Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bizia: ustekabean sortua?

Eboluzioa. Errealitate ala mito?

Eboluzioa. Errealitate ala mito?

«Eguzkiaren beroa errealitatea den moduan, eboluzioa ere errealitatea da» dio Richard Dawkins irakasleak, zientzialari eboluzionista ospetsuak.16 Noski, esperimentuek eta zuzeneko behaketek eguzkia beroa dela frogatzen dute. Baina frogatzerik ote dago eboluzioaren irakaspena ukaezina dela esperimentu eta zuzeneko behaketen bidez?

Galdera hau erantzun aurretik, zerbait argitu behar dugu. Zientzialari askok, izaki bizidunen ondorengoak denboran zehar zertxobait aldatu daitezkeela ikusi dute. Esaterako, txakur-hazleek txakurrak hautatuz eta gurutzatuz, denborarekin hauen arbasoek baino hanka motzagoak edo ile luzeagoa duten txakurrak lortzen dituzte. * Zientzialari batzuek aldaketa txiki hauei «mikroeboluzioa» deitzen diete.

Hala ere, aldaketa txikiak mila milioika urtetan zehar pilatu zirela irakasten dute eboluzionistek. Honela, beraien ustez, arrainak anfibio bihurtzeko eta tximino-itxurako izakiak gizaki bihurtzeko beharrezko ziren aldaketa handiak sortu ziren.  Ustezko aldaketa handi hauei «makroeboluzioa» deitzen zaie.

Charles Darwin eta bere liburua, Espezieen jatorria

Adibidez, Charles Darwinek irakatsi zuenaren arabera, ikus ditzakegun aldaketa txikiek inork ikusi ez dituen aldaketa handiagoak gerta daitezkeela adierazten dute.17 Bere iritziz, ustez sinpleak ziren jatorrizko bizi-forma batzuek, «aldaketa txikien» bidez, poliki-poliki eboluzionatu zuten denboraldi luzeetan zehar. Hauen ondorioz, orain lurrean dauden milioika bizi-forma desberdinak sortu ziren.18

Baieztapen hau zentzuzkoa da askorentzat. Honela arrazoitzen dute: «Espezieetan aldaketa txikiak gerta badaitezke, zergatik ezingo lituzke eboluzioak aldaketa handiak sortu denboraldi luzeetan zehar?». * Baina, berez, eboluzioa hiru mitotan dago oinarritua. Azter ditzagun.

1. mitoa. Mutazioak espezie berriak sortzeko oinarri dira. Makroeboluzioa honako baieztapenean oinarritzen da: mutazioek, hau da, landare eta animalien gene-kodeetan gertatzen diren zortezko aldaketek, espezie berriak sortzeaz gain, landare eta animalien familia guztiz berriak ere sortu ditzakete.19

Mutazioek landareetan aldaketak sortarazi ditzakete, baina muga-barruan. Lore handidun mutantea

Errealitatea. Landare edo animalien ezaugarri asko gene-kodeko jarraibideak, hau da, zelula bakoitzaren nukleoan dauden planoak, zehazten ditu. * Mutazioek landare eta animalien ondorengoetan aldaketak sortu ditzaketela aurkitu dute ikertzaileek. Baina benetan sortzen al dituzte mutazioek guztiz berriak diren espezieak? Zer azaltzen dute genetikaren alorrean egindako ehun urteko ikerketek?

30. hamarkadaren amaieran zientzialariek ideia berri bat gogo biziz ontzat hartu zuten. Ordurako, hautespen naturalak —ingurumenera hobeto egokitutako organismoak errazago biziraun eta ugaltzen diren prozesua— zortezko mutazioen bidez landare-espezie berriak sortzen zituela pentsatzen zuten. Beraz, gizakiak zuzendutako mutazioen aukeraketaren bidez, modu eraginkorragoan berdina egitea posible izango zela uste zuten momentu hartan. «Poz handia zabaldu zen biologo gehienen artean eta, batez ere, genetikalari eta hazleen artean» esan zuen WolfEkkehard Lönnigek, Landareen Hobekuntza Genetikoko Max Planck institutu alemaniarreko zientzialariak. * Zergatik sortu zen halako poza? Lönnigek, 30 bat urtez landareen gene-mutazioen ikerketan  arituak, honakoa esan zuen: «Ikerlari hauen ustez landare eta animaliak hazteko usadiozko metodoa iraultzeko garaia heldua zen. Mutazioak sortaraziz eta hoberenak aukeratuz, landare eta animalia berri eta hobeak sortuko zituztela pentsatzen zuten».20 Izan ere, espezie guztiz berriak sortuko zituztela espero zuten batzuek.

