Jerikon gertatutakoaren berriak Kanaango beste nazio batzuetara zabaldu ziren. Nazio hauen erregeek bat egin zuten israeldarren aurka borrokatzeko. Baina gabaondarrek beste asmo bat zuten. Arropa zaharrak jantzirik, Josuerengana joan ziren: «Lurralde urrun batetik gatoz. Jehobaren berri izan dugu, baita Egipton eta Moaben zuen alde egin zuen guztiaren berri ere. Ez diguzuela erasoko hitz eman eta zuen zerbitzari bihurtuko gara».

Josuek sinetsi egin zituen eta ez zituela erasoko promestu zien. Baina hiru egun beranduago, ez zirela urruneko lurralde batekoak jakin zuen. Kanaango lurraldekoak ziren! Josuek galdetu zien: «Zergatik esan diguzue honelako gezurra?». Gabaondarrek orduan: «Erabat izutuak geunden. Badakigu Jehobak, zuen Jainkoak, zuen alde egiten duela borroka. Ez gaitzazue hil, arren!». Josuek, bere hitza betez, ez zituen hil.

Handik gutxira, bost kanaandar erregek eta hauen gudarosteek gabaondarrak eraso zituzten. Josue eta honen gudarostea gau osoan ibili ziren oinez gabaondarrei laguntzera joateko.  Goiza iritsi bezain pronto borroka hasi zen. Kanaandarrek norabide guztietara egin zuten ihes. Baina korrika joan ziren leku guztietan, Jehobak izugarrizko kazkabarra bota zien gainera. Orduan, Josuek eguzkia geldirik egoteko eskatu zion Jehobari. Zergatik egin ote zion eskari hori eguzkia inoiz ez bazen geldirik egon? Jehobarengan konfiantza zuelako. Egun osoan eguzkia geldi egon zen israeldarrek kanaandar errege eta gudarosteak garaitu zituzten arte.

«Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator» (Mateo 5:37).