Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bizia: ustekabean sortua?

Norena da lehen diseinua?

Norena da lehen diseinua?

Azken urteetan bai zientzialariek, baita ingeniariek ere, landare eta animaliengandik ikasi dute (Job 12:7, 8). Hainbat izaki bizidunen ezaugarrien diseinuak aztertzen eta imitatzen ari dira, biomimetika deritzon arloan. Honen helburua, produktu berriak sortzea eta sortutakoen egiturak hobetzea da. Hurrengo adibideak aztertzen dituzun heinean, galdetu iezaiozu zeure buruari honakoa: «Nork merezi du diseinu hauengatik goraipatzea?».

 Zetazeoen hegatsak

Zer ikasi dezakete hegazkinen diseinariek xibartari esker? Asko, dirudienez. Xibarta edo «bale konkordun» helduek 30 bat tona pisatzen dute, zamaz beteriko kamioi batek haina, hain zuzen ere. Nahiko gogorra den gorputza ere badu, hegalak diruditen hegats handiekin. Hala ere, 12 metro neurtzen dituen animalia hau arin-arina da uretan.

Gorputz gogorra duen izaki bizidun honek jira-bira estuak arintasun handiarekin egiten dituela ikusteak, ikertzaileen jakinmina piztu zuen. Gakoa xibarten hegatsen forman dagoela aurkitu zuten. Hegatsen aurreko ertza ez da laua hegazkinen hegalen moduan, koskaduna baizik, tuberkulu izeneko protuberantzien ilara bat baitu.

Xibarta uretan mugitzen den heinean, tuberkulu hauek goranzko indarra handitu eta ur-erresistentzia txikitzen dute. Nola? Natural History aldizkariaren arabera, tuberkuluei esker hegatsen gaineko uraren abiadura bizkortzen da, fluxu-zirkular etengabea sortuz, nahiz eta xibartak, ur azalerantz igotzean, angelu oso estuak osatu.10

Nor da naturaren patentearen jabea?

Zertarako da erabilgarria aurkikuntza hau? Hegazkinen hegoak diseinu honetan oinarrituz gero, aleroi edo beste gailu mekaniko gutxiago beharko lirateke aire-fluxua aldatzeko. Honelako hegoak seguruagoak eta mantentzeko errazagoak izango lirateke. John Long biomekanikari jakitunaren ustez, laster «bidaiari-hegazkin oro xibarten hegatsen antzeko protuberantziekin ikusi ahal izango dugu seguraski».11

Kaioen hegalak

Hegazkinen hegoek hegaztien hegalak imitatzen dituztela jakina da. Hala ere, ingeniariak urrats bat harago joan dira imitazio honetan. «Floridako Unibertsitateko ikertzaileek kaioen antzera planeatu, beheratze zorrotza egin eta zerurantz berehala goratzeko gaitasunak dituen urrutitik gidatutako hegazkinaren prototipoa egin dute» dio New Scientistek.12

Kaioek aire-akrobazia harrigarriak egiten dituzte hegalak ukalondo eta sorbaldako  giltzaduratik tolestuz. Hegal malgu hauen diseinua kopiatuz, «urrutitik gidatutako 61cm-ko hegazkinaren prototipoak, motor txiki bat erabiltzen du hegoak mugitzen dituzten metalezko hagaxkak kontrolatzeko» dio aldizkariak. Trebeki diseinaturiko hego hauek, hegazkin txikiak eraikin altuen artean planeatu eta gainbehera bizian jaistea egiten dute posible. Militar batzuk, maneiatzeko erraza den hegazkin hau garatzeko gogotsu daude, hiri handietan arma kimiko edo biologikoak bilatzeko helburuarekin.

Kaioen hankak

Kaioa izotzaren gainean egon arren ez da izozten. Nola mantentzen du beroa hegazti honek? Arrazoietariko bat lurralde hotzetan bizi diren animalia batzuek duten ezaugarri berezia da: bero-trukea kontrakorrontean.

Bero-trukeak gorputza bero mantentzen du. Hotza oinetan gelditzen da.

Zer da bero-trukea kontrakorrontean? Hau ulertzeko, irudika itzazu elkarren ondoan estu loturiko bi ur-hodi. Ur beroa dabil batean, eta bestean, berriz, hotza. Ur beroa eta hotza, biak, hodian norabide berberean badabiltza, ur beroaren berotasunaren erdia gutxi gorabehera ur hotzera igaroko da. Hala ere, ur beroa eta ur hotza kontrako norabidean badabiltza, ia berotasun guztia igaroko da ur berotik ur hotzera.

