Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Gazteen 10 galderen erantzunak

 8. GALDERA

Zer jakin behar nuke sexu erasoei buruz?

Zer jakin behar nuke sexu erasoei buruz?

ZERGATIK DA HAU GARRANTZITSUA?

Urtero milioika pertsona bortxatu edo sexualki behartzen dituzte eta gazteak dira helburu nagusia.

ZER EGINGO ZENUKE?

Annetten erasotzaileak lurrera bota zuen zer gertatzen ari zen konturatu aurretik. «Ahal nuen guztia egin nuen bere aurka» dio berak. «Garrasi egiten saiatu nintzen, baina haizea besterik ez zitzaidan irten. Bultzadak, ostikoak eta ukabilkadak eman nizkion, baita atzaparkadak egin ere. Baina, orduan, laban batek zauritzen ninduela sentitu nuen. Indarrak joan zitzaizkidan».

Zer egingo zenuke honelako egoera baten aurrean?

ITXARON ETA PENTSATU!

Nahiz eta erne egon, agian gauez kanpoan zaudenean argi ibiliz, gauza txarrak gerta daitezke. «Lasterketan ez dela beti bizkorrena nagusitzen» esaten du Bibliak eta «jakituna ez dela beti ongi ikusia izaten. Denei datozkie aldi onak eta txarrak» (Kohelet 9:11).

Gazte batzuek, Annettek bezala, ezezagun baten erasoak jasaten dituzte. Beste batzuk ezagun edo familia kide batek erasotzen ditu. Hamar urte bakarrik zituela, Natalie sexualki behartu zuen bere etxetik gertu bizi zen nerabe batek. «Beldurraren beldur eta lotsaren lotsaz, hasieran ez nuen ezer esan» dio berak.

 EZ ZARA ERRUDUNA

Annette gertatutakoaz errudun izatearen sentimenduekin borrokan dabil oraindik. «Gau hura behin eta berriz etortzen zait burura» dio. «Indar handiagoarekin borrokatu behar nuela uste dut. Gauza da labankada jaso nuenean, seko gelditu nintzela beldurra dela eta. Ezinezkoa nuen ezer gehiago egitea, baina barrenak zerbait gehiago egin nezakeela esaten dit».

Nataliek ere errudun izatearen sentimenduei aurre egin behar die. «Ez nintzen hain erraz fidatu behar» dio berak. «Ahizpa eta biok kanpoan jolastean elkarrekin izan behar ginela agintzen ziguten gurasoek, baina ez nien jaramonik egin. Beraz, bizilagunari ni mintzeko aukera nik neuk eman niola uste dut. Gertatu zenak nire familiarengan eragina izan zuen eta hainbesteko mina sortzearen errudun sentitzen naiz. Hori da nire borrokarik latzena».

Annette edo Natalieren antzera sentitzen bazara, kontuan izan ezazu bortxatua izan den pertsona behartua izan dela. Batzuek garrantzia kentzen diote gertaera honi, biktimak bortxatzea «eskatzen ari zirela» esanez. Baina inork ez du merezi bortxatua izatea. Horrelako ekintza bihozgabearen biktima izan bazara, ez zara erruduna!

Noski, «ez zara erruduna» esatea erraza da, baina sinestea askoz ere zailagoa gerta daiteke. Batzuek barnean gordetzen dute gertatu zena eta errudun sentitzeaz gain, beste sentimendu negatibo batzuk ere izaten dituzte. Hala ere, nor irteten da irabazten ezer ez esatearekin? Zu edo erasotzailea? Emaiozu beste aukera bat zeure buruari!

KONTATU GERTATUTAKOA

Job zintzoak erabat larrituta zegoenean, honakoa esan zuen: «Bihotzeko samina isuriko dut» (Job 10:1). Asko lagunduko dizu berdina egiteak. Konfiantzazko norbaitekin hitz egiteak gertatutakoa onartzen eta zapaltzen zaituzten sentimenduetatik askatzen lagunduko dizu.

Zure sentimenduak zama astunegia izan daitezke zuk bakarrik eramateko. Ez al duzu uste norbaitekin hitz egiteak lagunduko zaituela?

Annettek hori egia dela frogatu zuen. Hauxe dio: «Lagun min batekin hitz egin nuen eta kongregazioko bi arduradunekin lehenbailehen hitz egitera animatu ninduen. Eskerrak egin nuela! Nirekin eseri ziren askotan eta justu behar nuena esan zidaten, gertatutakoa ez zela nire errua, hain zuzen ere. Ez nuen ezeren errurik».

Nataliek gurasoei kontatu zien gertatutakoa. «Asko lagundu zidaten» dio berak. «Jazotakoaz hitz egitera animatu ninduten. Horri esker ez nintzen barrenean hain triste eta haserre».

Natalie otoitzak ere kontsolatu zuen. «Jainkoari hitz egiteak lagundu ninduen» dio berak, «beste inori hitz egiteko moduan ez nengoenean batik bat. Otoitz egitean, askatasunez hitz egin dezaket. Benetako bakea eta lasaitasuna sentitzen ditut».

Zuk ere ikusiko duzu «sendatzeko garaia» badagoela (Kohelet 3:3). Zaindu zaitez fisikoki eta emozionalki. Behar duzun atsedena hartu. Batez ere, kontsolamendu ororen Jainkoarengan uste osoa ipini ezazu (2 Korintoarrei 1:3, 4).

 BA AL DUZU NORBAITEKIN IRTETEKO ADINIK?

Moraltasun gabeko jokaera izatera bultzatzen bazaitu norbaitek, ez duzu oker jokatuko honakoa tinko esaten baduzu: «Ez egin hori!» edo «Kendu esku horiek gainetik!». Ez egin atzera mutila galduko duzunaren beldurrez. Arrazoi horrengatik zurekin mozten badu, ez zaitu merezi! Benetako gizona merezi duzu, zure gorputza eta printzipioak errespetatzen dituena.

ZER DAKIZU SEXU JAZARPENARI BURUZ?

«Institutuan mutilek bularretakotik tira egin eta gauza itsusiak esaten zizkidaten, beraiekin sexu-harremanak izan ondoren zeinen ongi sentituko nintzen bezalakoak», Coretta.

Zertan ari ziren mutil horiek?

  1. Txantxetan

  2. Maite jolasetan

  3. Sexu jazarpena egiten

«Autobusean, mutil bat gauza lizunak esaten eta heltzen hasi zitzaidan. Eskuan jo eta alde egiteko esan nion. Txoroa banintz bezala begiratu zidan», Candice.

Zertan ari zen mutil hori?

  1. Txantxetan

  2. Maite jolasetan

  3. Sexu jazarpena egiten

«Iaz mutil bat bere gustukoa nintzela eta berarekin irteteko esaten aritu zitzaidan, nahiz eta behin eta berriz ezetz esaten nion. Batzuetan besoa laztantzen zidan. Gelditzeko esan nion, baina ez zidan kasurik egin. Gero, zapatak lotzen nituen bitartean, ipurdian jo zidan», Bethany.

Zure ustez, zertan ari zen mutil hori?

  1. Txantxetan

  2. Maite jolasetan

  3. Sexu jazarpena egiten

Galdera guztien erantzun zuzena hirugarrena da.

Zertan dira desberdinak sexu jazarpena eta txantxa edo maite jolasak?

Sexu jazarpena ez da biren artekoa. Biktimak erasotzaileari gelditzeko esan arren, jarraitu egiten du.

Sexu jazarpena ez da txantxa. Hurrengo pausoa sexu indarkeria izan daiteke.