Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 25. PASARTEA

Jehoba gurtzeko tabernakulua

Jehoba gurtzeko tabernakulua

Moises Sinai mendian zegoenean, Jehobak tabernakulu izeneko denda berezi bat egiteko esan zion. Israeldarrek Jehoba gurtu ahalko zuten tabernakuluan. Noranahi zihoazela, beraiekin eramateko moduan eraiki behar zuten.

Jehobak Moisesi esan zion: «Esan herriari tabernakulua egiteko ahal duena ekarri dezala». Israeldarrek urrea, zilarra, bitxiak eta harribitxiak eraman zituzten. Artilea, lihoa, animalia-larruak eta beste gauza asko ere eman zituzten. Oso eskuzabalak izan zirenez, Moisesek honakoa esan behar izan zien: «Dagoeneko nahikoa dugu. Ez ezazue gehiago ekarri».

Gizon-emakume trebe asko ibili ziren tabernakulua egiten. Jehobak jakinduria eman zien horretarako. Batzuek ehunak landu eta bordatu zituzten. Beste batzuek harriak jarri, urrearekin lan egin edo egurra landu zuten.

Tabernakulua Jehobak esan bezalaxe eraiki zuen herriak. Gortina zoragarri bat egin zuten tabernakulua bitan banatzeko, toki santua eta toki santu-santua. Toki santu-santuan akazia egurrez eta urrez eginiko itun-kutxa zegoen; toki santuan, berriz, kandelentzako urrezko euskarria, mahaia eta intsentsua erretzeko aldarea. Atarian garbiontzia eta aldare handi bat zeuden. Israeldarrek Jehoba obedituko zutela promestu zuten eta itun-kutxak promesa hau  gogorarazten zien. Ba al dakizu zer den itun bat? Promesa mota berezi bat da.

Jehobak Aaron eta honen semeak aukeratu zituen tabernakuluko apaizak izateko. Tabernakulua zaindu eta Jehobari eskaintzak egin beharko zizkioten han. Baina toki santu-santuan Aaron apaiz nagusia soilik sartu zitekeen. Urtean behin bakarrik sartzen zen han beraren, familiaren eta Israelgo nazio osoaren bekatuengatik eskaintza egiteko.

Egiptotik irten eta urtebetera bukatu zuten israeldarrek tabernakulua. Orain bazuten Jehoba gurtzeko tokia!

Jehobak tabernakuluarekin pozik zegoela azaldu zien israeldarrei eta laino bat ipini zuen honen gainean. Lainoa gainean zegoen bitartean, israeldarrak leku hartan gelditzen ziren. Baina lainoa altxatzen zenean, bazekiten joateko unea zela. Orduan, tabernakulua jaso eta lainoa jarraitzen zuten.

«Eta ahots handia entzun nuen tronutik esaten: “Hona Jainkoak gizon-emakumeen artean jarri duen bizilekua; haiekin biziko da; haiek izango ditu bere herri, eta Jainkoa bera izango dute berekin”» (Apokalipsia 21:3).