Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Aukeratu hizkuntza Euskara

 2. ATALA

Kezkak: «Alde guztietatik estutzen gaituzte»

Kezkak: «Alde guztietatik estutzen gaituzte»

«25 urtez ezkonduta izan ondoren, senarra eta biok dibortziatu egin ginen. Nire seme-alabek Jehoba zerbitzatzeari utzi zioten. Osasun arazo larriak izaten hasi nintzen. Orduan, depresioa izan nuen. Mundua gainera erori zitzaidala sentitu nuen, ezin nuela aurrera egin. Bileretara joateari utzi eta, ondoren, Jehoba kongregazioarekin batera zerbitzatzeari ere utzi nion» (June).

KEZKAK edonork izan ditzake, baita Jainkoaren zerbitzariek ere. «Bihotza kezkaz betea» zuela idatzi zuen salmogileak (94. Salmoa 19). Azken egunetan, «bizitzako ardurak direla eta» Jehoba zerbitzatzea bereziki zaila izango zela esan zuen Jesusek (Lukas 21:34). Eta zu? Zailtasun ekonomiko, familiarteko eta osasun-arazoengatik erabat gaindituta sentitzen al zara? Nola lagun zaitzake Jehobak aurrera egiten?

«Honenbesteko indarra» Jehobarengandik dator

Larritzen gaituzten kezkei guk bakarrik ezin diegu aurre egin. «Alde guztietatik estutzen gaituzte» zioen Paulo apostoluak. «Larri gaude» eta «lurrera botatzen gaituzte». Halere, ez gaudela ez zapalduak, ez etsiak, ezta suntsituak ere esan zuen. Zerk laguntzen gaitu aurrera egiten? Jainko Ahalguztidunarengandik datorren «honenbesteko indarra» da gure laguntza (2 Korintoarrei 4:7-9).

Pentsatu iraganean «honenbesteko indarra» jaso zenuen alditan. Oroitzen al duzu Jehobaren maitasun leiala gehiago estimatzen lagundu zintuen hitzaldirik? Eta besteei paradisuari buruz hitz egitean, ez al zitzaizun sendotu Jainkoaren promesetan zenuen fedea? Bileretara joatean eta sinesten duguna besteei azaltzean, kezkei aurre egiteko behar dugun indarra eta barruko lasaitasuna lortzen dugu. Honela, Jehoba zoriontsu zerbitzatu dezakegu.

«Dasta eta ikus zein ona den Jauna»

Duzun egoerarengatik gaindituta senti zaitezke, nora jo ez dakizula. Esaterako, Jehobak bere Erreinuaz batez ere arduratzeko eta jarduera espiritualetan ohitura onak mantentzeko eskatzen digu (Mateo 6:33; Lukas 13:24). Bestalde, familia-kide edo lankideek aurka egiten badizute edota osasun txarra edo familia-arazoak badituzu, zer egin dezakezu guzti honek fisikoki agortu bazaituzte? Eta zure lanak kongregazioari eskainiko zenizkion indarrak eta denbora kentzen badizkizu? Hainbeste eginbeharrekin eta hain denbora nahiz indar eskasekin, itota sentitu zaitezke. Agian Jehobak zuregandik gehiegi eskatzen duela ere pentsatu duzu.

Jehobak ulertzen gaitu. Ez digu, inoiz ere, egin dezakeguna baino gehiago eskatzen. Eta badaki denbora behar dugula estres fisiko eta emozionaletik sendatzeko (103. Salmoa 13, 14).

Ikus ezazu, esaterako, Jehobak Elias profeta zaindu zuen modua. Elias adoregabe eta beldurtuta sentitu zen aldi batean, korrika ihes egin zuen basamortura. Errieta egin al zion Jehobak eta bere eginkizunera itzul zedila agindu? Ez. Jehobak bitan bidali zuen aingeru bat Elias goxotasunez esna zezan eta jatekoa emateko. Hala ere, 40 egun pasa ondoren, Elias oraindik kezkatuta  eta ikaratuta zegoen. Zer gehiago egin zuen Jehobak laguntzeko? Lehenik, Jehobak babestu zezakeela erakutsi zion. Bigarrenik, Jehobak ahots apalez hitz eginez kontsolatu zuen. Azkenik, beste milaka lagun ari zirela Bera leialki adoratzen ezagutarazi zion. Laster, Elias berriz ere ekinean zegoen, gogotsu, bere profeta eginkizunetan (1 Erregeak 19:1-19). Zer ikasten dugu? Elias kezkengatik gaindituta zegoenean, Jehobak pazientziaz eta errukiz tratatu zuela. Jehoba ez da aldatu. Gutaz ere modu berberean arduratzen da.

Jehobari zer eman diezaiokezun pentsatzean, kontuan har ezazu benetan zenbat eman dezakezun. Ez ezazu konparatu orain egin dezakezuna lehen egiten zenuenarekin. Adibidez: hilabete edota urte batzuk entrenatzeari utzi dion korrikalari batek, ezin du lehen zuen maila berdinarekin segituan hasi. Horren ordez, indar eta erresistentzia lortzeko helburu txikiak jartzen ditu. Kristauak korrikalariak bezalakoak gara. Gu ere helburu jakin batekin entrenatzen gara (1 Korintoarrei 9:24-27). Zer iruditzen zaizu orain bete dezakezun helbururen bat ipintzen badiozu zeure buruari? Esaterako, bilera batera joateko helburua jarri dezakezu. Eskatu iezaiozu Jehobari helburu hori lortzeko laguntza. Espiritualki sendotzen zaren neurrian, hitz hauek zuregan ere beteko dira: «Dasta eta ikus zein ona den Jauna» (34. Salmoa 9 [34:8, NW ]). Gogoratu ezazu Jehobari diozun maitasuna erakusteko egiten duzun oro, nahiz eta txiki-txikia dela iruditu, berarentzako balio handikoa dela (Lukas 21:1-4).

Jehobak ez digu, inoiz ere, egin dezakeguna baino gehiago eskatzen

«Itxaroten nengoen bultzada»

Nola eman zion Jehobak Juneri berarengana itzultzeko indarra? Hauxe esaten digu: «Jehobari laguntza eske otoitz egiten jarraitu nuen. Orduan, errainak herrian izango zen biltzarrari buruz hitz egin zidan. Biltzarreko egun batera joatea erabaki nuen. Jainkoaren herriarekin berriro bat nintzen. Hura bai sentipen polita! Biltzar hori itxaroten nengoen bultzada zen. Orain, berriz ere, Jehoba zoriontsu zerbitzatzen ari naiz. Nire bizitzak zentzu handiagoa du. Inoiz baino hobeto, argi ikusten dut nire anai-arrebak behar ditudala eta beraien laguntza ere beharrezkoa dudala. Oraindik itzultzeko astia izana eskertzen dut».