Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zer da Bibliak benetan irakasten duena?

 8. KAPITULUA

Zer da Jainkoaren Erreinua?

Zer da Jainkoaren Erreinua?
  • Zer irakasten digu Bibliak Jainkoaren Erreinuari buruz?

  • Zer lortuko du Jainkoaren Erreinuak?

  • Noiz esku hartuko du Jainkoaren Erreinuak lurrean?

1. Zein otoitz ezagun aztertuko dugu?

MUNDUAN zehar milioika pertsonak aitagurea deitzen zaion otoitza ondotxo ezagutzen du. Eredu gisa ipini zuen otoitz hau Jesusek. Esanahi handia du otoitz honek eta aurreneko hiru eskaerak aztertzeak, Bibliak zer irakasten duen jakiten lagunduko dizu.

2. Zein hiru gauzei buruz otoitz egiten irakatsi zien Jesusek bere ikasleei?

2 Eredu gisa jarri zuen otoitz honen hasieran, Jesusek honakoa irakatsi zien bere entzuleei: «Gure Aita zerukoa, agertu santu zeure izena, etorrarazi zeure erregetza; betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala» (Mateo 6:9-13). Zer esan nahi dute otoitzean agertzen diren hiru eskaera hauek?

3. Zer jakin behar dugu Jainkoaren Erreinuari buruz?

3 Jainkoaren izenari buruz, Jehobari buruz, asko ikasi dugu jadanik. Honez gain, bere nahiari buruz ere hitz egin dugu: gizakiontzat orain arte egin duenaz eta etorkizunean egingo duenaz ere. Zer esan nahi zuen, orduan, «etorrarazi zure erregetza» eskaerarekin Jesusek? Zer da Jainkoaren Erreinua? Nola egingo du santu Jainkoaren izena Erreinuaren etorrerak? Zein lotura dauka Erregetzaren etorrerak Jainkoaren nahiarekin?

 ZER DA JAINKOAREN ERREINUA?

4. Zer da Jainkoaren Erreinua eta nor da bere Erregea?

4 Jainkoaren Erreinua Jehobak ezarritako gobernua da eta berak ere hautatu du Erregea. Nor da Errege hori? Jesu Kristo. Jesus giza agintariak baino errege hobea da eta honakoa deitzen zaio: «erregeen Erregea eta jaunen Jauna» (1 Timoteori 6:15). Jesusek gauza on asko egiteko boterea du. Beste edozein giza agintarik egin ditzakeenak baino gehiago, nahiz eta hauek agintari onak izan.

5. Nondik aginduko du Jainkoaren Erreinuak eta zeren gain aginduko du?

5 Nondik aginduko du Jainkoaren Erreinuak? Pentsa ezazu, non dago Jesus? Lehenago ikasi dugun bezala, Jesus zuretik zintzilikatuz eraila izan ondoren, Jainkoak berpiztu egin zuen eta 40 egun pasata zerura igo zen (Eginak 2:33). Beraz, Jainkoaren Erreinua han, zeruan dago. Hori dela eta, Biblian «zeruko erreinua» deitzen zaio (2 Timoteori 4:18). Jainkoaren Erreinua zeruan egon arren, lur osoa bere agindupean egongo da (Irakurri Apokalipsia 11:15).

6, 7. Zergatik da Jesus errege paregabea?

6 Zergatik da Jesus errege paregabea? Honakoa da arrazoietako bat: Jesus ez da inoiz hilko. Jesus giza erregeekin alderatzean, Bibliak honela deskribatzen du: «Bera bakarrik da hilezkorra, eta iritsezineko argitan bizi da» (1 Timoteori 6:16). Jesusek egiten dituen gauza on guztiak betiko iraungo dutela esan nahi du honek. Eta gauza bikainak egingo ditu gainera!

