Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 49. PASARTEA

Erregina gaiztoak zigorra jaso zuen

Erregina gaiztoak zigorra jaso zuen

Akab erregeak Nabot izeneko gizonaren mahastia ikus zezakeen Izreelen zuen jauregiko leihotik. Akabek mahasti hura nahi zuenez, Naboti erosten saiatu zen. Baina Nabotek ez zion saldu nahi izan, Jehobaren legearen aurka baitzegoen arbasoengandik jasotako lurrak saltzea. Errespetatu ote zuen Akabek Nabot zuzena zena egin nahi izateagatik? Ez. Akab asko haserretu zen. Hain haserre zegoen, bere gelatik atera gabe egon zela ezertxo ere jan gabe.

Akaben emazteak, Jezabel erregina gaiztoak, honakoa esan zion senarrari: «Israelgo erregea zarenez, nahi duzun edozer eduki dezakezu. Nik lortuko dizut lur hori». Beraz, gutunak idatzi zizkien hiriko arduradunei Nabot Jainkoa madarikatzeagatik salatu eta harrika hil zezaten aginduz. Arduradunek Jezabelek esandakoa egin zuten eta, gero, erreginak Akabi esan zion: «Nabot hilda dago! Mahastia zurea da».

Nabot ez zen Jezabelek hil zuen errugabe bakarra izan. Izan ere, Jehoba maite zuen jende ugari hil zuen. Irudiak gurtu eta beste gauza txar asko ere egiten zituen. Baina Jehobak Jezabelek egindako gauza txar guztiak ikusi zituen. Zer egingo zuen berarekin?

Denborarekin, Akab hil egin zen. Geroago, bere semea, Joram, errege bihurtu zen. Orduan, Jehobak Jehu izeneko gizona bidali zuen Jezabel eta honen familia zigortzeko.

Jehu bere gurdira igo eta Izreelerantz abiatu zen, Jezabel bizi zen hirirantz. Joram, bere gurdian igota, Jehurengana joan eta galdetu zion: «Bakez al zatoz?». Jehuk erantzun: «Ez dugu bakerik izango zure ama, Jezabel, gauza maltzurrak egiten ari den bitartean». Orduan,  gurdia biratu eta ihes egiten saiatu zen Joram. Baina Jehuk gezia jaurti zion eta hil egin zuen.

Gero, Jehu Jezabelen jauregirantz abiatu zen. Bazetorrela jakin zuenean, erreginak begiak margotu, ilea apaindu eta goiko pisuko leihoan itxaron zion. Jehu iritsi zenean, zakar-zakar agurtu zion Jezabelek. Orduan, honen alboan zeuden zerbitzariei oihukatu zien Jehuk: «Bota hori behera!». Jezabel leihotik behera bultzatu zutenean, lurrera erori eta hil egin zen.

Hau gertatu eta gero, Jehuk Akaben 70 semeak hilarazi zituen eta Baalen gurtza kendu zuen lurralde hartatik. Ikusi al duzu Jehobak guztia dakiela eta, une egokian, gauza txarrak egiten dituztenak zigortzen dituela?

«Zeren diru-gosea baita gaitz guztien sustraia» (1 Timoteori 6:10).