Kaioa izotz gainean dagoenean, hanketan dituen bero-trukagailuek hegaztiaren hanka hotzetatik datorren odola berotzen dute. Bero-trukagailuek hegaztiaren gorputzeko berotasuna mantentzen dute eta beroak hanketatik ihes egitea saihesten dute. Arthur P. Fraasek, ingeniari mekaniko eta aeronautikoak, diseinu hau «munduko bero-trukagailu birsortzailerik eraginkorrena» dela dio.13 Diseinu hau hain da bikaina, ingeniariek kopiatu egin dutela.

 Nork merezi du goraipamena?

Kutxa-arrain horiaren diseinu aerodinamiko eta egonkorra imitatzen duen kotxe-prototipoa

NASA, bien bitartean, eskorpioien antzera ibiltzen den hanka ugaridun robota garatzen ari da. Finlandiako ingeniari enpresa batek, berriz, zomorro erraldoi baten antzera oztopoak gainditzen dituen sei hankadun traktorea garatu du jadanik. Beste ikertzaile batzuek, pinaburuak ireki eta ixten diren modua imitatzen duen xafla txikidun ehuna diseinatu dute; oihal mota hau pertsonaren gorputzaren tenperaturara egokitzen da. Automobil enpresa bat, kutxa-arrain horiaren diseinu aerodinamiko berezia imitatzen duen autoa garatzen ari da. Beste ikertzaile batzuk, itsas belarrien maskorrak dituen ezaugarri moteltzaileak aztertuz, probak egiten ari dira, balen kontrako txaleko arinago eta indartsuagoak lortzeko.

Izurdeen oihartzun sonarra gizakien kopia baino hobea da

Naturari esker ideia bikainak lortu direnez, ikertzaileek datu-base bat eratu dute milaka sistema biologiko desberdin katalogatzeko. Zientzialariek datu-base honetara jo dezakete «diseinu arazoei naturan oinarritutako konponbideak» bilatzeko, dio The Economistek. Datu-base honetan dauden naturako sistemei, patente biologikoak deitzen zaie. Patente baten jabea, ideia edota gailu berri bat legalki erregistratzen duen pertsona edo erakundea izan ohi da. Patente biologiko hauen datu-baseari buruz jardutean, The Economistek honakoa dio: «Biomimetikak dituen ideia aparta hauei “patente biologikoak” deituz, ikertzaileek natura dela patente hauen jabea azpimarratu besterik ez dute egiten».14

Zientzialariak itsas belarrien maskorrak dituzten ezaugarri moteltzaileak aztertzen ari dira

Nondik atera ditu naturak ideia bikain hauek guztiak? Ikertzaile askoren ustez, naturan begi-bistan dauden diseinu aparta hauek, milioika urte iraun duen saio eta hutsegitez beteriko prozesu ebolutiboaren emaitza dira. Beste ikertzaile batzuk, aldiz, beste ondorio batera iritsi dira. Michael J. Behe mikrobiologoak hauxe idatzi zuen 2005eko otsailaren 7ko The New York Timesen: «[Naturak] agertzen duen diseinuak argudio ukaezin bati bide ematen dio: karranka egin eta ahate baten itxura  eta ibilera badu, orduan, kontrako frogarik ez badago, ahatea dela pentsatzeko arrazoiak ditugu». Zein da bere ondorioa? «Begi-bistakoa delako soilik, ezin da diseinua dagoenik baztertu».15

Gekoa gainazalik leunenetan ere ibili daiteke indar molekularrak erabiliz

Noski, hegazkinen hego seguru eta eraginkorragoak diseinatzen dituen ingeniariak, bere diseinuarengatik txalotzea merezi du, janzteko oihal erosoagoa edo hobea den ibilgailua asmatu duen diseinatzaileak bezala. Izan ere, beste edonoren diseinua kopiatu eta honen diseinatzaileari meritua ematen ez dion fabrikatzailea, gaizkiletzat jotzen da.

Zer pentsatzen duzu zuk? Ondo prestaturiko ikertzaileek, trakeski imitatu dituzte naturako sistemak ingeniaritza arazoak konpontzeko. Hala eta guztiz ere, jatorrizko diseinuaren ideia adimenik gabeko eboluzioak izan duela diote batzuek. Arrazoizkoa iruditzen al zaizu? Kopiak adimentsua den diseinatzailea behar baldin badu, jatorrizkoak ere beharko ote du? Nork merezi du ohore handiagoa? Ingeniari nagusiak ala ingeniariaren diseinuak imitatzen dituen ikasleak?

Arrazoizko ondorioa

Naturan diseinua dagoela erakusten duten frogak aztertu ondoren, jende askok Paulo biblia-idazlearen sentimenduekin bat egiten du: «Mundua mundu denetik, berez ikusezina dena, hau da, Jainkoaren betiereko ahalmena eta jainkotasuna, ikusgarri gertatzen zaio haren egintzak aztertzen dituenari» (Erromatarrei 1:19, 20).