Ozpin-euli mutanteak nahiz eta deformatuak egon, ozpin-euliak izaten jarraitzen dute

Diru laguntza askori esker, eboluzioaren abiadura bizkortuko zutela promesten zuten metodoak erabiliz ikertzen hasi ziren Estatu Batuetako, Asiako eta Europako zientzialariak. Zeintzuk izan ziren ondorioak 40 urte baino gehiagoz ikerketa sakonak egin ondoren? «Nahiz eta diru asko erabili,» dio Peter von Sengbusch ikerlariak, «irradiazio bidez [mutazioak sortzeko] barietate emankorragoak lortzeko saiakerak, argi eta garbi porrot egin zuen».21 Eta Lönnigek esan zuen: «80. hamarkadarako zientzialarien itxaropen eta pozak sekulako hutsegitearekin amaitu ziren. Mutazio bidezko hazkuntza, ikerketako alor berezi moduan, bertan behera utzi zen mendebaldeko herrialdeetan. Ia mutante guztiak [... ] hil egin ziren edo naturan ematen direnak baino ahulagoak izan ziren». *

Mutazioei buruzko 100 urteko ikerketei eta, bereziki, mutazioen hazkuntzari buruzko 70 urteko ikerketei esker, zientzialariek mutazioek espezie berriak sortzeko gaitasunik ote duten ikusi dezakete. Frogak aztertu ondoren, Lönnigek honakoa ondorioztatu zuen: «Mutazioek ezin dute jatorrizko espezie bat [landareena edo animaliena] guztiz berria den beste batean bihurtu. Hau bat dator XX. mendean mutazioei buruzko esperimentu eta ikerketen ondorioekin, baita probabilitatearen legearekin ere».

Beraz, lortu al dezakete mutazioek espezie bat guztiz berria den beste izaki batean eboluzionatzea? Frogek ezetz diote! Egindako ikerketei esker ondorio honetara iritsi da Lönnig: «Genetikoki behar bezala zehaztuta dauden espezieek, ustekabeko mutazioen bidez hautsi ezin diren mugak dituzte».22

Pentsa ezazu aurrekoaren esanahian. Ikusi dugunez, goi-mailako prestakuntza duten zientzialariek ezin dituzte espezie berriak sortu mutazioak artifizialki eginez eta hauetatik egokiak aukeratuz. Hortaz, egingo al luke lan hoberik adimenik ez duen prozesuak? Ikerketen arabera mutazioek ezin badute jatorrizko espezie bat guztiz berria den beste batean bihurtu, orduan, nolatan izango zen posible makroeboluzioa gertatzea?

2. mitoa. Hautespen naturalaren bidez espezie berriak sortu ziren. Darwinek, hautespen naturala deitzen zuen prozesuak ingurumenera hobekien egokitutako bizi-formen alde egiten zuela sinesten zuen, okerrago egokitutako bizi-formak desagertu egiten zirelarik. Eboluzionista modernoen arabera, espezieak sakabanatu eta isolatu zirenean, hautespen naturalak mutazio genetikoei esker ingurumen berrietan bizirauteko gai zirenak aukeratu zituen. Honen ondorioz, talde isolatu hauek, denborarekin, espezie guztiz berrietan eboluzionatu zutela teorizatu dute eboluzionistek.

