Elisabetek Maria izeneko ahaide gaztea zuen eta Galileako Nazaret herrian bizi zen. Jose izeneko arotzarekin ezkontzeko hitzemana zegoen. Elisabetek haurdun sei hilabete zeramatzanean, Gabriel aingerua agertu zitzaion Mariari: «Egun on, Maria. Jehobak gogoko zaituela azaldu dizu». Baina Mariak ez zuen ulertu esan nahi ziona. Gabrielek orduan: «Haurdun geldituko zara eta semea izango duzu. Jesus jarri behar diozu izena. Errege izango da eta bere erregetzak betiko iraungo du».

Honakoa esan zuen Mariak: «Baina nola izango dut haurra birjina banaiz?». Gabrielek erantzun: «Ez dago ezinezko den ezer Jehobarentzat. Espiritu santua etorriko da zuregana eta semea izango duzu. Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago nahiz eta zahartuta egon». Mariak orduan: «Jehobaren esklaboa naiz. Zuk esan bezala gerta dadila nirekin».

 Hortaz, Maria mendialdeko hiri batera joan zen Elisabet bisitatzera. Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabetek saltoka nabaritu zuen haurra sabelean. Espiritu santuz beterik, hau esan zuen: «Jehobak bedeinkatu egin zaitu, Maria. Ohore handia da nire Jaunaren ama etxean izatea». Mariak esan zion: «Jehoba bihotz-bihotzez goresten dut». Mariak hiru hilabete egin zituen Elisabetekin eta, gero, etxera itzuli zen, Nazaretera.

Maria haurdun zegoela jakitean, Josek ezkontzeko konpromezua haustea pentsatu zuen. Baina aingeru bat agertu zitzaion amets batean eta esan zion: «Ez izan beldurrik Maria emaztetzat hartzeko. Ez du ezer txarrik egin». Beraz, Josek Mariarekin ezkontzea erabaki zuen.

«Nahi duen guztia egiten du Jaunak zeru eta lurrean» (135. Salmoa 6).