Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 71. PASARTEA

Jehobak Jesus babestu zuen

Jehobak Jesus babestu zuen

Israelen ekialdean zegoen lurralde batean, izarrek gida zitzakeela sinesten zuen jendeak. Gau batean, ekialdeko gizon batzuek izar distiratsu bat zirudien zerbait ikusi zuten zeruan mugitzen eta, orduan, segika hasi ziren. «Izarrak» Jerusalemera gidatu zituen. Bertan, gizonak jendeari galdezka hasi ziren: «Non da juduen errege izango den haurra? Bere aurrean ahuspezteko etorri gara».

Herodes, Jerusalemgo erregea, asko larritu zen errege berriari buruz entzutean. Beraz, apaizburuei galdetu zien: «Non zen jaiotzekoa errege hori?». Beraiek erantzun: «Profetek Belenen jaioko zela esan zuten». Hortaz, Herodesek ekialdeko gizonei deitu eta esan zien: «Zoazte Belenera eta aurkitu ezazue haurra. Ondoren, itzuli eta esadazue non dagoen, nik ere bere aurrean ahuspeztu nahi dut eta». Herodesek gezurra esan zuen.

«Izarra» mugitzen hasi zen berriro ere eta gizonek Beleneraino jarraitu zuten. Haurra zegoen etxearen gainean gelditu zenean, gizonak barrura sartu ziren. Hantxe aurkitu zuten Jesus amarekin. Orduan, haurraren aurrean ahuspeztu eta opariak eman zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra. Baina, Jehobak bidali ote zituen gizon hauek Jesus aurkitu zezaten? Ez.

Gau hartan, Jehobak Joserekin hitz egin zuen amets baten bidez: «Herodesek Jesus hil nahi du. Hartu emaztea eta haurra, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon bertan arriskurik gabe itzul zaitezketela esaten dizudan bitartean». Jose berehala joan zen Egiptora familia hartuta.

Jehobak Herodesengana ez itzultzeko esan zien ekialdeko gizonei. Gizon haiek ez zirela itzuliko ikustean, Herodes asko haserretu zen. Ezin izan zuenez Jesus aurkitu, Belenen zeuden Jesusen adineko mutikotxo guztiak hiltzeko agindu zuen. Baina Jesus babesean zegoen handik urrun, Egipton.

 Denborarekin, Herodes hil zenean, Jehobak esan zion Joseri: «Dagoeneko ez dago arriskurik. Itzul zaitezte». Jose, Maria eta Jesus Israelera itzuli ziren eta Nazareten jarri ziren bizitzen.

«Berdin nire ahotik irtendako hitza ere: [...] nik nahi dudana egiten du eta nik ezarritako helburua betetzen» (Isaias 55:11).