Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Bibliari buruzko nire liburua

 59. PASARTEA

Jehoba obeditu zuten lau mutiko

Jehoba obeditu zuten lau mutiko

Nabukodonosorrek Judako printzeak Babiloniara eraman zituenean, Axpenaz funtzionarioaren ardurapean jarri zituen. Nabukodonosorrek mutikorik osasuntsuenak eta dotoreenak aukeratzeko agindu zion. Mutiko hauek hiru urtez prestatu behar zituzten Babilonian funtzionario garrantzitsuak izateko. Gazteek babiloniarren hizkuntza irakurri, idatzi eta hitz egiten ikasi behar zuten. Gainera, erregearen gortean zerbitzatzen zena jan beharko zuten. Mutiko hauetariko lau Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias ziren. Axpenazek babiloniar izenak jarri zizkien: Beltxatzar, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego. Utziko ote zioten Jehoba zerbitzatzeari heziketa hau jasota?

 Lau mutiko hauek Jehoba zerbitzatzeko erabakia hartua zuten. Jehobaren legeak animalia batzuk jatea debekatzen zuenez, bazekiten ez zutela erregearen janaririk onartu behar. Beraz, Axpenazi esan zioten: «Ez behartu, mesedez, erregearen janaria jatera». Axpenazek erantzun zien: «Ez baduzue jaten eta erregeak gaixo itxura duzuela ikusten badu, hil egingo nau!».

Danieli gauza bat bururatu eta zaintzaileari esan zion: «Eman hamar egunez barazkiak, lekak eta ura bakarrik. Ondoren, konparatu gaitzazu erregearen jana jaten duten gazteekin». Zaintzaileari ondo iruditu zitzaion.

Hamar eguneko probaren ondoren, Daniel eta bere hiru lagunek beste gazteak baino osasuntsuagoak ziruditen. Jehoba oso pozik zegoen bere esana bete zutelako. Danieli, gainera, ikuskariak eta ametsak ulertzeko jakinduria eman zion.

Mutikoek prestakuntza amaitu zutenean, Axpenazek Nabukodonosorren aurrera eraman zituen. Erregeak beraiekin hitz egin eta Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias besteak baino bizkorragoak zirela ikusi zuen. Lau hauek aukeratu zituen gortean lan egiteko eta, gainera, gai garrantzitsuetan aholkuak eskatzeko. Jehobak erregearen jakintsu eta azti guztiak baino jakintsuago egin zituen.

Daniel, Hananias, Mixael eta Azariasek ez zuten ahaztu Jehobaren zerbitzariak zirenik nahiz eta atzerrian egon. Eta zu? Gogoratuko al zara beti Jehobaz nahiz eta gurasoak zurekin ez egon?

«Ez zaitzala inork gutxiets gaztea zarelako; izan zaitez, ordea, sinestedunentzat eredu hitzetan, jokaeran, maitasunean, sinesmenean eta biziera garbian» (1 Timoteori 4:12).