Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Aukeratu hizkuntza Euskara

 16. PASARTEA

Nor izan zen Job?

Nor izan zen Job?

Utz izeneko lurraldean Jehoba gurtzen zuen gizon bat bizi zen, Job. Familia handia zuen eta oso aberatsa zen. Bihotz onekoa zenez, behartsuei, emakume alargunei eta guraso gabeko haurrei laguntzen zien. Izango al zuen arazorik horren gauza onak egiten zituen gizonak?

Jobek ez jakin arren, Satanas berari begira ari zen. Jehobak hau esan zion Satanasi: «Ohartu al zara Job nire zerbitzariaz? Ez du parekorik. Nire esana entzun eta zuzena dena egiten du». Satanasek erantzun zion: «Ez al du, ba, zure esana egingo? Zeuk babesten eta bedeinkatzen duzu. Lurrak eta animaliak ematen dizkiozu. Kendu hori guztia eta ez zaitu gehiago zerbitzatuko». Jehobak orduan: «Job proba dezakezu, baina ezin duzu hil». Zergatik utzi zion Jehobak Satanasi Job probatzen? Ziur zegoelako Jobek ez ziola hutsik egingo.

Job ezbehar ugarirekin probatzen hasi zen Satanas. Lehendabizi, sabeoar talde bat bidali zuen Joben ganadua lapurtzera. Ondoren, suak Joben artaldea kiskali zuen. Beste talde batek, kaldearrek, gameluak lapurtu zizkion. Gainera, animaliak zaintzen ari ziren zerbitzariak hil egin zituzten. Jarraian, ezbehar okerrena etorri zen. Joben seme-alaba guztiak hil ziren bazkaltzen ari ziren etxea gainera erorita! Job lur jota egon arren, Jehoba gurtzen jarraitu zuen.

Jobek gehiago sufritu zezan, Satanasek zauri gaiztoz bete zion gorputz osoa. Hauek izugarrizko mina eragiten zioten.  Gainera, ez zekien zergatik gertatzen ari zitzaion hau dena. Hala ere, Jehoba gurtzen jarraitu zuen. Hau ikusita, Jainkoa oso pozik zegoen Jobekin.

Satanasek, gero, hiru gizon bidali zituen Job probatzeko. Hau esan zioten Jobi: «Bekatu egin eta ezkutatzen saiatu zara. Horregatik ari zaizu Jainkoa zigortzen». Jobek erantzun zien: «Errugabea naiz». Baina gauza txar guzti hauek Jehobak sortzen zizkiola pentsatzen hasi zen eta, orduan, berarekin ez zela zuzen jokatzen ari esan zuen.

Elihu gizon gaztea elkarrizketa isil-isilik entzuten egon zen. Ondoren, hitza hartu zuen: «Esan duzuen guztia dago gaizki. Uler dezakeguna baino handiagoa da Jehoba. Ezin du ezer txarrik egin. Guztia ikusten du eta jendeari arazoekin laguntzen dio».

Jarraian, Jehobak Jobi hitz egin zion: «Non zeunden zeru-lurrak egin nituenean? Zergatik esan duzu ez naizela zuzena? Gauzak zergatik gertatzen diren jakin gabe hitz egin duzu». Jobek, orduan, bere akatsa aitortu zuen: «Oker nengoen. Entzunez bakarrik ezagutzen zintudan, baina, orain, ondo ezagutzen zaitut. Ez dago ezinezkorik zuretzat. Beraz, esandakoaz damutzen naiz».

Probak amaitu zirenean, Jehobak osasuna itzuli zion Jobi eta lehen zeukana baino askoz ere gehiago eman zion. Bizitza luze eta zoriontsua izan zuen. Jehobak bedeinkatu egin zuen zaila izan zen uneetan ere bere esana egiteagatik. Eta zu? Izango al zara Job bezalakoa? Gurtuko al duzu Jehoba datorrena datorrela?

«Ezaguna duzue Joben eroapena, eta badakizue nolako azkena eman zion Jaunak» (Santiago 5:11).