Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zer da Bibliak benetan irakasten duena?

 11. KAPITULUA

Zergatik uzten du Jainkoak sufrimendua izaten?

Zergatik uzten du Jainkoak sufrimendua izaten?
  • Jainkoa al da munduko sufrimenduaren eragilea?

  • Zein zalantza sortu zen Edenen?

  • Nola konponduko ditu Jainkoak sufrimenduak eragindako kalteak?

1, 2. Zer nolako sufrimendua jasaten du jende askok eta zein galdera sortzen dira?

GERRAK gupidarik gabe astindutako lurralde batean, milaka emakume eta haur erailak izan ziren gerrate baten ondoren. Hauek gurutzez inguratuta zegoen hilobi batean lurperatuak izan ziren. Gurutze bakoitzak honakoa zeukan idatzia: «Zergatik?». Askorentzat hau da galderarik mingarriena. Gerrak, hondamendiak, gaixotasunak edo delituak beraiek maite dituztenak erailak izatean, edota beraien etxeak suntsituak direnean edo izugarrizko sufrimendua era desberdinetan jasotzen dutenean, orduan, tristaturik galdetzen dute: «Zergatik gertatu zaigu guri hau?».

2 Zergatik uzten du Jainkoak sufrimendua izaten? Jehoba ahalguztiduna, maitekorra, jakintsua eta zuzena baldin bada, zergatik dago mundua gorroto eta injustiziaz josita? Egin al dizkiozu inoiz zeure buruari galdera hauek?

3, 4. a) Zerk erakusten du ez dagoela gaizki Jainkoari zergatik uzten duen sufrimendua izaten galdetzea? b) Nola sentiarazten dute Jehoba sufrimendu eta gaiztakeriak?

3 Gaizki al dago Jainkoari zergatik uzten duen sufrimendua izaten galdetzea? Batzuek galdera hau egiten badute nahikoa fede ez dutela edo Jainkoari ez diotela behar duen begirunea azaltzen uste dute. Baina  Biblia irakurtzen duzunean, Jehobari leialak izandako zerbitzari batzuek ere antzeko galderak egin zituztela ikusiko duzu. Adibidez, Habakuk profetak honakoa galdetu zion Jehobari: «Zergatik ikusarazten didazu horrenbeste bidegabekeria? Nola egon zintezke zapalketari begira? Hondamen eta gogorkeria ugari aurrean, auziak eta borrokak nonahi» (Habakuk 1:3).

Jehobak sufrimenduarekin akabatuko du

4 Errietarik egin al zion Jehobak Habakuki galdera hauek egitegatik? Ez noski! Hori egin ordez, bere hitz zintzoak Biblian azaltzeaz ziurtatu zen. Honetaz gain, kezkatzen zuena hobeto ulertzen eta bere fedea sendotzen ere lagundu zion Jainkoak. Zuri ere laguntza berdina eman nahi dizu Jehobak. Gogoratu Bibliak irakasten duena: «Bera baita zuetaz arduratzen» (1 Pedro 5:7). Jainkoak, edozein gizakik baino gehiago gorroto ditu gaiztakeria eta honek dakarren sufrimendua (Isaias 55:8, 9). Orduan, zergatik dago horrenbesteko sufrimendua munduan?

ZERGATIK DAGO HORRENBESTEKO SUFRIMENDUA?

5. Zer erantzuten da sufrimenduaren zergatia azaltzeko? Baina zer irakasten du Bibliak?

5 Erlijio desberdineko pertsonak beraien maisu edo  erlijio-buruengana joan ohi dira horrenbesteko sufrimendua zergatik dagoen galdetzera. Zer erantzuten diete? Sarritan, hori Jainkoaren nahia dela eta berak aspalditik bakoitzari gertatuko zaiona, on eta txar, erabakia duela. Edota Jainkoaren bideak misteriotsuak direla. Eta beste batzuei, berriz, jendea zeruan Jainkoarekin bizitzeko hiltzen dela, baita umeak ere. Baina zuk ikasi duzunaren arabera, Jehoba ez da gaiztakeriaren eragilea. Izan ere, Bibliak honakoa dio: «Urruti Jainkoarengandik gaiztakeria, urruti Ahaltsuagandik bidegabekeria!» (Job 34:10).

6. Zergatik leporatzen diote Jainkoari sufrimendua izatea jende askok?

6 Jende askok Jainkoari leporatzen diote sufrimendua izatea. Ba al dakizu zergatik egiten duten hutsegite hau? Askotan, mundu honetako agintaria dela pentsatzen dutelako. Bibliak irakasten duen egia erraza eta era berean garrantzitsua da, baina ez dute ezagutzen. Zuk ordea, liburu honetako 3. kapituluan ikasi zenuen egia hau: mundu honetako agintaria Satanas Deabrua da.

