Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 60. PASARTEA

Betiko iraungo duen Erreinua

Betiko iraungo duen Erreinua

Gau batean, Nabukodonosor erregeak amets arraro bat izan zuen. Honek erabat kezkatu zuen eta ezin izan zuen lorik egin. Aztiei deitu eta esan zien: «Azaldu ametsa». Beraiek erantzun zioten: «Esaguzu amestu duzuna, errege jauna». Nabukodonosorrek orduan: «Ez! Esan amestu dudana edo, bestela, hil egingo zaituztet!». Berriro esan zioten: «Baina esan amestu duzuna eta, gero, azalduko dizugu». Erregeak: «Zuek guztiok engainatu egin nahi nauzue. Esan oraintxe amestu dudana!». Azkenik, erregeari esan zioten: «Ez dago hori egin dezakeen gizonik. Eskatzen duzuna ezinezkoa da».

Nabukodonosorrek, haserrearen haserrez, lurraldeko jakintsu eta azti guztiak hiltzea agindu zuen. Horien artean Daniel, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego zeuden. Hortaz, Danielek denbora apur bat eskatu zion erregeari. Ondoren, lau lagunek Jehobari otoitz egin zioten laguntza eske. Zer egin zuen Jehobak?

Ikuskari baten bidez erakutsi zion Danieli Nabukodonosorren ametsa eta esanahia argitu zion. Hurrengo egunean, Daniel erregearen zerbitzariarengana joan eta esan zion: «Ez hil inor! Nik azaldu dezaket erregearen ametsa». Zerbitzariak, beraz, Daniel Nabukodonosorren aurrera eraman zuen. Danielek esan zion erregeari: «Jainkoak zer gertatuko den erakutsi dizu. Hau da zure ametsa. Irudi erraldoi bat ikusi zenuen. Honek urrezko burua, zilarrezko bular eta besoak, brontzezko sabel eta izterrak, burdinazko hankak eta burdina eta buztinezko oinak zeuzkan. Gero, harri bat atera zen menditik eta irudiaren oinak jo zituen. Orduan, irudia hauts eginda gelditu eta haizeak eraman zuen. Harria mendi handi bilakatu zen eta mundu osoa bete zuen».

 Danielek, gero, esan zion: «Hau da ametsaren esanahia. Urrezko burua zure erreinua da. Zilarra, berriz, zure ondoren etorriko den erreinua. Gero, brontzearen antzekoa izango den erreinua egongo da eta mundu osoan aginduko du. Hurrengoa, burdina bezain gogorra izango da. Azkenik, zatitutako erreinua sortuko da. Zati batzuk burdina bezain gogorrak izango ditu eta, besteak, berriz, buztina bezain ahulak. Mendi bihurtzen den harria Jainkoaren Erreinua da. Beste erreinu guzti hauek suntsitu eta betiko iraungo du».

Nabukodonosor Danielen aurrean ahuspeztu zen. Orduan, esan zion: «Zure Jainkoak agertu dizu ametsa. Ez dago bera bezalako jainkorik». Daniel hil beharrean, gizon jakintsu guztien buru eta Babilonian agintari egin zuen. Ikusi al duzu nola erantzun zuen Jehobak Danielen otoitza?

«Hebreeraz Harmagedon deritzan tokian bildu zituzten munduko erregeak» (Apokalipsia 16:16).