7 Pentsa ezazu Jesusi buruzko biblia-profezia honetan: «Beraren gainean kokatuko da Jaunaren Espiritua: jakinduriaz eta adimenez beteko du, kontseilari zuhur egingo eta kemenez jantziko, Jainkoa ezagutzen eta haren esaneko izaten irakatsiko dio. Jainkoarenganako begirunea izango du pozbide. Ez du itxuratik bakarrik epaituko, ez du entzundako hutsetik erabakiko. Jende xehea zuzenbidez epaituko du, lurraldeko dohakabeen eskubideak  defendatuko. Makilaz bezala zigortu eta hilko ditu bere hitzez herriko gaiztoak» (Isaias 11:2-4). Zer esan nahi dute hitz hauek? Jesus Errege zuzena eta errukiorra izango dela lurrean biziko den jende guztiarekin. Ez al zenuke nahiko horrelako agintari bat edukitzea?

8. Nortzuk aginduko dute Jesusekin batera?

8 Hau da, beste alde batetik, Jainkoaren Erreinuaren beste ezaugarri bat: Jesusek ez du bakarrik aginduko, beste errege batzuekin baizik. Adibidez, Paulo apostoluak Timoteori esan zion: «Harekin sufritzen badugu, harekin izango gara errege» (2 Timoteori 2:12). Paulo, Timoteo eta Jainkoak aukeratutako beste gizaki leial batzuek ere aginduko dute Jesusekin batera zeruko Erreinuan. Zenbatek izango dute aukera paregabe hau?

9. Zenbatek aginduko du Jesusekin batera eta noiztik hasi zen Jainkoa horiek aukeratzen?

9 Liburu honetako 7. kapituluan aipatu bezala, Joan apostoluak ikuskari bat izan zuen, eta honakoa esan zuen: «Gero, Bildotsa [Jesu Kristo] ikusi nuen Sion mendiaren gainean zutik [bere errege karguan zeruan], eta harekin batera ehun eta berrogeita lau mila lagun, Bildotsaren eta honen Aitaren izena bekokian idatzia zeramatenak». Nortzuk dira 144.000 horiek? Joan berak erantzuten digu: «Orain Bildotsari jarraitzen diote noranahi. Gizakien artetik salbatuak eta Jainkoarentzat eta Bildotsarentzat lehen fruitu bezala eskainiak izan dira» (Apokalipsia 14:1, 4). Jesusen jarraitzaile leialak dira, zeruan agintzeko bereziki aukeratuak. Zeruko bizira berpiztuak izan ondoren, Jesu Kristorekin batera erregeak izango dira eta lur osoa beraien agindupean izango dute (Apokalipsia 20:4, 6). Lehenengo mendetik aurrera, kristau leialak aukeratzen aritu da Jainkoa, 144.000 lagunen kopurua osatu arte.

10. Zergatik erakutsi du Jehobak maitasun handia Jesus eta 144.000 lagunak gizadia agintzeko aukeratzean?

10 Jehobak maitasun handia erakutsi du Jesus eta  144.000 lagunak gizadia agintzeko aukeratzean. Jesusek badaki gizaki izatea eta sufritzea zer den. Paulok Jesusi buruz honakoa esan zuen: «Ez da gure ahuleriaz gupidatu ez daitekeen norbait, zeren eta bera ere, gu bezala, gauza guztietan probatua izan baita, bekatuan izan ezik» (Hebrearrei 4:15; 5:8). Berarekin aginduko dutenek ere, badakite sufritzea zer den gizakiak izan baitira. Gainera, inperfekzioaren aurka borrokatu dute eta era guztietako gaixotasunei ere aurre egin diete. Zalantzarik gabe, gizakiok jasaten ditugun arazoak ondo ulertuko dituzte!

ZER LORTUKO DU JAINKOAREN ERREINUAK?