7, 8. a) Nola uzten du agerian munduak bere agintariaren izaera? b) Nola sortu dute giza inperfekzioak eta bat-batean gertatzen diren aldi txarrak sufrimendua?

7 Bibliak argi eta garbi dio: «Mundu osoa Gaiztoaren esku dago» (1 Joan 5:19). Ez al da hau zentzuzkoa? Mundu honek agerian uzten du «mundu guztia engainatzen» ari den izaki espiritual ikusezinaren izaera (Apokalipsia 12:9). Satanas gorrotagarria, gezurtia eta bihozgabea da. Beraz, bere eskuetan dagoen mundua gorroto, gezur eta bihozgabekeriaz josita dago. Honako hau da horrenbesteko sufrimendua egotearen lehenengo arrazoia.

8 Bigarren arrazoia liburu honen 3. kapituluan ikasi genuen. Edenen gertatu zen matxinadaren ondorioz, gizadia inperfektua eta bekataria da. Eta gizakiek besteen gainetik nagusitzeko joera dutenez, gerra, zapalkuntza eta sufrimendua dago nonahi (Kohelet 4:1; 8:9). Hirugarren  arrazoia honakoa da: «Halaxe ditu aldi txarrak bat-batean harrapatzen gizon-emakumeak» (Irakurri Kohelet 9:12). Horregatik jendeak okerreko unean eta okerreko tokian egoteagatik ere sufritu dezake. Izan ere, Jehoba mundu honetako agintaria ez denez, munduak ez du bere babesik.

9. Zergatik dakigu Jehobak arrazoi garrantzitsuren bat duela sufrimendua izaten uzteko?

9 Bihotza baretzen digu Jainkoa ez dela sufrimenduaren eragilea jakiteak. Bera ez da gerra, delitu, zapalkuntza edo hondamendi naturalak ekartzen duten sufrimenduaren eragilea. Baina, oraindik ez dakigu zergatik uzten duen Jehobak sufrimendua izaten. Bera ahalguztiduna da, beraz, kentzeko boterea badu. Zergatik ez du kentzen orduan? Jainko maitekorra dela ikasi dugu, hortaz, arrazoi garrantzitsuren bat izango du (1 Joan 4:8).

HIL ALA BIZIKO GARRANTZIA DUEN ZALANTZA

10. Zer jarri zuen Satanasek zalantzan? Nola?

10 Jehobak sufrimendua izaten zergatik uzten duen ulertzeko, itzul gaitezen sufrimendua hasi zen garaira. Adam eta Ebak Jehobaren esana ez betetzea lortu zuenean Satanasek, garrantzitsua zen zerbait jarri zuen zalantzan. Satanasek badaki Jehobaren ahalmenak ez duela mugarik, beraz ez zen hau izan dudan jarri zuena. Zer jarri zuen zalantzan orduan? Jehobak agintzeko duen eskubidea. Jainkoa gezurtia dela eta gauza onak ezkutatzen dizkiela bere agindupean daudenei aditzera eman zuen. Honela, Jehoba agintari txartzat salatu zuen (Irakurri Hasiera 3:2-5). Beraz, Satanasen arabera, gizakiak hobeto egongo lirateke Jainkoaren agindupean izan gabe. Hau Jehobaren subiranotasunaren edo agintzeko duen eskubidearen aurkako erasoa izan zen.

11. Zergatik ez zituen Jehobak errebeldeak ezereztu Edenen?

11 Adam eta Eba Jehobaren aurka matxinatu ziren.  Honakoa aditzera eman zuten: «Guk ez dugu Jehoba gure agintari bezala behar. Ona dena eta txarra denaren artean erabaki dezakegu guk geuk». Nola argituko zuen Jehobak zalantzan jarri zena? Nola erakutsiko zien izaki adimentsuei errebeldeak oker zeudela eta bere agintea onena dela? Norbaitek honakoa esan lezake: «Ez al zatekeen errazagoa izango Jainkoak errebeldeak hil eta, berriro ere, beste bikote bat sortzea?». Baina Jehobak adierazia zuen bere asmoa: lurra Adam eta Ebaren ondorengoekin beteko zuen eta hauek paradisuan biziko ziren (Hasiera 1:28). Eta Jehobak beti betetzen ditu bere asmoak (Isaias 55:10, 11). Gainera, errebeldeak ezerezteak ez zuen argituko jada sortua zen zalantza: Jainkoak agintzeko duen eskubidea.