Errealitatea. Lehenago ikusi dugun bezala, frogek argi eta garbi azaltzen dute mutazioek ezin dutela landare edo animalia mota guztiz berriak sortu. Orduan, zein froga dute eboluzionistek hautespen naturalak, espezie berriak sortzeko, mutazio egokiak aukeratzen dituela baieztatzeko? «Galapago uharteetan Darwinek aztertutako  13 txonta espezieak, Darwinen txontak izenaz ezagutuak», aipatu zituen 1999an Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalak argitaratutako liburuxka batek.23

Peter R. eta B. Rosemary Grantek zuzendutako Princetongo Unibertsitateko ikertzaile talde bat txonta hauek aztertzen hasi zen 70. hamarkadan. Irletan, urte beteko lehortea izan ondoren, moko handixeagoa zuten txontek moko txikiagoa zutenek baino errazago bizirauten zutela ikusi zuten. 13 txonta espezie hauek antzemateko, mokoen tamaina eta forma begiratzea da modu nagusienetariko bat. Beraz, aurkikuntza hauek esanguratsuak zirela pentsatu zuten. «Grantarren arabera», dio Akademiaren liburuxkak, «10 urtean behin lehorte bat gertatzen bada irletan, 200 bat urtetan soilik, txonta espezie berri bat sortuko da».24

Hala ere, Akademiaren liburuxkak ez zuen aipatu, lehortearen ondorengo urteetan moko txikiagoa zuten txontak, berriz ere, gehiengoa izan zirela. Irlan klima aldatu zen heinean, urte betez moko luzeagoa zuten txontak nagusitu arren, geroago, moko txikiagoak zituztenak nagusitu zirela ikusi zuten ikertzaileek. Txonta «espezie» ezberdin batzuk elkarren artean ugaldu zirela eta hauen ondorengoak gurasoek baino errazago bizirauten zutela ere ikusi zuten. Elkarren arteko ugalketak jarraituz gero, bi «espezieek» bat egingo zutela ondorioztatu zuten.25

Darwinen txontek, onenean ere, espezieak klima aldaketetara egokitu daitezkeela erakusten dute

Beraz, sortzen al ditu benetan espezie guztiz berriak hautespen naturalak? Duela hamarkada batzuk, George Christopher Williams biologo eboluzionista, hautespen naturalak gaitasun hori ote zuen zalantzan jartzen hasi zen.26 Hautespen naturala espeziei bizitzako egoera aldaketetara egokitzen laguntzen ari daitekeela, baina ez duela ezer berririk sortu, idatzi zuen Jeffrey H. Schwartz eboluzionista teorikoak 1999an.27

Hala da, Darwinen txontak ez dira «ezer berri» bihurtu. Txontak izaten jarraitzen dute. Beraien artean ugaltzeak, zalantzan jartzen ditu eboluzionista batzuek erabiltzen dituzten irizpideak espezieak zehazteko garaian. Gainera, izen handiko  zientzia akademiak informazio osoa ez emateko gai direla azaltzen du txori hauen kasuak.

3. mitoa. Erregistro fosila makroeboluzioan eman ziren aldaketen froga da. Lehenago aipatutako Akademiaren liburuxkak, zientzialariek aurkitutako fosilak makroeboluzioa ontzat hartzeko nahikoa froga direla pentsarazten die irakurleei. Honakoa dio: «Arrain eta anfibioen artean, anfibio eta narrastien artean, narrasti eta ugaztunen artean eta primateen ordenaren barruan hainbeste bitarteko forma aurkitu direnez, zaila da ziurtasunez esatea noiz heltzen den espezie bat beste espezie bat izatera».28

Errealitatea. Akademiaren liburuxkak egindako baieztapena nahiko harrigarria da. Zergatik? Niles Eldredge eboluzionista porrokatuaren arabera, erregistro fosilak mailaz mailako aldaketak pilatzen joan ordez, denboraldi luzeetan zehar «espezie gehienetan eboluzio aldaketarik ez zela egon eta, aldaketarik egon bazen, txikia izan zela» azaltzen duelako.29

Erregistro fosilaren arabera, animalien talde nagusi guztiak bat-batean azaltzeaz gain, aldatu gabe egon ziren

Gaurdaino, zientzialariek munduan zehar 200 bat milioi fosil handi eta mila milioika fosil txiki lurpetik atera eta katalogatu dituzte. Hau ikusirik, ikertzaile asko ados dago hurrengoarekin: erregistro zabal eta zehatz honek animalia talde nagusi guztiak bat-batean azaltzeaz gain, ia aldatu gabe egon zirela agertzen du. Gainera, espezie asko azaldu ziren abiadura berarekin desagertu zirela ere erakusten du.

