Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zer da Bibliak benetan irakasten duena?

 1. KAPITULUA

Zein da egia Jainkoari buruz?

Zein da egia Jainkoari buruz?
  • Arduratzen ote da zutaz Jainkoa?

  • Nolakoa da Jainkoa? Ba al du izenik?

  • Hurbil al gaitezke Jainkoarengana?

1, 2. Zertan lagun gaitzake galderak egiteak?

OHARTU al zara haurrak galdezka eta galdezka aritzen direla? Asko, hitz egiten hasi orduko hasten dira galderak egiten. Jakin-minez, begiak zabal-zabal, zuri begira gelditu eta hauen antzeko galderak egiten hasten dira: «Zergatik da urdina zerua? Zerez daude eginda izarrak? Nork irakatsi zien txoriei txioka?». Gogor saia zaitezke erantzuten, baina ez da beti erraza izaten. Zure erantzunik hoberenak ere galdera hau eragin dezake: «Zergatik?».

2 Haurrak ez dira galdezka aritzen diren bakarrak. Guk ere, hazten goazen heinean, galdetzen jarraitzen dugu. Esate baterako, aurkitu nahi dugun helbidera iristeko galdetu egiten dugu; baita baztertu behar ditugun arriskuak zein diren ikasteko edota gure jakin-mina asetzeko ere. Baina pertsona askok galderak egiteari uzten diote, batez ere garrantzitsuenak direnak, edo behintzat, erantzunak bilatzeari uzten diote.

3. Zergatik utzi diote pertsona askok galdera garrantzitsuenen erantzunak bilatzeari?

 3 Pentsa ezazu liburu-azalean, hitzaurrean, edo kapitulu honen hasieran agertzen diren galderetan. Egin ditzakegun galderarik garrantzitsuenetarikoak dira. Halere, askok, etsi-etsirik, galdera horien erantzunak bilatzeari utzi diote. Zergatik? Ba al ditu Bibliak erantzunak? Batzuk erantzunak zailegiak izango diren beldur dira; beste batzuek galderak egitean lotsagarri geldituko ote diren izua dute. Eta beste batzuek, berriz, galdera horiek erlijio-buru eta maisuen esku utzi behar direla uste dute. Eta zuk, zer uste duzu?

4, 5. Zeintzuk dira bizitzako galdera garrantzitsuenetarikoak eta zergatik bilatu behar genituzke horien erantzunak?

4 Seguraski, zuk ere bizitzako galdera garrantzitsuenen erantzunak jasotzeko interesa duzu. Dudarik gabe, honakoa galdetu izan diozu noizbait zeure buruari: «Zein da bizitzaren helburua? Bizitza hau al da dagoen guztia? Nolakoa da Jainkoa?». Galdera hauek egin eta bertan behera ez uztea, asetzen zaituzten erantzun fidagarriak aurkitu arte oso ona da. Ospetsua den Jesu Kristo maisuak hauxe esan zuen: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue» (Mateo 7:7).

5 Galdera garrantzitsu horien erantzunak bilatzen jarraituz gero, ikerketa hau oso baliotsua izango zaizula ikusiko duzu (Esaera Zaharrak 2:1-5). Besteek kontrakoa esan arren, ez arduratu, erantzunak badaude eta Biblian aurkitu ahal izango dituzu. Erantzunak ez dira ulertzeko zailegiak. Are gehiago, itxaropena eta zoriontasuna ematen dute. Eta, gainera, bizitza zoriontsua izaten lagun zaitzakete orain. Hasteko, azter dezagun pertsona asko kezkarazten duen galdera.

ARDURAGABEA ETA BIHOZGABEA AL DA JAINKOA?

6. Zergatik uste dute askok Jainkoa ez dela gizakion sufrimenduaz arduratzen?

6 Askok galdera horri baietz erantzungo liokete.  «Jainkoa arduratuko balitz —batzuek pentsatzen dute—, ez al litzateke mundua erabat desberdin izango?». Inguruan gerra, maltzurkeria eta miseriaz beteriko mundua ikusten dugu. Gu geu gaixotzen gara, sufritu egiten dugu eta maite ditugunak hiltzen zaizkigu. Horregatik askok diote: «Jainkoa gu eta gure arazoez arduratuko balitz, ez al luke gauza txarrak gertatzea eragotziko?».

7. a) Nola pentsarazi dute erlijio-maisuek Jainkoa bihozgabea dela? b) Zer irakasten du benetan Bibliak sufritzen ditugun gauzei buruz?

