Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Itzuli Jehobarengana

 4. ATALA

Errudun sentitzea: «Garbitu neure bekatutik»

Errudun sentitzea: «Garbitu neure bekatutik»

«Nire lan berriak familiaren bizi-maila hobetu zuen baina, ondo ez zeuden jardueretara ere bultzatu ninduen. Jaiak ospatzen hasi nintzen, jarduera politikoetan parte hartzen, baita elizara joaten ere. Nahiz eta Jehobaren lekukoa izan, 40 urtez ez nintzen kongregazioarekin elkartu. Geroz eta denbora gehiago pasa, orduan eta urrutiago sentitzen nintzen Jehobaren barkamenetik. Neure buruari ezin niola barkatu sentitzen nuen. Azken finean, okerreko bidea hartu aurretik banekien zein zen bide zuzena» (Martha).

ERRUDUN sentitzea zama astuna izan daiteke. «Buruz gain ditut neure erruak, azpian hartua naute, zama astunegiak legez» zioen Dabid erregeak (38. Salmoa 5 [38:4, NW ]). Kristau batzuk tristurarengatik lur jota sentitu dira, Jehobak sekula ez dituela barkatuko sinetsita (2 Korintoarrei 2:7). Zuzen ote daude? Bekatu larriak direla eta, Jehobarengandik hainbeste aldendu ote zara, ezin izango duzula inoiz bere barkamenik lortu? Ez horixe!

«Zatozte, erabaki dezagun auzia»

Jehobak ez ditu baztertzen damuturik dauden bekatariak. Alderantziz, eskua luzatzen die! Seme galduaren parabolan, Jesusek Jehoba aita maitekor batekin parekatu zuen. Aita honen semeak familia utzi eta bide okerretik joan zen. Denborarekin, semeak etxera itzultzea erabaki zuen. «Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta errukitu egin zen; eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion» (Lukas 15:11-20). Jehobarengana gerturatu nahi duzu, baina «oraindik urruti» zaudela iruditzen al zaizu? Jesusen adibideko aitak bezala, Jehobak zuregatik errukia sentitzen du. Zuri ongietorria emateko irrikan dago.

Baina zer gertatzen da zure bekatuak Jehobak barkatu ahal izateko larriegiak edo ugariegiak direla uste baduzu? Pentsa ezazu, mesedez, Jehobak Isaias 1:18an egiten dizun gonbidapenean: «Zatozte, erabaki dezagun auzia: zuen bekatuak gorria baino gorriago badira ere, elurra bezain zuri geldituko dira». Hortaz, nahiz eta zure bekatuak jantzi zurian dagoen mantxa gorria bezain ezabaezinak iruditu, ez daude Jehobaren barkamenetik kanpo.

Jehobak ez du zuk kontzientzia errudunagatik sufritzen jarraitzerik nahi. Nola lortu dezakezu, orduan, Jehobaren barkamenak eta kontzientzia garbiak sortzen duten lasaitasuna? Azter itzazu Dabid erregeak eman zituen bi urrats. Lehenik, hauxe esan zion Jehobari bere bekatuei buruz: «Zuri aitortzea erabaki nuen» (32. Salmoa 5). Gogoratu Jehobak berarengana otoitz eginez gerturatzeko eta berekin auzia erabakitzeko gonbidapena dagoeneko luzatu dizula. Onartu ezazu gonbidapen hori. Aitortu bekatuak Jehobari eta esaiozu nola sentitzen zaren. Dabidek, bere bizipenengatik, konfiantza osoz esan ahal izan zuen otoitzean: «Garbitu neure bekatutik [... ] zuk ez duzu gutxiesten, ene Jainko, bihotz-hautsi eta umildua» (51. Salmoa 4, 19 [51:2, 17, NW ]).

Bigarrenik, Jainkoak izendaturiko ordezkariak, Natan profetak, lagundu zion Dabidi (2 Samuel 12:13). Gaur ere, Jehobak kongregazioko arduradunak eman dizkigu. Hauek, damututako bekatariei Jehobarekin duten harremana indarberritzeko  prestakuntza jaso dute. Beraiengana jotzen duzunean, Biblia erabili eta bihotzez zure alde otoitz egingo dute. Honela, zure bihotza baretzen, sentimendu negatiboak arintzen edo desagerrarazten eta espiritualki sendatzen lagunduko zaituzte (Santiago 5:14-16).

Jehobak kontzientzia garbiak dakarren lasaitasuna zuk ere sentitzea nahi du

«Zoriontsua Jainkoak [...] bekatua barkatu diona!»

Halere, Jehobari zure bekatuak aitortzea eta arduradunengana jotzea egin dezakezun gauzarik zailenetakoak direla pentsa dezakezu. Dabidek ere antzeko sentimenduak izan zituen. Denbora batez «isilik egon» zen, bekatuak aitortu gabe (32. Salmoa 3). Geroago, ordea, bekatuak aitortzearen eta bere norabidea zuzentzearen onurak eskertu zituen.

Dabidek jaso zuen onurarik handienetako bat zoriontasuna berreskuratzea izan zen. Honakoa idatzi zuen: «Zoriontsua Jainkoak [...] bekatua barkatu diona!» (32. Salmoa 1). Hau ere esan zuen otoitzean: «Ireki, Jauna, nire ezpainak eta nire ahoak zure gorespena iragarriko du» (51. Salmoa 17 [51:15, NW ]). Bere errutik askatuta eta Jainkoak barkatu ziolako eskertuta, Dabid besteei Jehobari buruz hitz egiteko gogotsu zegoen.

Jehobak kontzientzia garbiak dakarren lasaitasuna zuk ere sentitzea nahi du. Gainera, Bera eta bere asmoei buruz zintzotasunez eta erabat zoriontsu hitz egin dezazun nahi du, zu errudun sentitu gabe (65. Salmoa 2-5 [65:1-4, NW ]). Gogora ezazu Jehobaren gonbidapena: «Itzuli Jainkoarengana, bekatuak ken dakizkizuen; horrela iritsiko zaizue Jaunaren kontsolazio-garaia» (Eginak 3:19, 20).

Hori bera gertatu zitzaion Marthari. Hauxe dio: «Nire semeak Jehobaren lekukoen aldizkariak bidaltzen jarraitu zizkidan. Pixkanaka-pixkanaka, Jehobarengana gerturatzen hasi nintzen berriz ere. Itzultzeko bidean, gauzarik zailena egindako bekatu guztiengatik barkamena eskatzea izan zen. Baina, azkenean, Jainkoari otoitz egin eta barkatzeko eskatu nion. Gezurra dirudi Jehobarengana itzultzeko 40 urte igaro zirela. Nire esperientziak honakoa argi erakusten du: nahiz eta urte ugari pasa, Jehoba zerbitzatzeko eta bere maitasunera itzultzeko beste aukera bat izan dezakegu».