11. Zergatik esan zien Jesusek bere ikasleei Jainkoaren nahia zeruan bete zedin otoitzean eskatzeko?

11 Jesusek Jainkoaren erregetza etor zedila eskatzeko esan zien bere ikasleei. Orduan, bigarren eskaera bati buruz otoitz egiteko ere esan zien: «Betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala». Jainkoa zeruan dago, eta bere aingeru leialek beti egin dute bere nahia bertan. Hala ere, liburu honen 3. kapituluan aingeru gaizto batek Jainkoaren nahia ez zuela egin eta Adam eta Eba bekatura bultzatu zituela ikasi genuen. 10. kapituluan Satanas Deabrua deitzen zaion aingeru gaizto honi buruz Bibliak irakasten duenaz gehiago ikasiko dugu. Satanas eta berari jarraitu zioten gizaki espiritualei, deabruak ere deituak, zeruan egoten utzi zien Jainkoak denboraldi baterako. Beraz, Jesusek otoitz hau egiten irakatsi zuenean, zeruan zeuden guztiek ez zuten Jainkoaren nahia egiten. Baina hori Jainkoaren Erreinua agintzen hastean aldatuko zen. Errege berria, Jesu Kristo, Satanasen aurka borrokatuko zen (Irakurri Apokalipsia 12:7-9).

12. Zein bi gertaera garrantzitsu azaltzen ditu Apokalipsia 12:10⁠ak?

12 Hurrengo hitzek zer gertatuko zen iragartzen dute: «Orduan, ahots handia entzun nuen zeruan esaten: “Orain etorri da gure Jainkoaren salbamena, indarra eta  erregetza eta beraren Mesiasen agintea; bota baitute gure senideen salatzailea, gau eta egun Jainkoaren aurrean salatzen zituena”» (Apokalipsia 12:10). Ohartu al zara biblia-txatal honek zein bi gertaera garrantzitsu azaltzen dituen? Lehendabizikoa, Jainkoaren Erreinua Jesu Kristoren esku agintzen hasten dela. Eta bigarrena, Satanas zerutik lurrera jaurtitzen dutela.

13. Zein izan da Satanas zerutik kanporatzearen ondorioa?

13 Zein izan da bi gertaera hauen ondorioa? Zeruan gertatu zenari buruz honakoa irakurtzen dugu: «Poztu, beraz, zeruak eta bertan bizi zaretenok» (Apokalipsia 12:12). Satanas eta bere deabruak zerutik kanporatuak izan zirenez, aingeruak pozez gainezka daude, zeruan bizi diren guztiak Jehobari leialak direlako. Bake osoa, etengabea dago zeruan, inongo istilurik gabe. Orain bai, Jainkoaren nahia zeruan bete da!

Satanas eta bere deabruak zerutik jaurtiak izateak lurrean nahigabea sortu du. Arazo horiek laster amaituko dira

14. Zer gertatu da Satanas lurrera jaurtia izan delako?

14 Zer gertatuko zen lurrean? Bibliak honakoa dio: «Errukarriak, ordea, zuek, lur-itsasook, zuengana jaitsi baita deabrua amorru biziz, denbora gutxirako dela jakinik» (Apokalipsia 12:12). Satanas haserre dago lurrera jaurti dutelako eta oso denbora gutxi gelditzen zaiolako. Bere haserrean nahigabea sortzen du lurrean. Honi buruz gehiago ikasiko dugu hurrengo kapituluan. Baina aurreko guztia kontuan hartuz, honako galdera sortu daiteke: Nola lortuko du Jainkoaren Erreinuak bere nahia lurrean betetzea?

