Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 97. PASARTEA

Kornelio espiritu santuz bete zen

Kornelio espiritu santuz bete zen

Bazen Zesarean Kornelio izeneko gizon bat, erromatar gudarosteko buruzagi garrantzitsua. Judua ez izan arren, errespetu handia zioten juduek. Gainera, behartsuei eskuzabaltasunez laguntzen zien. Korneliok Jehobarengan sinesten zuen eta etengabe egiten zion otoitz. Behin batean, aingeru bat agertu zitzaion honakoa esanez: «Jainkoak zure otoitzak entzun ditu. Orain, bidali itzazu gizon batzuk Jopera, Pedrorengana, zuregana etorri dadin eskatzeko». Beraz, Korneliok segituan hiru gizon bidali zituen Jopera. Hiri hau Zesareatik 50 bat kilometro hegoaldera zegoen.

Bien bitartean, Pedrok ikuskari bat izan zuen Jopen. Juduek jatea debekatuta zituzten animaliak ikusi zituen eta horiek jateko esaten zion ahotsa entzun zuen. Baina Pedrok ezetz esan zion: «Sekula ez dut zikina den animaliarik jan». Ahotsak erantzun zion: «Ez esan animalia hauek zikinak direnik, Jainkoak garbi egin baititu». Ahotsak jarraitu zuen: «Hiru gizon daude zure atean. Zoaz beraiekin». Orduan, Pedro atera joan eta gizonei zertara etorri ziren galdetu zien. Hau erantzun zioten: «Korneliok bidali gaitu, Erromako gudarosteko buruzagiak. Zatoz gurekin Zesareara, bere etxera». Gaua berarekin  igarotzera gonbidatu zituen Pedrok. Hurrengo egunean, beraz, Zesareara joan zen gizonekin eta Jopeko beste anaia batzuekin.

Pedro ikustean, Kornelio bere aurrean ahuspeztu zen. Baina Pedrok esan zion: «Altxa zaitez. Gizaki hutsa naiz ni ere, zu bezalaxe. Jainkoak zure etxera etortzeko esan dit, nahiz eta juduok ez garen juduak ez direnen etxeetara sartzen. Orain, mesedez, esadazu zergatik eskatu didazun etortzeko».

Korneliok Pedrori esan zion: «Duela lau egun, Jainkoari otoitz egiten ari nintzela, aingeru batek zure bila joateko esan zidan. Irakatsiguzu Jehobaren esana, mesedez». Pedrok erantzun zion: «Jainkoak bereizketarik ez duela egiten ikasi dut. Bera gurtu nahi duen edonor onartzen du». Hortaz, Pedrok Jesusi buruzko gauza asko irakatsi zizkien. Ondoren, espiritu santuz bete ziren Kornelio eta berarekin zeuden guztiak eta bataiatu egin ziren.

«Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko» (Eginak 10:34, 35).