12, 13. Zergatik utzi dio Jehobak Satanasi mundua agintzen eta gizakiari bere burua gobernatzen? Azaldu ezazu adibide batekin.

12 Pentsa dezagun adibide honetan. Imajinatu irakasle bat bere ikasleei matematikako ariketa zail bat nola egin erakusten ari dela. Buruargia baino, era berean, jarrera errebeldea duen ikasle batek, irakaslea ariketa egiten ari den modua okerra dela esaten du. Beraz, irakasle txartzat  salatzen du. Gainera, berak badakiela ariketa egiteko modu hobea ere behin eta berriro esaten du. Ikasle batzuek beraien ikaskidea zuzen dagoela sinestuz, bere alde jartzen dira. Zer egin behar luke irakasleak? Errebeldeak gelatik kanporatuko balitu, zer pentsatuko lukete beste ikasleek? Beraien ikaskidea eta bere lagunak zuzen daudela. Gainera, ez al lukete pentsatuko irakaslea agerian gelditzeko beldur dela errebeldeak oker dagoela froga dezakeelako? Era honetara, noski, dioten begirunea galduko liokete. Baina demagun irakasleak ariketa egiten uzten diola errebeldeari berari.

Irakaslea baino gaituagoa ote da ikaslea irakasteko?

13 Jehobak antzeko zerbait egin du. Gogoan izan Edengo errebeldeak ez zirela kontu hartan nahasiak zeuden bakarrak. Milioika aingeru zeuden begira (Job 38:7; Apokalipsia 5:11). Jehobak matxinadari erantzungo zion moduak aingeruengan eta, azkenean, beste izaki adimentsu guztiengan ere eragina izango zuen. Beraz, zer egin du Jehobak? Satanasi berari, gizadia agintzen utzi dio. Eta, honetaz gain, gizakiak Satanasen eraginpean bere burua goberna dezan ere utzi du.

14. Zer lortzen du Jehobak gizakiak bere burua gobernatzen uztean?

14 Adibideko irakasleak badaki ikasle errebeldea eta bere lagunak oker daudela. Baina ariketa beraien modura egiteko aukera ematea, gela guztiarentzat onuragarri izango dela ere badaki. Errebeldeak huts egiten duenean, irakaslea dela gela zuzentzeko gai den bakarra ikusiko dute ikasle zintzoek eta gelatik errebeldeak zergatik kanporatuko dituen ere ulertuko dute. Era berean, Jehobak badaki aingeru eta gizaki zintzoei onuragarri izango zaiela Satanas eta bere kideek huts egin dutela eta gizakiak ezin duela bere burua gobernatu ikustea. Jeremias profetak idatzi zuen oinarrizko egia hau ikasiko dute: «Badakit, Jauna, gizakia ez dela bere jokabidearen jabe, ezin duela aukeratu bere ibilbidea» (Jeremias 10:23).

 ZERGATIK UTZI DU JEHOBAK HORRENBESTEKO DENBORA?

15, 16. a) Zergatik utzi du Jehobak horrenbesteko denboraz sufrimendua izaten? b) Zergatik ez ditu Jehobak gauza txarrak eragozten?

15 Zergatik utzi du Jehobak horrenbesteko denboraz sufrimendua izaten? Eta zergatik ez ditu gauza txarrak eragozten? Ikus ditzagun adibideko irakasleak egin ez zituen bi gauza. Lehenik, ikasle errebeldeari ez zion bere ariketa egitea galarazi. Bigarrenik, irakasleak ez zion ariketa egiten lagundu. Era berean, Jehobak ere bi gauza ez egitea erabaki du. Lehenik, Satanas eta bere kideei zuzen daudela frogatzen saiatzea ez die galarazi. Horretarako, denborak igaro behar izan du. Giza historiaren milaka urteetan gizadiak mota guztietako gobernuak probatu ditu eta aurrerapen handiak egin ditu zientzian eta beste arlo batzuetan. Hala ere, injustizia, pobrezia, delitu eta gerrak okerrera egin dute. Giza aginteak porrot egin duela agerian dago.

16 Bigarrenik, Jehobak ez du Satanas mundu hau agintzen lagundu. Pentsa ezazu honetan: Jainkoak delituak geldiaraziko balitu, ez al litzateke errebeldeen alde arituko? Eta ez al lioke jendeari pentsaraziko gizakiak bere burua gobernatu dezakeela ondorio txarrik gabe? Jehobak horrela jokatuko balu, gezur baten partaide izango litzateke. Baina «Jainkoak ez dezake gezurrik esan» (Hebrearrei 6:18).

