Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 41. PASARTEA

Dabid eta Saul

Dabid eta Saul

Dabidek Goliat hil ondoren, Saul erregeak gudarostearen buru jarri zuen. Dabidek borroka asko irabazi zituen eta oso ezaguna egin zen. Gudutik itzultzen zen bakoitzean, emakumeak dantzatuz eta kantatuz ateratzen zitzaizkion bidera: «Saulek mila hil ditu, Dabidek, ordea, hamar mila!». Beraz, Saul oso jeloskor jarri eta Dabid hil nahian hasi zen.

Dabidek harpa oso ondo jotzen zuen. Saulen aurrean arpa jotzen ari zen batean, erregeak lantza jaurti zion. Dabidek ozta-ozta ihes egitea lortu zuen lantzak horma joz. Hau gertatu eta gero, beste askotan saiatu zen Saul Dabid hiltzen. Azkenean, Dabid basamortuan ezkutatu zen ihesi.

Hartu zituen Saulek 3.000 gizon eta Dabiden bila joan zen. Ustekabean, Dabid bere gizonekin ezkutatuta zegoen leizezulo berean sartu ziren. Honakoa xuxurlatu zioten Dabidi bere  gizonek: «Saul hiltzeko aukera paregabea duzu». Hortaz, Dabid isil-isilik gerturatu eta Sauli jantziaren ertza ebaki zion. Saul ez zen ezertxotaz ere konturatu. Baina, ondoren, Dabid oso gaizki sentitu zen Jehobak gantzututako erregeari ez ziolako errespeturik agertu. Hortaz, ez zien utzi bere gizonei Saul erasotzen. Erregea leizezulotik atera zenean, Dabidek oihu egin zion bera hiltzeko aukera izan zuela esanez. Aldatuko ote zuen Saulek Dabidi buruz zuen ikuspuntua?

Ez. Saulek Dabiden bila jarraitu zuen. Gau batean, Dabid eta bere iloba Abixai Saulen kanpalekuan sartu ziren isilean. Denak lo zeuden, baita Abner ere, Saulen zaindaria. Abixaik esan zuen: «Hau da gure aukera! Utzidazu bera hiltzen». Dabidek erantzun: «Jehobak berak emango dio merezi duena. Har ditzagun bere lantza eta urontzia eta joan gaitezen».

Dabid gertu zegoen mendi batera igo zen Saulen kanpalekua ikusteko. Orduan oihukatu zuen: «Abner, zergatik ez duzu babestu zure erregea? Non dira Saulen lantza eta urontzia?». Saulek, Dabiden ahotsa ezagutuz, esan zion: «Ni hiltzeko aukera izan duzu, baina ez duzu egin. Badakit zu izango zarela Israelgo hurrengo erregea». Saul, beraz, bere jauregira itzuli zen. Baina Saulen familiarteko denek ez zuten Dabid gorrotatzen.

«Zeuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin. Ene maiteok, ez egin mendekurik zeuen kontura; utzi Jainkoari zigorra ematea» (Erromatarrei 12:18, 19).