Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

 94. PASARTEA

Jesusen jarraitzaileek espiritu santua jaso zuten

Jesusen jarraitzaileek espiritu santua jaso zuten

Jesus zerura itzuli eta hamar egunetara, bere jarraitzaileek espiritu santua jaso zuten. 33. urteko Mendekoste eguna zen eta leku askotako jendea etorria zen Jerusalemera hau ospatzera. Etxe baten goiko gelan 120 bat jarraitzaile bilduta zeuden. Bat-batean, harrigarria zen zerbait gertatu zen. Sugarra zirudiena azaldu zen jarraitzaile bakoitzaren buru gainean eta guztiak hizkuntza desberdinetan hitz egiten hasi ziren. Gainera, haize-boladaren antzeko burrunba handi bat entzun zen etxe osoan.

Burrunba entzutean, Jerusalemera joanak ziren kanpotarrak etxera joan ziren korrika gertatzen zena ikustera. Jesusen jarraitzaileak beraien hizkuntzatan hitz egiten entzutean, txunditurik gelditu ziren. Hau esaten zuten: «Baina ez al dira galilearrak? Nolatan ari dira, ba, gure hizkuntzetan hitz egiten?».

Ondoren, Pedro eta beste apostoluak jendetzaren aurrean zutik jarri ziren. Jesus hila nola izan zen eta Jehobak hildakoen  artetik piztu zuela azaldu zien Pedrok. Gainera, esan zien: «Orain Jesus zeruan dago, Jainkoaren eskuinaldean, eta promestutako espiritu santua eman digu. Horregatik ikusi eta entzun dituzue mirari hauek».

Pedroren hitzek jendea hunkitu zuten. Ondorioz, hau galdetu zioten: «Zer egin behar dugu?». Pedrok erantzun zien: «Damutu egindako bekatuez eta bataia zaitezte Jesusen izenean. Zuek ere espiritu santua jasoko duzue». Egun hartan, 3.000 bat lagun bataiatu ziren. Handik aurrera, jarraitzaile kopurua oso azkar handitu zen Jerusalemen. Espiritu santuaren laguntzaz, apostoluek kongregazio gehiago sortu zituzten, era horretara, jarraitzaileei Jesusek agindutako guztia irakasteko.

«Zeure ahoz Jesus dela Jauna aitortzen baduzu, eta zeure bihotzean Jainkoak hildakoen artetik piztu zuela sinesten baduzu, salbatu egingo zara» (Erromatarrei 10:9).