17, 18. Zer egingo du Jehobak giza aginteak eta Satanasen eraginak sortutako kaltearekin?

17 Zer gertatuko da Jainkoaren aurkako matxinadak eragindako kalte guztiarekin? Gogoan izan behar dugu Jehoba ahalguztiduna dela. Beraz, berak gizadiaren sufrimendua kendu dezake eta hala egingo du. Aurretik ikasi dugun bezala, orain hondatuta dagoen lurra bere onera itzuli eta paradisu bilakatuko da. Jesu Kristoren eskaintzan fedea izatearen bidez, bekatuaren ondorioak desagertuko dira eta heriotzak sortzen dituen atsekabeak ere berpizkundearen bidez ez dira gehiago izango. Izan ere, Jainkoak Jesus erabiliko  du «deabruaren egintzak deuseztatzeko» (1 Joan 3:8). Jehobak bere garaian beteko ditu gauza guzti hauek. Eta eskertu egin behar diogu lehenago esku hartu ez izana, bere pazientziari esker, egia ikasi eta bera zerbitzatzeko aukera eman baitigu (Irakurri 2 Pedro 3:9, 10). Bitartean, Jainkoak zerbitzari zintzoak bilatzen aritu da eta arazoz beteriko mundu honetan dauden sufrimenduak jasaten lagundu die (Joan 4:23; 1 Korintoarrei 10:13).

18 Batzuek, agian, honakoa pentsa dezakete: «Ez al zen sufrimendu guzti hau saihestuko, Jainkoak Adam eta Eba matxinatzea ezinezkoa zuten moduan sortu izan balitu?». Galdera hau erantzuteko gogoan izan behar dugu Jehobak eman digun opari baliotsu bat.

NOLA ERABILIKO DUZU JAINKOAK EGINDAKO OPARIA?

Jainkoak sufrimendua jasaten lagunduko dizu

19. Zein opari baliotsu egin digu Jehobak eta zergatik estimatu behar dugu?

19 Gizakiok gure kabuz erabakiak hartzeko gaitasunarekin sortu gintuen Jainkoak, 5. kapituluan ikasi genuen bezala. Ez al da hau opari baliotsua? Jainkoak animalia asko sortu ditu eta hauek senaz jokatzen dute. Gizakiak bere aginduak betetzeko programatuak dauden robotak ere egin ditu. Gustatuko al litzaiguke Jainkoak horrela sortu izan bagintu? Ez horixe! Denok eskertzen dugu erabakitzeko aukera izatea, esaterako, nolako pertsona bihurtu gaitezken, zer nolako helburuak eduki ditzakegun, gure adiskideak zein diren aukeratzea eta horrelakoak. Honelako askatasuna edukitzea atsegin dugu eta guk honetaz gozatzea nahi du Jainkoak.

20, 21. Nola erabili dezakegu Jainkoak egindako oparia erarik onenean eta zergatik egin nahi dugu hori?

 20 Jehobak ez du nahi inork bera behartuta zerbitza dezan (2 Korintoarrei 9:7). Adibidez, zer uste duzu? Zer gustatuko zaio gehiago guraso bati? Bere haurrak «maite zaitut» behartuta esatea edo bihotz-bihotzetik esatea? Beraz, sortzen den galdera honakoa da: nola erabiliko duzu zuk zure kabuz erabakiak hartzeko Jehobak eman dizun gaitasuna? Satanas, Adam eta Ebak erarik txarrenean erabili zuten. Jehoba baztertu zuten. Eta zuk, zer egingo duzu?

21 Jehobak eman dizun opari zoragarria erarik onenean erabiltzeko aukera duzu. Zure kabuz erabakiak hartzeko gaitasuna erabiliz, elkartu zaitez Jehobaren alde jarri diren milioika pertsonekin. Hauek, Satanas gezurtia dela eta bere aginteak argi eta garbi porrot egin duela erakusten dutelako, Jainkoa zoriontsu egiten dute (Esaera Zaharrak 27:11). Zuk ere, bizimodu zuzena aukeratuz, berdina lortu dezakezu. Hau hurrengo kapituluan azalduko da.

Ikasi gehiago

BIBLIA-IKASTAROA

Zergatik Biblia ikasi?

Bibliak, munduan zehar milioika pertsonei, bizitzako galdera garrantzitsuen erantzuna ematen die. Ezagutu nahi al dituzu erantzun hauek?