Eboluzioan sinestea, «fede» kontua

Zergatik esaten dute behin eta berriz eboluzionista ezagun askok makroeboluzioa errealitatea dela? Richard Lewontin eragin handiko eboluzionistak, zientzialari askok frogarik gabeko baieztapen zientifikoak gogotsu onartu nahi dituztela idatzi zuen zintzotasunez. Zergatik? «Aldez aurreko konpromezua dutelako, materialismoarekin konpromezua, hain zuzen ere». * Zientzialari askok Diseinatzaile adimentsua izatearen posibilitatea kontuan hartzea ere baztertu egiten dute, Lewontinek dioen moduan, «ezin diogulako Jainkoari aterik ireki».30

Honen inguruan, Scientific Americanen Rodney Stark soziologoak esana aipatzen da: «200 urtez saldu den ideia, zientzia-gizona izan nahi duenak bere pentsaera erlijioaren katetik aske eduki behar duela izan da». Gainera, ikerketa-lanak egiten diren unibertsitateetan «erlijiozaleak isil-isilik egoten direla» esaten du.31

Makroeboluzioa egiatzat onartzekotan, honakoa sinetsi beharko duzu: zientzialari agnostiko eta ateoek, ez dutela utziko euren sinesmenek eraginik izan dezaten aurkikuntza zientifikoei esanahia egokitzean. Mutazioek eta hautespen naturalak bizi-forma konplexu guztiak sortu zituztela ere sinetsi beharko duzu, nahiz eta mende bateko ikerketen arabera, mutazioek ez duten genetikoki ezberdina den espezie bakar bat ere espezie guztiz berrian bihurtu. Gainera, izaki bizidun guztiak pixkanaka-pixkanaka arbaso beretik eboluzionatu zutela sinetsi beharko duzu, nahiz eta erregistro fosilak argi eta garbi agertu landare eta animalia mota nagusiak bat-batean azaldu zirela eta ez zutela beste mota batzuetan eboluzionatu milioika urtetan. Non dirudizu daudela oinarrituak mota honetako sinesmenak: mitoetan ala errealitatean? Zalantzarik gabe, eboluzioan sinestea «fede» kontua da.

^ § 3 Txakur-hazleek sortarazi ditzaketen aldaketak gene-akatsen ondorio dira sarritan. Adibidez, Teckelaren edo «saltxitxa-txakurraren» tamaina txikia, kartilagoaren ohiko garapenean gertatutako akatsak sortua da. Akats honek, nanismoa eragiten du.

^ § 6 Atal honetan «espezie» hitza sarri erabiltzen da. Baina kontutan hartu behar da hitz hau ez dela Bibliako Hasiera liburuan azaltzen. Esanahi zabalagoa duen «mota» hitza aurkitzen dugu biblia-itzulpen gehienetan. Askotan, zientzialariek espezie berrien eboluzioa deitzen dutena, «motetan» dauden bariazioak besterik ez dira, Hasiera liburuko narrazioan erabiltzen den zentzu berarekin.

^ § 8 Zelularen zitoplasmak, bere mintzek eta beste egitura batzuek ere organismoaren eraketan parte hartzen dutela erakusten dute ikerketek.

^ § 9 Lönnigek bizitza sortua izan zela sinesten du. Argitalpen honetan aipatutako bere iritziak, ez dute Max Planck institutuaren iritzia azaltzen.

^ § 10 Mutante berrien kopuruak etengabe behera egiten zuela, mutante mota berdinak erregularki azaltzen ziren bitartean, argi geratu zen behin eta berriz esperimentuetan. Gainera, landare mutazioen %1 baino gutxiago aukeratu zen ikerketa jarraitzeko eta talde honen %1 baino gutxiago zela egokia merkataritzarako ikusi zen. Hala ere, inoiz ez zen espezie guztiz berririk sortu. Animalietan, mutazio bidezko hazkuntzaren emaitzak are okerragoak izan ziren landareenekin alderatuta eta metodoa bertan behera utzi zen.

^ § 24 «Materialismoa», zentzu honetan, Unibertsoan dagoen guztia, bizi-forma guztiak barne, naturaz gaindiko esku-hartzerik gabe sortu zela esaten duen teoria da.