Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Gazteen 10 galderen erantzunak

 6. GALDERA

Nola aska naiteke talde presiotik?

Nola aska naiteke talde presiotik?

ZERGATIK DA HAU GARRANTZITSUA?

Zu zapaltzen inori uzten ez diozunean, zuk izango duzu zure bizitzaren kontrola besteek izan beharrean.

ZER EGINGO ZENUKE?

Imajina ezazu honakoa: Bi ikaskide hurbiltzen zaizkion heinean, Unax estututa sentitzen hasten da. Aste horretan dagoeneko bi aldiz saiatu dira marihuana erre dezan. Hau hirugarren saiakera da.

Lehenengo mutilak honakoa dio:

«Bakar-bakarrik al zaude berriz ere? Utzidazu laguntxo bat aurkezten».

Begi-keinu bat eginez «laguntxo» hitza azpimarratu eta poltsikotik zerbait ateratzen du Unaxi eskainiz.

Unaxek porrua ikusten du gaztearen behatzen artean eta are eta urduriago jartzen da.

«Barkatu, baina dagoeneko esan dizuet ez dudala... » dio Unaxek.

Bigarren mutilak hitza kendu eta «ez izan koldarra!» esaten dio.

«Ni ez naiz koldarra!» ausartzen da Unax erantzuten.

Bigarrenak sorbaldatik heltzen dio Unaxi. «Hartu ezazu» esaten dio leuntasunez.

Lehenengoak porrua Unaxen aurpegiaren parean jarri eta honakoa xuxurlatzen dio: «Ez diogu inori esango. Inork ez du sekula jakingo».

Zer egingo zenuke Unaxen tokian bazina?

 ITXARON ETA PENTSATU!

Pentsatu al dute Unaxen ikaskideek egiten ari direna benetan? Euren kabuz erabakitzen al dute? Ziurrenik ez. Izan ere, gazteak besteen eraginpean egon ohi dira. Onartuak izan nahi dutenez, besteek beraien ekintzak molda ditzaten uzten dute.

Egoera berdinari aurre eginez gero, nola hartuko zenuke bide desberdina talde presiotik askatzeko?

  1. AURREA HARTU

    Bibliak honakoa dio: «Arriskua ikusi eta gorde egiten da zentzuduna, heldugabeak aurrera segitu eta kaltea jasan behar» (Esaera Zaharrak 22:3).

    Askotan, arazoak aurrez ikusi ditzakezu. Esaterako, imajina ezazu aurreraxeago zure ikaskideak ikusten dituzula erretzen. Arazoari aurrea hartzen badiozu, hau gainditzeko prest egongo zara.

  2. PENTSATU

    Bibliak «kontzientzia garbiz» jokatzeko esaten digu (1 Pedro 3:16).

    Galdetu zeure buruari: «Nola sentituko naiz gerora gehiengoari jarraitzen badiot?». Egia da zure gelakideek denbora batez zu onartzea lortuko duzula. Baina nola sentituko zara gero? Zure nortasuna baztertzeko prest al zaude gelakideei atsegin zaiena egitearren? (Irteera 23:2).

  3. ERABAKI

    Bibliak honakoa dio: «Esaten den guztia sinesten du heldugabeak, nondik ibiliko aztertzen zentzudunak» (Esaera Zaharrak 14:15).

    Lasterrago edo beranduago, erabakiak hartu beharko ditugu eta ondorioekin bizi. Bibliak erabaki zuzenak hartu zituzten Jose, Job eta Jesusi buruz hitz egiten du. Bestalde, erabaki okerrak hartu zituzten Kain, Esau eta Judasi buruz ere hitz egiten du. Zer egingo duzu zuk?

Bibliak hau dio: «Gauza txikietan fidagarria, handietan ere fidagarri da» (Lukas 16:10). Dagoeneko ondorioetan pentsatu eta erabakia argi ikusten baduzu, egin nahi duzunari eustea uste baino errazagoa eta hobea dela ikusiko duzu.

Ez kezkatu. Ez diezu zertan sermoirik bota beharrik. «Ez!» sendo batekin nahikoa izan daiteke. Edo zure erabakia ez duzula inolaz ere aldatuko argi uzteko, honako zerbait ere esan dezakezu:

  • «Nirekin ez kontatu!».

  • «Ez dut horrelakorik egiten!».

  • «Tira, badakizue ez dudala egingo!».

Gakoa berehala eta ziurtasunez erantzutean dago. Hala eginez gero, harritu egingo zaitu gelakideek laster amore emango dutela ikusteak!

 BARREGARRI GELDITZEKO BELDURRARI AURRE EGIN

Talde presioak gainditzen bazaitu, besteen kontrolpean dagoen robot baten antzekoa izango zara.

Zer gertatzen da gelakideek burla egiten badizute? Eta honakoa esaten badizute: «Zer gertatzen zaizu? Koldar hutsa al zara?». Honelako isekak izen bakarra du: talde presioa. Nola erantzun dezakezu? Bi aukera behintzat badituzu:

  • Burlari garrantzia kendu diezaiokezu («Bai ba, beldur naiz!». Ondoren, zergatia labur azaldu).

  • Pasa presioa beraiei. Azaldu ukatzeko dituzun arrazoiak eta, gero, euren adimenaz baliatu («Erre egiten al duzu? Azkarragoa zinelakoan nengoen!»).

Gelakideek presioa egiten jarraitzen badizute, alde egin! Gogoratu, geroz eta denbora gehiago egon, orduan eta handiagoa izango da presioa. Leku hartatik joatean, besteei zure nortasuna aldatzen ez diezula utziko argi uzten diezu.

Egia esan, ezingo zara talde presiotik ezkutatu. Baina zer egin nahi duzun aukeratu, zure erabakiari eutsi eta kontrola hartu dezakezu. Azken finean, erabakia zure esku dago! (Josue 24:15).