7 Are okerrago, erlijio-maisuek Jainkoa bihozgabea dela pentsarazten dute. Nola? Ezbeharrak jotzean, Jainkoaren nahia dela esaten. Beraz, Jainkoari botatzen diote errua gertatzen diren gauza txarrengatik. Egia ote da hau? Zer da Bibliak benetan irakasten duena? Santiago 1:13⁠k erantzuten du: «Inork, tentaldirik duenean, ez beza esan Jainkoak tentatzen duenik. Jainkoak ez du gaizkirako tentaziorik eta ez du inor gaizkirako tentatzen ere». Beraz, Jainkoa ez da inoiz inguruan ikusten dugun gaiztakeriaren iturburua (Irakurri Job 34:10-12). Egia da gauza txarrak gertatzen uzten duela. Baina alde handia dago gauza txarrak gertatzen uztearen eta eragitearen artean.

8, 9. a) Azaldu ezazu, adibide bat erabiliz, gaiztakeria izaten uztearen eta eragitearen arteko aldea. b) Zergatik ez da bidezkoa Jainkoari leporatzea gizakiok bizimodu txarra jarraitzen uztea?

8 Pentsa ezazu, adibidez, aita zuhur eta maitekor batean; oraindik gurasoen etxean bizi den seme heldua du. Semea aitaren aurka altxatu eta etxetik alde egitea erabakitzean, aitak ez dio ezetzik esaten. Orduan, semeak bizimodu txarra jarraitu eta arazoetan sartzen da. Aita al da bere arazoen eragilea? Ez (Lukas 15:11-13). Era berean, nahiz eta Jainkoak ez dituen gizakiak geldiarazi bide txarra aukeratu dutenean, ez da gertatu diren arazoen eragilea. Beraz, ez da bidezkoa gizakion arazo guztiak Jainkoari leporatzea.

9 Jainkoak baditu arrazoi onak gizakioi bizimodu txarra  jarraitzen uzteko. Gure Sortzaile zuhur eta boteretsu bezala, ez dauka zertan bere arrazoiak guri azaldu beharrik. Halere, maitasunak bultzatuta ematen dizkigu. Gehiago ikasiko duzu arrazoi hauei buruz 11. kapituluan. Baina ziur egon Jainkoa ez dela zure arazoen erantzulea; aitzitik, berak ematen digu arazoak konpontzeko itxaropen bakarra (Isaias 33:2).

10. Zergatik fida gaitezke Jainkoak gaiztakeriak sortutako oinazea konponduko duela?

10 Horretaz gain, Jainkoa santua da (Isaias 6:3). Honek garbia dela esan nahi du. Ez du gaiztakeriaren arrastorik bere baitan. Beraz, berarengan konfiantza osoa izan dezakegu. Hori gizakiez esan dezakeguna baino gehiago da, batzuetan usteldu egiten baitira. Agintari zintzoenek ere ez dute askotan botererik gaiztoek sortutako hondamena konpontzeko. Baina Jainkoa ahalguztiduna da. Berak badu ahalmena eta konponduko du gaiztakeriak gizakiongan sortutako oinazea. Jainkoak esku hartutakoan gaiztakeriarekin akabatuko du! (Irakurri 37. Salmoa 9-11).

ZER SENTITZEN OTE DU JAINKOAK ZU SUFRITZEN IKUSTEAN?

11. a) Zer sentitzen du Jainkoak injustizia ikustean? b) Zer sentitzen du Jainkoak zu sufritzen ikustean?

11 Bitartean, zer sentitzen ote du Jainkoak zure bizitzan eta munduan gertatzen dena ikustean? Jainkoak «zuzenbidea maite» duela erakusten du Bibliak (37. Salmoa 28). Beraz, zuzena eta okerra denaz biziki arduratzen da. Injustizia gorroto du. Antzinan, mundua gaiztakeriaz bete zenean, Jainkoa «bihozmindurik» sentitu zela dio Bibliak (Hasiera 6:5, 6). Eta Jainkoa ez da aldatu (Malakias 3:6). Oraindik ere gorroto du munduan zehar ikusten duen sufrimendua, baita gizakiok sufritzen ikustea ere. «Bera baita zuetaz arduratzen» dio Bibliak (Irakurri 1 Pedro 5:7).

Jehoba Unibertsoaren sortzaile maitekorra dela irakasten du Bibliak

12, 13. a) Zergatik ditugu maitasuna bezalako bertuteak? Zer eragin du maitasunak munduari buruz dugun ikuspuntuan? b) Zergatik egon zaitezke ziur Jainkoak munduko arazoetan esku hartuko duela?