15. Zein da Jainkoaren asmoa lurrarentzako?

15 Gogoratzen al duzu zein den Jainkoaren asmoa lurrarentzako? 3. kapituluan ikasi genuen bezala, Jainkoak Edengo baratzean bere nahia azaldu zuen, hau da, lurra paradisu bilakatzea eta hilko ez diren gizaki leialez betea izatea. Baina Satanasek Adam eta Eba bekatu egitera bultzatu zituen. Izan al zuen eraginik honek Jainkoak lurrarentzat zuen nahian? Bai, baina Jehobaren asmoa ez da  aldatu. Bere asmoak honakoa izaten jarraitzen du: «Prestuak biziko baitira lurrean eta zuzenek iraungo bertan» (Esaera Zaharrak 2:21). Jainkoaren Erreinuak hau lortuko du. Nola?

16, 17. Zer irakasten digu Daniel 2:44⁠ak Jainkoaren Erreinuari buruz?

16 Azter dezagun Daniel 2:44⁠ko profezia: «Errege horien garaian, erreinu bat ezarriko du zeruko Jainkoak: ez dute inoiz ere hondatuko eta haren agintea ez da beste herri baten eskuetara aldatuko. Beste guztiak suntsitu eta desagerturik ere, [“ezeztatuko ditu erresuma horiek oro”, Bible Saindua] erreinu horrek betiko iraungo du». Zer irakasten digu honek Jainkoaren Erreinuari buruz?

17 Lehenik, Jainkoaren Erreinua «errege horien garaian» edo beste erreinuak agintean dauden bitartean ezarria izango zela irakasten digu. Bigarrenik, Erreinuak betiko iraungo duela azaltzen digu. Ez du beste erreinuk konkistatu edo ordezkatuko. Eta hirugarrenik, Jainkoaren Erreinua eta mundu honetako erregeen artean gerra egongo dela adierazten digu. Jainkoaren Erreinuak irabaziko du eta, azkenean, gizadiak izango duen gobernu bakarra izango da. Orduan, gizakiek inoiz ezagutu duten aginterik onena izango dute.

18. Nola deitzen zaio munduko agintarien eta Jainkoaren arteko gerrari?

18 Bibliak Jainkoaren Erreinuaren eta munduko gobernuen arteko gerrari buruz gauza asko esaten ditu. Adibidez, amaiera gerturatzean, espiritu gaiztoek gezurrak zabalduko dituztela «mundu osoko errege[ak]» engainatzeko irakasten digu. Zertarako? «Jainko ahalguztidunaren egun handiko borrokara biltzeko». Munduko erregeak, guztiak batera bilduak izango dira «hebreeraz Harmagedon deritzan tokian» (Apokalipsia 16:14, 16). Bi txatal hauetan esaten denaren arabera, munduko agintarien eta Jainkoaren arteko gerrari Harmagedon deitzen zaio.

19, 20. Zergatik ez da honezkero Jainkoaren asmoa lurrean bete?

 19 Zer lortuko du Jainkoaren Erreinuak Harmagedon gerraren bidez? Pentsa ezazu berriro Jainkoak lurrarentzat duen nahian. Jehobaren asmoa lurra paradisu bilakatzea eta bera zerbitzatuko duten gizaki zuzen eta perfektuz betetzea da. Zergatik ez da honezkero Jainkoaren asmoa bete? Lehenik eta behin, bekatariak garenez, gaixotu eta hil egiten garelako. 5. kapituluan ikasi genuen, halere, Jesus guregatik hil zela betiko bizi gaitezen. Segur aski, gogoratuko dituzu Joanen ebanjelioan aurkitzen ditugun hitz hauek: «Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan» (Joan 3:16).

20 Jendeak gauza txarrak egiten dituela da beste arazo bat. Gezurrak esan, iruzur egin eta lizunkeriak egiten dituzte. Ez dute Jainkoaren nahia egiterik nahi. Beraz, gauza gaiztoak egiten dituztenak Harmagedonen suntsituak izango dira (Irakurri 37. Salmoa 10). Ba al dago beste arrazoirik Jainkoaren asmoa lurrean beteta ez izateko? Bai, gobernuek ez dute jendea bultzatzen Jainkoaren nahia egitera. Gobernu asko ahulak, bihozgabeak edo ustelak izan dira. Bibliak argi eta garbi esaten du: «Kalte eginez, gizakiak gizakia menderatzen du» (Kohelet 8:9).

