Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 95. PASARTEA

Ezerk ez zituen gelditu

Ezerk ez zituen gelditu

Egunero gizon elbarri bat egoten zen tenpluko atean eserita, eskean. Arratsalde batean, Pedro eta Joan ikusi zituen tenplura sartzen. Hortaz, esan zien: «Emadazue zerbait, mesedez». Pedrok erantzun zion: «Dirua baino hobea den zerbait dut zuretzako. Jesusen izenean, jaiki eta ibili zaitez!». Orduan, Pedrok jaikitzen lagundu zion eta gizona oinez hasi zen! Mirari hau ikustean jendetza hainbeste hunkitu zen, asko sinesten hasi zirela.

Baina apaizak eta saduzearrak oso haserre zeuden. Apostoluak atxilotu, Biltzar Nagusiarengana, hau da, erlijio-buruen batzordearengana eraman eta galdetu zieten: «Nork eman dizue gizon hau sendatzeko boterea?». Pedrok erantzun zien: «Zuek hil zenuten Jesu Kristok». Erlijio-buruek, orduan, oihukatu zuten: «Ez hitz egin gehiago Jesusi buruz!». Baina apostoluek esan zieten: «Egin beharra dugu. Ez diogu hitz egiteari utziko!».

Pedro eta Joan libre geratu bezain pronto, beste jarraitzaileengana abiatu ziren gertatutakoa kontatzera. Elkarrekin otoitz egin zuten Jehobari hau eskatuz: «Arren, lagundu ausartak izaten zure lana egiten segi dezagun». Hortaz, Jehobak espiritu santua eman zien predikatze-lanean eta sendaketak egiten jarrai zezaten. Ondorioz, gero eta jende gehiago hasi zen sinesten. Saduzearrak horren jeloskor zeuden, apostoluak atxilotu eta espetxeratu egin zituztela. Baina, gau hartan bertan, Jehobak aingeru bat bidali zuen. Aingeruak espetxeko ateak ireki zituen eta apostoluei esan zien: «Itzuli tenplura eta irakatsi ezazue han».

Eguna argitzean, Biltzar Nagusiari honakoa adierazi zion norbaitek: «Espetxeko ateak itxita daude oraindik, baina zuek atxilotutako gizonak ez daude. Jendeari irakasten dabiltza tenpluan!». Beraz, apostoluak berriro atxilotu  eta Biltzar Nagusiarengana eraman zituzten. Apaiz nagusiak esan zien: «Jesusi buruz ez hitz egiteko agindu genizuen!». Baina Pedrok erantzun zien: «Jainkoaren esana egin behar dugu gizakien esanaren aurretik».

Erlijio-buruek, haserre bizian, apostoluak hil nahi izan zituzten. Baina Gamaliel izeneko fariseua zutik jarri eta esan zuen: «Kontuz! Jainkoa gizon hauekin egon daiteke. Jainkoaren aurka borrokatu nahi al duzue?». Hortaz, kasu egin zioten. Apostoluak makilez jo eta, berri onak gehiago ez zabaltzeko agindu ondoren, aske utzi zituzten. Baina honek ez zituen apostoluak gelditu. Berri onak ausardiaz zabaltzen jarraitu zuten, bai tenpluan, baita etxez etxe ere.

«Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena» (Eginak 5:29).