berdina izango du eta ertzak ere zilar kolorekoak izango ditu. Kalitate handiko material hauek erabiltzeak gure gurtzan musikak duen garrantzia erakusten du.

Splane anaiak ere kanta liburuari abesti berriak gehituko zaizkiola iragarri zuen. Baina kanta berriak erabiltzen hasteko ez dugu kanta liburu berriaren zain egon beharrik, hauek prest egotean jw.org webgunean jarriko baitira.

Aste horretan, Betel familiak hiru kanta berriren proba saioak egin zituen eta hauek, ondoren, bileran abestu ziren. Splane anaia izan zen abesti berria kantatu zuen koroaren zuzendaria. Kantaren izenburua «¡Que venga el Reino establecido por Dios!» edo «Le Royaume est né: qu’il vienne !» da. Kanta hau Erreinuaren 100. urtemuga ospatzeko egin zen bereziki. Koruak kanta abestu ondoren, gonbidatu guztiek berarekin batera kantatu zuten. Ondoren, elkarrekin beste kanta berri bat abestu zuten. Honen izenburua «Danos fuerzas y valor» edo «Donne-nous de la hardiesse» da.

Elkarrizketa.

Zuzendari-batzordeko kide den Gerrit Löschek aurrez grabatutako elkarrizketa aurkeztu zuen. Bertan, Betelen hamarkadak daramatzaten hiru senar-emazte elkarrizketatu ziren. Urteetan zehar ikusi dituzten aldaketak kontatu zituzten, Jainkoaren herria beti mugimenduan dagoela azpimarratuz. Lösch anaiak, erakunde-hobekuntzak Biblian iragarri zirela adierazi zuen eta guztiei Jehobaren erakundearekin batera aurrera jarraitzearen premia agertu zien (Isaias 60:17).

«Aurreirudi eta irudiak».

Hitzaldia Splane anaiak egin zuen. Bertan, azken urteetan gure argitalpenek aurreirudi eta irudiei buruz zergatik ez duten hitz egin azaldu zuen.

Lehen, Biblian aipaturiko gizon-emakume fededun asko gaur egungo kristau leialen aurreirudi zirela esaten zen. Era berean, Bibliako pasarte batzuk profetikoak zirela uste zen, egungo Jainkoaren zerbitzariekin zerikusia duten gertakarien aurreirudiak zirela, hain zuzen ere. Egia esan, konparaketa hauek aztertzea oso interesgarria izan daiteke. Beraz, zergatik hitz egiten da hain gutxitan aurreirudi eta irudiei buruz gure azken argitalpenetan?

Bibliak pertsonaia edo gertaera batzuk geroago izango ziren pertsonaia edo gertaera handiagoen aurreirudi zirela agertzen du. Bibliak, aurreirudi eta irudiaren artean lotura garbia egiten duenean, gustura onartzen dugu. «Baina Bibliak ezer ez dioenean, guk ere ez dugu ezer esaten» esan zuen Splane anaiak. Pasarte batean esanahiak bilatzean urrunegi joatea saihestu behar dugu. Bestalde, aurreirudi eta irudien bila bagabiltza, eguneroko bizitzan erabilgarriak izango zaizkigun biblia-irakaspenak gal ditzakegu, nahiz zeruan edo lurrean bizitzeko itxaropena izan (Erromatarrei 15:4). *

«Zain egongo al zara?».

Lett anaiak emandako hitzaldi honetan, 10 neskatxen Jesusen parabolaren ulermena egokitu zen (Mateo 25:1-13). Orain parabola era honetara ulertzen dugu: Senarra Jesus da eta neskatxak Jesusen jarraitzaile gantzutuak dira (Lukas 5:34, 35; 2 Korintoarrei 11:2). Parabolaren betetzea azken egunetan gertatzen da, une gorena larrialdi handian izanez. Bost neskatxa zentzugabeak deskribatzean, Jesusek ez zuen esan nahi bere jarraitzaile gantzutuetako batzuk fedegabeak izateagatik ordezkatuak izan beharko zirenik. Aitzitik, abisu garrantzitsu bat ematen ari zen. Bost neskatxak zentzuz jokatu zuten, beste bost neskatxek zentzugabe jokatu zuten bitartean. Era berean, gantzutu bakoitzak zain eta prest egotearen edo desleial izatearen artean aukera dezake.

Pasarte batean esanahiak bilatu nahian urrunegi joatearen ideiarekin bat eginez, ez da zentzuduna parabola honetako xehetasun guztiei parekotasunak aurkitu nahian ibiltzea. Aitzitik, eguneroko bizitzan erabil ditzakegun irakaspenen bila ibili behar dugu. Nahiz gantzutuak edo beste ardietakoak izan, guztiok dugu argia emateko eta zain egoteko ardura (Joan 10:16; Markos 13:37; Mateo 5:16). Inor ezin daiteke gure ordez leial izan. Gutako bakoitzak «bizia» aukeratu behar du erne mantenduz eta predikatze-lanean gogotsu jardunez (Deuteronomioa 30:19).

«Talentuen parabola».

