Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Aukeratu hizkuntza Euskara

 99. PASARTEA

Kartzelazainak Jehobari buruz ikasi zuen

Kartzelazainak Jehobari buruz ikasi zuen

Bazen Filipon barrenean deabru bat zuen zerbitzari gazte bat. Deabruak geroa iragartzeko ahalmena ematen zion neskatxa hari eta irabazi ederra ematen zien bere nagusiei egiten zituen iragarpenen bidez. Paulo eta Silas Filipora joan zirenean, egun askoz jarraika izan zuten neskatxa hura. Deabruak eraginda, honakoa oihukatzen zuen: «Gizon hauek Jainko Gorenaren zerbitzariak dira!». Azkenik, Paulok esan zion deabruari: «Jesusen izenean, irten zaitez neskatxaren barrenetik!». Beraz, deabrua irten egin zen.

Neskatxaren nagusiak asko haserretu ziren ez zutela diru gehiago irabaziko ikustean. Beraz, Paulo eta Silas agintariengana eraman zituzten hau esanez: «Gizon hauek legea hausten eta bazter guztiak nahasten ari dira!». Agintariek, orduan, Paulo eta Silas jotzeko eta espetxeratzeko agindu zuten. Gero, kartzelazainak espetxearen barru-barruko gela ilunenean sartu zituen, oinak zepoan lotuz.

Paulo eta Silas Jehobari gorespenak kantatzen aritu ziren beste presoek entzuten zituzten bitartean. Bat-batean, gauaren erdian, lurrikara bortitz batek kartzela guztiz astindu zuen. Espetxeko ateak kolpetik ireki ziren eta presoen kate eta zepoak askatu. Barruraino presaka sartzean, kartzelazainak ateak irekita zeudela ikusi zuen. Beraz, presoek ihes egin zutelakoan, ezpata bat hartu zuen bere burua hiltzeko.

Momentu hartantxe, Paulok deiadar egin zion: «Ez egin kalterik zeure buruari! Hemen gaude guztiok!». Orduan, kartzelazaina Paulo eta Silasengana korrika joan eta haien aurrean belaunikatu zen. Honakoa galdetu zien: «Zer egin behar dut salbatzeko?». Esan zioten: «Zu eta zure etxekoek Jesusengan sinetsi behar duzue». Gero, Jehobari buruz irakatsi zieten eta, azkenik, kartzelazaina eta etxeko guztiak bataiatu egin ziren.

«Baina gauza guzti horiek gertatu baino lehenago, harrapatuko zaituzte, eta pertsegituko zaituzte, eta ipiniko zaituzte Sinagogetan, eta indarrez eramango zaituzte erregeengana eta agintariengana, nire izenagatik. Eta horiek balioko dizute nire testigantza emateko» (Lukas 21:12, 13, BJU ).