 12 Nola izan gaitezke ziur Jainkoak sufrimendua ikustea gorroto duela? Hona hemen froga gehiago. Bibliak gizakia Jainkoaren irudiko eginda dagoela erakusten du (Hasiera 1:26). Izan ere, bertuteak baditugu, Jainkoak ere badituelako da. Esaterako, hunkitzen al zaitu besteak sufritzen ikusteak? Ziur izan injustiziak arduratzen bazaitu, Jainkoa are eta gehiago arduratzen duela.

13 Gizakiok dugun bertuterik onenetarikoa maitatzeko gaitasuna da. Honetan Jainkoaren antzeko gara, Bibliak «Jainkoa maitasuna» dela irakasten baitu (1 Joan 4:8). Maitatzen badugu, Jainkoak ere maitatzen duelako da. Nola sentitzen zara munduko sufrimendu eta injustizia ikustean? Zure esku balego, ez al zenituzke kenduko maitasunak bultzatuta? Bai noski! Ziur egon zaitezke Jainkoak ere sufrimendua eta injustiziarekin amaituko duela. Liburu honetako hitzaurrean azaldutako promesak ez dira ametsak edo itxaropen hutsak. Jainkoaren promesak zalantzarik gabe beteko dira! Promesa horietan fedea izan dezazun, hauek egin dituen Jainkoa gehiago ezagutu behar duzu.

JAINKOAK BERA EZAGUTU DEZAZULA NAHI DU

Inork zu ezagutzea nahi baduzu, ez al zenioke zure izena esango? Jainkoak Bibliaren bidez ezagutarazten digu bere izena

14. Zein da Jainkoaren izena eta zergatik erabili behar genuke?

14 Inork zu ezagutzea nahi baduzu, zer egingo zenuke? Ez al zenioke zure izena esango? Ba al du Jainkoak izenik?  Erlijio askok bere izena «Jainkoa» edo «Jauna» dela diote, baina horiek ez dira pertsona izenak. Tituluak dira, «errege» edota «lehendakari» bezalakoak. Bibliak, Jainkoak titulu asko dituela irakasten du, esaterako, «Jainkoa» eta «Jauna». Hala ere, Bibliak, Jainkoak izen berezia duela irakasten du: Jehoba. «Jainkoak Moisesi esan zion, gainera: —Esan israeldarrei: Jaunak [“Jehobak”, NW] (...) bidali nau. Horixe izango da nire izena betiko» (Irteera 3:15). Zure biblia-itzulpenak ez badu Jainkoaren izenik erabiltzen, jo liburu honetako eranskinera, «Jainkoaren izena: bere erabilera eta esanahia» artikulura, hau zergatik gertatzen den ikusteko. Izan ere, Jainkoaren izena milaka aldiz agertzen da antzinako biblia-eskuizkribuetan.  Beraz, Jehobak zuk bere izena ezagutzea eta erabiltzea nahi duela erakusten du honek. Beste era batera esanda, Jehobak bere burua aurkezten dizu Bibliaren bidez.

15. Zer esanahi du Jehoba izenak?

15 Jainkoak bere buruari esanahi handiko izena ipini zion. Bere izenak, Jehoba, agindutako guztia bete dezakeela eta bururatutako edozein asmo ere aurrera eraman dezakeela esan nahi du. * Jainkoaren izena bakarra da, paregabea. Berari bakarrik dagokio. Era askotan da Jehoba paregabea. Zein eratan?

16, 17. Zer erakusten digute titulu hauek Jehobari buruz? a) «Ahalguztiduna» b) «Gizaldien Errege» c) «Sortzailea»

16 Hau dio 83. Salmoa 19⁠ak [83:18NW]: «Zu bakarrik  [zara] lur guztiaren gain Goi-goikoa». Era berean, Jehobari bakarrik deitzen zaio «Ahalguztiduna». Apokalipsia 15:3⁠ak dio: «Bai handi eta harrigarriak zuk eginak, oi Jauna, Jainko ahalguztiduna! Bai zuzen eta leiala zure jokabidea, oi herrien Errege!». «Ahalguztiduna» tituluak Jainkoa, dagoen izakirik boteretsuena dela erakusten digu. Bere boterea paregabea da, gorena. 1 Timoteori 1:17⁠an «Gizaldien Errege» deitzen zaio Jehobari eta honek, Jehoba beste era batera paregabea dela gogorarazten digu: Bera da beti bizi izan den bakarra. 90. Salmoa 2⁠ak dio: «Jainko zara zu betidanik eta betiko». Honek bai sortzen duela errespetua, ezta hala?

