Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 91. PASARTEA

Jesusen piztuera

Jesusen piztuera

Jesus hil ondoren, Jose izeneko gizon aberats batek Jesusen gorpua zutoinetik kentzen uzteko eskatu zion Pilatori. Josek gorpua izara garbi batean bildu, tartean lurringaiak ezarri eta hilobi berri batean jarri zuen. Gero, harri astun bat ipini zuen sarreran. Baina apaiz-buruek hau esan zioten Pilatori: «Jesusen jarraitzaile batzuek bere gorpua hartu eta berpiztua izan dela esango dutenaren beldur gara». Beraz, Pilatok erantzun zien: «Itxi hilobia eta ipini zaindariak».

Hura gertatu eta hirugarren egunean, goizean goiz, emakume batzuk hilobira joan eta norbaitek harria mugitu zuela ikusi zuten. Hilobi barruan aingeru batek hau esan zien: «Ez beldurtu. Jesus berpiztua izan da. Zoazte eta esan bere jarraitzaileei berarekin Galilean topatzeko».

Bitartean, Joan eta Pedroren bila abiatu zen bizkor-bizkor Magdalako Maria. Esan zien: «Norbaitek Jesusen gorpua hartu du!». Orduan, Pedro eta Joanek hilobirantz jo zuten lasterka. Hilobia hutsik ikustean, bakoitza bere etxera itzuli zen.

Maria hilobira itzuli zenean, bi aingeru ikusi zituen barruan eta hau esan zien: «Ez dakit non ipini duten nire Jauna». Ondoren, gizon bat ikusi zuen eta, baratzezaina zelakoan, esan zion: «Esadazu non ipini duzun, mesedez». Baina gizonak «Maria!» esan zionean, emakumeak Jesus zela jakin zuen. Orduan, «Maisu!» oihukatu eta besarkatu egin zuen. Jesusek esan zion: «Zoaz eta esan nire anaiei ikusi nauzula». Berehala, Maria jarraitzaileengana joan zen lasterka eta Jesus ikusi zuela esan zien.

Egun horretan, beranduago, bi jarraitzaile Jerusalemdik Emausera oinez zihoazen. Bidean gizon bat elkartu zitzaien eta zertaz ari ziren galdetu zien. Hau erantzun zioten: «Ez al duzu entzun? Duela hiru egun Jesus hilarazi zuten apaiz-buruek. Orain, emakume batzuek bizirik dagoela diote!». Gizonak orduan: «Ez al duzue profetengan sinesten? Kristo hil eta piztua izango zela diote». Segidan, Idazkietan  idatzitakoa azaltzen jarraitu zuen. Emausera iritsi zirenean, jarraitzaileek beraiekin geratzeko eskatu zioten. Afaltzerakoan, gizonak ogiarengatik otoitz egin ondoren, Jesus zela konturatu ziren! Orduan, desagertu egin zen.

Bi jarraitzaileak Jerusalemera joan ziren berehala, apostoluak bilduta zeuden etxera. Han, gertatu zitzaiena kontatu zieten. Orduan, etxe barruan bildurik zeudela, Jesus agertu zitzaien. Hasieran ez zuten Jesus zela sinetsi. Hortaz, berak esan zien: «Ikusi nire eskuak, ukitu nazazue. Idatzia zegoen Kristo hildakoen artetik piztua izango zela».

«Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik» (Joan 14:6).