Zuzendari-batzordeko kide den Anthony Morrisek egin zuen hurrengo hitzaldia. Talentuen parabolaren ulermena nola izan den egokitua azaldu zuen (Mateo 25:14-30). Parabolako nagusiak (Jesus), etorkizunean etortzen denean bere morroiak (lurreko bere jarraitzaile gantzutu leialak) zeruan berpiztuz sarituko dituela ulertzen dugu orain. «Morroi gaizto eta alferra» zenari gertatuko zitzaionari buruz hitz egitean, Jesusek ez zuen esan nahi bere jarraitzaile gantzutuetako asko desleial izango zirenik. Ostera, gantzutuei lanean jarraitu behar dutela eta morroi gaiztoaren jarrera eta jokabidea baztertzearen garrantzia gogoratu zien.

Zer ikasi dezakegu parabola honetatik? Parabolako nagusiak berarentzat baliotsua zen zerbaiten ardura utzi zien morroiei. Era berean, Jesusek bere jarraitzaileei berarentzat baliotsua den zerbaiten ardura utzi die, berri onak zabaltzea eta jarraitzaileak egitea, hain zuzen ere. Gure egoeraren arabera, predikatze-lanean ahal dugun guztia egitea espero du. Morris anaiak entzule guztiak zoriondu zituen predikatze-lanean sutsuak izateagatik.

«Nork erasoko du laster Jainkoaren herria?».

Hau izan zen bilerako azken hitzaldiaren izenburu interesgarria. Hitzaldia, Zuzendari-batzordeko kide den Geoffrey Jacksonek egin zuen. Jackson anaiak, etorkizunean Magog herrialdeko Gogek Jainkoaren herriari egingo dion erasoari buruz hitz egin zuen (Ezekiel 38:14-23).

Gog, Satanas Deabruak zerutik jaurtia izan ondoren zuen beste izen bat zela pentsatzen genuen lehen. Hala ere, Jackson anaiak azalpen honek sortzen dituen galdera garrantzitsuen inguruan arrazoitu zuen. Adibidez, Gog garaitua izatean, Jehobak «hegazti harrapari eta basapiztien janari bihurtuko» zuela aurresan zuen (Ezekiel 39:4). «Gog eta gudaroste osoa» lurperatuak izango direla ere aurresan zuen Jehobak (Ezekiel 39:11) Baina, nola gerta lekizkioke gauza hauek izaki espiritual bati? Satanas leize zuloan lotua egongo da 1.000 urtez, beraz, ezin du inork jan ezta lurperatu ere (Apokalipsia 20:1, 2). Gainera, 1.000 urteak amaitu ondoren, leize zulotik askatua izango da eta «lurreko lau bazterretako herriak –Gog eta Magog– liluratzeko aterako da» (Apokalipsia 20:7, 8). Beraz, argi dago Satanasek ezin duela Gog engainatu Satanas bera Gog bada.

Jackson anaiak honakoa argitu zuen: Ezekielen profezian agertzen den Magog herrialdeko Gogek ez du Satanas irudikatzen, Jainkoaren herriari erasoko dion nazioen elkartea baizik. Seguru aski, Gogen erasoa, «iparraldeko erregea[ren]» erasoa eta «munduko errege[e]k» egingo duten erasoa gauza bera izango dira (Daniel 11:40, 44, 45; Apokalipsia 17:12-14; 19:19).

Nor da «iparraldeko erregea»? Jakiteko itxaron egin beharko dugu. Dena dela, etorkizuneko gertakariak gero eta gertuago dauden heinean, hauei buruz dugun ulermena egokitzen ari dela ikusteak gure fedea sendotzen du. Jainkoaren herriaren aurka izango den erasoari ez diogu beldur. Zergatik? Magog herrialdeko Gogek eraso egitean, garaitua eta erabat suntsitua izango dela eta Jainkoaren herria betirako biziko dela baitakigu. *

Amaiera.

Sanderson anaiak New World Translation poltsikoko Biblia eskuragarri dagoenaren berri eman zuen. Gainera, biblia-grabaketen prestaketak egiten ari dira. Hauetan, Bibliako pertsonaia bakoitzak ahots bat izango du. Mateotik hasita, grabaketak pixkanaka-pixkanaka jw.org-n zintzilikatuko dira.

Sanderson anaiak 2015. urteko aipua 106. Salmoa 1 izango zela esan zuen: Goretsazue Jehoba, ona baita. Jainkoari eskerrak emateko arrazoiak egunero bilatzera animatu zituen guztiak.

Bilera amaitzeko 3. kanta berria abestu zen eta honen izenburua «El gran nombre de Jehová» edo «Ton nom est Jéhovah» da. Zuzendari-batzordeko 7 kideak agertokiko koruari elkartu zitzaizkion eta bertaratutakoekin batera kantu zoragarri hau abestu zuten. Hau bai amaiera bikaina!

^ § 22 Hitzaldi hau eta ondorengo biak 2015eko martxoak 15eko La Atalaya edo La Tour de Garde aldizkarian oinarritu dira.

^ § 30 Hitzaldi hau 2015eko maiatzak 15eko La Atalaya edo La Tour de Garde aldizkarian oinarritu da.