Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zuen familia zoriontsua izan daiteke

 4. ATALA

Nola erabili dezakezue dirua?

Nola erabili dezakezue dirua?

«Egitasmoak aholkuen bidez sendotzen dira» (Esaera Zaharrak 20:18)

Denok behar dugu dirua gure familiaren bizitzeko beharrak asetzeko (Esaera Zaharrak 30:8). Izan ere, «denetan laguntzeko [da] dirua» (Kohelet 10:19). Bikote bezala, zaila izan daiteke diruaz hitz egitea, baina ez utzi diruak zuen ezkon-bizitzan arazoak sortu ditzan (Efesoarrei 4:32). Bikoteak batak bestearengan konfiantza izan behar du eta elkarrekin erabaki behar dute dirua nola erabiliko duten.

 1 EGIN PLANGINTZA ONA

BIBLIAK ESATEN DUENA: «Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, ez ditu aldez aurretik eseri eta gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko adina ba ote duen ikusteko?» (Lukas 14:28). Beraz, behar-beharrezkoa da elkarrekin duzuen diruaren erabileraren plangintza egitea (Amos 3:3). Erabaki ezazue zer erosi behar duzuen eta zenbat ordaindu dezakezuen (Esaera Zaharrak 31:16). Zerbait erosteko dirua edukitzeak ez du esan nahi erosi behar duzuenik. Saiatu zaitezte zorrak saihesten eta daukazuen dirua bakarrik erabiltzen (Esaera Zaharrak 21:5; 22:7).

SAIATU HONAKOA EGITEN:

  • Hilabete bukaeran dirurik baduzue, elkarrekin erabaki zer egingo duzuen diru honekin

  • Zorrak badituzue, berriz, zeuen gastuak murrizteko plangintza zehatza egin ezazue. Adibidez, etxetik kanpo jan beharrean, otorduak etxean egin ditzakezue

 2 IZAN ZINTZO ETA ZENTZUDUN

BIBLIAK ESATEN DUENA: «Ongi jokatzen ahalegintzen naiz, Jainkoaren aurrean ez ezik, baita gizakien aurrean ere» (2 Korintoarrei 8:21). Zintzo jokatu zure bikotearekin eta esan iezaiozu zenbat irabazi eta zenbat gastatzen duzun.

Zuen diruari buruzko erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzuen bakoitzean, hitz egin zuen artean (Esaera Zaharrak 13:10). Duzuen diruari buruz hitz egiteak, zuen ezkon-bizitzan bakea mantentzen lagunduko dizue. Ez ikusi zeure diru sarrerak zeureak bezala bakarrik, familia osoarenak bezala baizik (1 Timoteori 5:8).

SAIATU HONAKOA EGITEN:

  • Ados jarri zenbateko dirua erabili dezakezuen bakoitzak besteari galdetu gabe

  • Hasieratik hitz egin elkarren artean diruari buruz; ez itxaron arazoren bat sortu arte