Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 96. PASARTEA

Jesusek Saulo aukeratu zuen

Jesusek Saulo aukeratu zuen

Saulo Tarson jaiotako erromatar hiritarra zen. Juduen legeetan aditua zen fariseu honek kristauak gorrotatzen zituen. Gizon nahiz emakume kristauak euren etxeetatik arrastaka atera eta kartzelan sartzen zituen. Haserreturiko jende talde batek Esteban harrika hil zuen bitartean ere, hantxe egon zen begira.

Baina Saulok ez zuen nahikoa Jerusalemgo kristauak atxilotzearekin. Hortaz, apaiz nagusiari Damaskora bidaltzeko eskatu zion bertako kristauak ere harrapatu ahal izateko. Hirira hurbiltzen zihoala, bat-batean, argi distiratsu batek inguratu, lurrera erori eta ahots bat entzun zuen: «Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu?». Saulok galdetu zion: «Nor zara zu?». Hau izan zen erantzuna: «Jesus naiz. Zoaz Damaskora eta zer egin behar duzun jakingo duzu». Une hartan, Saulo itsutu egin zen eta eskutik helduta eraman behar izan zuten hirira.

Bazen Damaskon Ananias izeneko kristau leial bat. Ikuskari batean Jesusek esan zion: «Zoaz Judasen etxera, Kale Zuzenera, eta bilatu ezazu Saulo». Ananiasek orduan: «Jauna, gizon horri buruzko dena dakit! Zure jarraitzaileak espetxean sartzen ari da!». Baina Jesusek esan zion: «Zoaz berarengana, Saulo aukeratu baitut berri onak nazio askori zabaltzeko».

Beraz, Ananiasek Saulo aurkitu eta esan zion: «Anaia Saulo, Jesusek zure begiak irekitzera bidali nau». Une horretantxe, Saulok berriro ikusi ahal izan zuen. Jesusi buruz ikasi eta bere jarraitzaile egin zen. Orduan, kristau izateko bataiatu eta beste kristauekin batera sinagogatan predikatzen hasi zen. Imajina al dezakezu juduen harridura Saulo Jesusi buruz hitz  egiten ikustean? Hau zioten: «Ez al da, ba, hau Jesusen jarraitzaileak harrapatzen ibiltzen zena?».

Hiru urtez Damaskoko hiritarrei predikatzen ibili zen Saulo. Juduek gorroto handia ziotenez, hiltzea erabaki zuten. Baina anai-arrebek hau jakitean, Saulori ihes egiten lagundu zioten. Horretarako, saski batean jarriz, harresian zegoen zulo batetik behera jaitsi zuten.

Saulo Jerusalemera joan zenean, bertako anai-arrebekin elkartzen saiatu zen. Baina beldur zioten. Hortaz, Bernabe izeneko kristau jatorrak, apostoluengana eraman zuen Saulo jarrera aldatu zuela azalduz. Konbentzitu egin zituenez, Jerusalemgo kongregazioarekin batera berri onak sutsu zabaltzen hasi zen Saulo. Beranduago, Paulo izenaz egin zen ezaguna.

«Kristo Jesus bekatariak salbatzera etorri ze[n] mundura. Eta inor ez ni baino bekatariagorik» (1 Timoteori 1:15).