Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Aukeratu hizkuntza Euskara

 67. PASARTEA

Jerusalemgo harresiak

Jerusalemgo harresiak

Itzul gaitezen urte gutxi batzuk atzera. Nehemias, Artaxerxes erregearen zerbitzaria, Susa hiri persiarrean bizi zen israeldarra zen. Nehemiasen anaia Judatik albiste txarrekin heldu zen: «Jerusalemera itzuli zirenak arriskuan daude. Babiloniarrek suntsitu zituzten ate eta harresiak ez dira inoiz berreraikiak izan». Nehemias erabat nahigabetuta zegoenez, Jerusalemera joan nahi izan zuen laguntzera. Hortaz, otoitz egin zuen erregeak joaten uzteko.

Geroago, Nehemias triste zegoela ohartu zen erregea: «Inoiz ez zaitut horrela ikusi. Zer duzu?». Nehemiasek erantzun zion: «Nola ez naiz egongo nahigabeturik Jerusalem suntsitua badago?». Erregeak galdetu zion: «Nola lagunduko dizut, ba?». Orduantxe, Nehemiasek otoitz egin zuen isilpean eta, ondoren, esan zuen: «Arren, bidal nazazu Jerusalemera harresia berriro eraikitzera». Artaxerxes erregeak joan zitekeela esan zion Nehemiasi eta bidaia luzean arazorik ez izateko neurriak hartu zituen. Gainera, Nehemias Judako gobernaria egin zuen eta hiriko ateetarako egurra eman zion.

Nehemias Jerusalemera iristean, hiriko harresiak nola zeuden ikustera joan zen. Ondoren, apaiz eta agintariekin bildu eta esan zien: «Tamalgarria da hau. Ekin diezaiogun lanari». Guztiak ados zeudenez, harresiak berreraikitzen hasi ziren.

Baina israeldarren etsai batzuk iseka egiten hasi zitzaien: «Azeri bat aski izango da harresia lurrera botatzeko!». Baina, langileek ez zieten kasurik egin eta lanean jarraitu zuten. Horrela, harresia handitu eta sendotu egin zuten.

Etsaiek Jerusalem ustekabean eraso nahi zuten alde desberdinetatik gerturatuz. Egitasmoaren berri izatean, juduak beldurtu egin ziren. Baina Nehemiasek esan zien: «Ez izan beldurrik! Jehobak lagunduko gaitu». Hortaz, zaindariak jarri zituen langileak babesteko eta etsaiek ezin izan zuten Jerusalem eraso.

 Berreraikuntza lanek 52 egun bakarrik iraun zuten. Orduan, Nehemiasek lebitar guztiak eraman zituen Jerusalemera lanak amaitu zirela ospatzeko. Hauek bi abestaldetan antolatu zituen, Esdras talde batekin joanez eta Nehemias bestearekin. Harresira igo ziren Iturriko atean zeuden eskaileretatik eta kontrako norabidetan abiatu ziren hiriaren inguruan tenpluan berriz aurkitu arte. Tronpetak, arpak eta beste musika tresna batzuk joz eta Jehobari abestuz ibili ziren. Jende guztiak, gizon, emakume eta haurrek, Jehobari eskaintzak egin zizkion eta festa ospatu zuten. Poztasunez beteriko ahots haiek urrunetik entzun zitezkeen.

«Zure kontra egindako arma, huts gertatuko da» (Isaias 54:17).