Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Itzuli Jehobarengana

Zuzendari-batzordearen eskutitza

Zuzendari-batzordearen eskutitza

Anaia edo arreba maitea:

Biblian, neurri handian, pertsonaia desberdinen bizipenak kontatzen direla badakizu. Hauetako gizon-emakume leial askok, guk ditugun antzeko erronkak izan zituzten. Guk bezalako sentimenduak zituzten (Santiago 5:17). Batzuk kezka eta arazoen ondorioz, lur jota sentitu ziren. Beste batzuk, berriz, familia kide edo fedekideek zeharo mindu zituzten. Eta beste zenbait, euren hutsegiteak zirela eta, erruaren zamarengatik zapalduta sentitu ziren.

Egoera hauengatik, batzuk Jehobarengandik aldendu ziren. Baina Jehoba guztiz utzi al zuten pertsonaia hauek? Ez. Otoitz hau egin zuen salmogilearen antzera sentitu ziren hauetako asko: «Ardi galduaren gisa desbideratuko banintz, bilatu zuk zeure zerbitzari hau, ez baititut zure aginduak ahazten» (119. Salmoa 176). Honela sentitzen al zara zu ere?

Jehoba ez da inoiz ahazten bere artaldetik aldendu diren ardiez. Alderantziz, bere ardien bila joaten da, askotan euren fedekideak erabiliz. Pentsa ezazu, adibidez, Jehobak Jobi, bere zerbitzariari, lagundu zion moduan. Jobek hainbat zoritxar sufritu zituen: ezbehar ekonomikoak, familiartekoen heriotza eta osasun arazo larria. Honetaz gain, Jobek hitz mingarriak entzun behar izan zituen, bera kontsolatu beharko zutenen eskutik. Hala eta guztiz ere, ez zion inoiz Jehobari bizkarrik eman, nahiz eta denbora batez bere pentsaera zuzenena ez izan (Job 1:22; 2:10). Nola lagundu zion Jehobak Jobi oreka berreskuratzen?

Jehobak Job laguntzeko erabili zuen moduetako bat Elihu, Joben fedekidea, izan zen. Jobek bere kezkak adierazi zituenean, Elihuk entzun egin zion eta, ondoren, hitz egin. Zer esan zion? Kritikatuko ote zuen Job? Edo bere pentsaera aldatzera behartuko ote zuen, Job lotsaraziz edo errudun sentiaraziz? Job baino gehiagotzat jotzen al zuen bere burua Elihuk? Inolaz ere ez! Jainkoaren espirituak eraginda, Elihuk hau esan zion Jobi: «Biok pareko gara Jainkoaren aurrean, ni ere buztinez moldatua izan nintzen. Beraz, ez izan nire beldur, ez dizut-eta neure agintea ezarriko» (Job 33:6, 7). Joben zamari pisu gehiago gaineratu ordez, Elihuk, goxotasunez, Jobek behar zuen aholku eta adorea eman zion.

Kontuan izan, mesedez, liburuxka hau antzeko moduan prestatu dugula. Lehendabizi, entzun egin genuen, aldendutako hainbaten egoerak eta iritziak kontu handiz hartuz (Esaera Zaharrak 18:13). Ondoren, Bibliara jo genuen eta, otoitz eginez, antzeko egoerak izan zituzten antzinako zerbitzariei Jehobak emandako laguntza aztertu genuen. Azkenik, biblia-pasarte horiek eta gaur egungo esperientziak batu genituen argitalpen hau egiteko. Eskuetan duzun liburuxka hau aztertzera gonbidatzen zaitugu. Ziur egon benetan maite zaitugula.

Jehobaren Lekukoen Zuzendari-batzordea