Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 34. PASARTEA

Gedeonek madiandarrak garaitu zituen

Gedeonek madiandarrak garaitu zituen

Denborarekin, israeldarrak Jehobarengandik aldendu eta jainko faltsuak gurtzen hasi ziren. Zazpi urtez, madiandarrak israeldarren animaliak lapurtzen eta uztak suntsitzen ibili ziren. Haiengandik babesteko, israeldarrak kobazuloetan eta mendietan ezkutatu ziren. Orduan, Jehobari salbatzeko erregutu zioten. Beraz, Jehobak aingeru bat bidali zuen Gedeon izeneko gizon gaztearengana. Aingeruak esan zion: «Jehobak gudari boteretsu izateko aukeratu zaitu». Gedeonek galdetu zion: «Nola salbatuko dut Israel? Ez naiz inor eta».

Nola jakingo zuen Gedeonek Jehobak aukeratu zuela? Ardi-larru bat lurrean jarri eta Jehobari esan zion: «Goizean ardi-larrua bustita eta lurra lehorra badago, Israel salbatzeko aukeratu nauzula jakingo dut». Hurrengo egunean, ardi-larrua blai eginda zegoen eta lurra, berriz, lehor-lehorra! Baina Gedeonek hurrengo egunean ardi-larrua lehorra eta lurra bustita egotea eskatu zion Jehobari. Horrela gertatu zenean, Jehobak aukeratu zuela jakin zuen Gedeonek zalantzarik gabe. Orduan, bere soldaduak bildu zituen madiandarren aurka borrokatzeko.

 Jehobak Gedeoni esan zion: «Israeldarrei garaipena emango diet. Baina soldadu asko dituzunez, garaipena zuen kabuz lortu duzuela pentsatuko duzue. Hortaz, esan beldurrez dagoen orori etxera itzultzeko». Beraz, 22.000 soldadu etxera itzuli eta 10.000 gelditu ziren. Jehobak, orduan, esan zuen: «Oraindik ere soldadu gehiegi dira. Jaitsarazi itzazu errekara eta esaiezu ura edateko. Hartu zurekin ura edaten duten bitartean erne daudenak». 300 gizon bakarrik egon ziren erne. Hortaz, Jehobak soldadu gutxi horiek 135.000 soldadu madiandar garaituko zituztela promestu zuen.

Gau hartan, Jehobak Gedeoni esan zion: «Oraintxe duzu madiandarrak erasotzeko unea!». Gedeonek adarrak eta barruan tortxak zituzten ontzi handiak eman zizkien bere gizonei. Esan zien: «Begira niri eta egin zehatz-mehatz egingo dudana». Gedeonek adarra jo, ontzia puskatu, tortxa astindu eta oihukatu zuen: «Jehoba eta Gedeonen ezpata!». Bere 300 gizonek berdina egin zuten. Madiandarrak, orduan, norabiderik gabe korrika hasi ziren ikararen ikaraz. Nahaspila horretan, elkarren aurka borrokatzen hasi ziren. Jehobak, berriz ere, etsaiak garaitzen lagundu zien israeldarrei.

«Altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daramagu, garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik» (2 Korintoarrei 4:7).