21. Nola lortuko du Erreinuak Jainkoaren nahia lurrean betetzea?

21 Harmagedonen ondoren, gizadia gobernu bakar baten agindupean egongo da, Jainkoaren Erreinua. Honek, Jainkoaren nahia egingo du eta bedeinkapen zoragarriak ekarriko ditu. Adibidez, Satanas eta bere deabruak lurpeko leizean giltzatuko ditu mila urtez (Apokalipsia 20:1-3). Jesusen eskaintzaren balioa erabiliko da eta, ondorioz, gizaki leialak ez dira gehiago gaixotu eta hilko. Izan ere, Erreinuaren agindupean betiko bizi ahal izango dira (Irakurri Apokalipsia 22:1-3). Lurra, gainera, paradisu  bilakatuko da. Beraz, Erreinuak Jainkoaren nahia lurrean betetzea eta Jainkoaren izena santu egitea lortuko du. Zer esan nahi du honek? Azkenean, Jainkoaren Erreinuaren agindupean, bizidun guztiek Jehobaren izena goretsiko dutela.

NOIZ ESKU HARTUKO DU JAINKOAREN ERREINUAK LURREAN?

22. Nola dakigu Jainkoaren Erreinua ez zela etorri Jesus lurrean zenean edo berpiztua izan bezain laster?

22 Jesusek bere ikasleei «etorrarazi zeure erregetza» otoitzean eskatzen irakatsi zienean, argi utzi zuen garai hartan Erreinua oraindik ez zela etorri. Orduan, noiz etorri zen? Jesus zerura igo zenean? Ez, Jesus berpiztua izan ondoren 110. Salmoa 1⁠eko profezia berarengan bete zela esan zuten Pedro eta Paulok: «Hona Jaunak [Jehobak] ene jaun erregeari [Jesu Kristori] esan[a]: “Eseri tronuan nire eskuinean: etsaiak oin-aulki jarriko dizkizut”» (Eginak 2:32-35; Hebrearrei 10:12, 13). Jesu Kristok, beraz, agintean hasteko itxaron egin beharko zuen.

Erreinuaren agindupean, Jainkoaren nahia lurrean beteko da, zeruan bete den bezala

23. a) Noiz hasi zen agintzen Jainkoaren Erreinua? b) Zer aztertuko dugu hurrengo kapituluan?

23 Zenbat denbora itxaron beharko zuen? XIX. eta XX. mendeetan, biblia-ikasle zintzoak poliki-poliki ohartu ziren denboraldi hau 1914. urtean bukatuko zela (Urte honi buruz gehiago ikasteko, jo eranskineko «1914: Urte garrantzitsua biblia-profezietan»  artikulura). 1914. urtean hasi ziren munduko gertakariek, biblia-ikasle hauek ulertutakoa egia zela baieztatzen dute. Biblia-profezien betetzeak, 1914⁠an Jesu Kristo Errege bilakatu eta Jainkoaren Erreinua agintzen hasi zela erakusten du. Beraz, Satanasi gelditzen zaion «denbora gutxi» horretan bizi gara orain (Apokalipsia 12:12; 110. Salmoa 2). Ziurtasunez esan dezakegu, Jainkoaren Erreinuak laster beteko duela lurrean Jehobaren nahia. Ez al duzu uste berri zoragarriak direla hauek? Sinesten al dituzu? Hurrengo kapituluak, Bibliak benetan gauza hauek irakasten dituela azalduko dizu.

Ikasi gehiago

BIBLIA-IKASTAROA

Zergatik Biblia ikasi?

Bibliak, munduan zehar milioika pertsonei, bizitzako galdera garrantzitsuen erantzuna ematen die. Ezagutu nahi al dituzu erantzun hauek?