Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 61. PASARTEA

Ez ziren ahuspeztu

Ez ziren ahuspeztu

Nabukodonosor erregeak irudiaren ametsa izan eta denbora batera, urrezko irudi erraldoi bat eraiki zuen. Durako lautadan ipini zuen eta eskualdeko funtzionario garrantzitsuenak bildu zituen, hauen artean Xadrak, Mexak eta Abed-Nego. Erregeak agindu zuen: «Turuta, harpa eta beste musika tresnak entzutean, ahuspeztu irudiaren aurrean! Ahuspezten ez dena labeko su bizira jaurtiaraziko dut». Zer egin zuten hiru hebrearrek? Irudiaren aurrean ahuspeztu ala Jehoba bakarrik gurtu?

Erregeak, orduan, musika jotzeko agindu zuen. Jende guztia ahuspeztu zen irudiaren aurrean Xadrak, Mexak eta Abed-Nego izan ezik. Gizon batzuk hortaz konturatu eta esan zioten erregeari: «Hiru hebrear horiek ez dute zure irudia gurtu nahi izan». Nabukodonosorrek bere aurrera ekartzeko agindu eta esan zien: «Irudia gurtzeko beste aukera bat emango dizuet. Ez baduzue gurtzen, labera botako zaituztet. Ez dago nire eskuetatik salbatuko zaituzten jainkorik». Hortaz, erantzun zioten: «Ez dugu beste aukerarik behar. Gure Jainkoak salba gaitzake. Baina, errege jauna, salbatzen ez bagaitu ere, ez dugu irudia gurtuko».

Nabukodonosorrek, haserre bizian, bere gizonei agindu zien: «Berotu labea bestetan baino zazpi aldiz gehiago!». Ondoren, soldaduei esan zien: «Lotu gizon hauek eta bota barrura!». Labea kiskaltzen zegoenez, soldaduak gerturatu  bezain pronto hil egin ziren. Hiru hebrearrak sutara erori ziren. Baina Nabukodonosorrek barrura begiratzean, lau gizon ikusi zituen labean oinez hiruren ordez. Erabat beldurtuta, ofizialei galdetu zien: «Ez al ditugu, ba, hiru gizon bota sutara? Lau ikusten ditut eta, horietako batek, aingerua dirudi!».

Nabukodonosor labera gehiago gerturatu eta oihukatu zuen: «Atera kanpora, Goi-goiko Jainkoaren zerbitzariok!». Zur eta lur gelditu ziren guztiak Xadrak, Mexak eta Abed-Nego inolako zauririk gabe sutatik ateratzen ikusi zituztenean. Azala, ilea eta jantziak ez zitzaizkien erre. Ke usainik ere ez zuten!

Nabukodonosorrek esan zuen: «Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren Jainkoa paregabea da. Bere aingerua bidali eta salbatu egin ditu. Ez dago beraien Jainkoa bezalakorik!».

Hiru hebrearrek Jehobari leial izatea erabakia zuten kosta ahala kosta. Izango al zara zu ere leiala datorrena datorrela, beraiek bezalaxe?

«Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu» (Mateo 4:10).