17 Horrez gain, Jehobak ez du parekorik Sortzailea baita. Apokalipsia 4:11⁠k dio: «Gure Jaun eta Jainko hori, zu bazara nor aintza, ohorea eta ahalmena hartzeko, zeuk baitzenituen gauza guztiak egin eta, zuk nahi izan duzulako, baitira sortu eta dira oraindik». Ikus ezin ditugun zeruko izaki espiritualak, gaueko zerua estaltzen duten izarrak, zuhaitzetan hazten diren fruituak, ozeano eta ibaietan igerian dabiltzan arrainak... bururatzen zaizun guztia, Jehoba Sortzailea delako existitzen da!

HURBILDU AL ZAITEZKE JAINKOARENGANA?

18. Zergatik pentsatzen dute askok ezinezkoa izango dutela Jainkoarengana hurbiltzea, baina zer irakasten du Bibliak?

18 Jehobaren bertute harrigarriei buruz ikasteak, pertsona asko deseroso sentiarazten ditu. Jainkoa garaiegia dela pentsatzen dute, inoiz ezingo direla beregana hurbildu edota honelako Jainko gorenari ez diotela axola. Baina, egia ote da? Bibliak kontrakoa irakasten du. Honakoa esaten du Jehobari buruz: «Izan ere, ez dago guretako bakoitzarengandik urruti» (Eginak 17:27). Gainera, honako gonbidapena luzatzen digu: «Hurbil zaitezte Jainkoarengana, eta hurbildu egingo zaizue» (Santiago 4:8).

19. a) Nola has zaitezke Jainkoarengana hurbiltzen eta zein onura izango dituzu hau egitean? b) Jainkoaren zein bertutek erakartzen zaitu gehiago?

 19 Nola hurbildu zaitezke Jainkoarengana? Hasteko, jarrai ezazu Jainkoari buruz ikasten orain ari zaren bezala. Jesusek honakoa esan zuen: «Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean» (Joan 17:3). Jehoba eta Jesusi buruz ikasiz gero «betiko bizia» lortuko duzula ziurtatzen dizu Bibliak! Jadanik ikasi duzun bezala, «Jainkoa maitasuna da» (1 Joan 4:16). Jehobak beste bertute bikain eta erakargarri ugari dauzka. Esaterako, Bibliak «Jainko bihozbera eta errukiorra, haserre-gaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea» dela dio (Irteera 34:6). «Ona» eta «barkabera» da (86. Salmoa 5). Pazientzia handikoa da (2 Pedro 3:9). Biblia irakurtzen duzun heinean, Jehobak, bertute erakargarri hauek eta beste hainbat ere erakutsi dituela ikusi ahal izango duzu.

20-22. a) Galarazten al zaitu Jainkoa ezin ikusi izateak berarengana hurbiltzea? Azaldu ezazu. b) Zertara bultzatu zaitzakete asmo oneko zenbait pertsonek, baina zer egin behar zenuke?

20 Jakina, Jainkoa ezin duzu ikusi, espiritu ikusezina baita (Joan 1:18; 4:24; 1 Timoteori 1:17). Bibliako pasarteetan murgiltzen zaren heinean, Jehoba pertsona bezala ezagutzen joango zara. Salmogileak idatzi zuen bezala, «Jaunaren edertasunari [“gozotasunari”, oharra] begira» egon zaitezke (27. Salmoa 4; Erromatarrei 1:20). Jarrai ezazu Jehoba sakonki ezagutzen eta orduan bene-benetakoa bilakatuko da zuretzat. Gainera, arrazoi indartsuagoak izango dituzu bera maitatzeko eta beregandik hurbil sentitzeko.

Aita zintzo batek bere umeengatik sentitzen duen maitasunak, gure Aitak guregatik sentitzen duen maitasun handia erakusten du

21 Poliki-poliki ulertuko duzu zergatik irakasten digun Bibliak Jehoba, gure Aita bezala ikusten (Mateo 6:9). Bizia emateaz gain, guretzako bizimodurik hoberena nahi du, aita maitekor orok beraien umeentzat nahi duten bezala (36. Salmoa 10 [36:9NW]). Gizakiok Jehobaren adiskide  izan gaitezkeela ere irakasten du Bibliak (Santiago 2:23). Pentsa ezazu: Unibertsoaren Sortzailearen adiskide izan zaitezke!

22 Biblia-ezagutza handitzen duzun heinean, asmo oneko zenbait pertsonek biblia-ikastaroa bertan behera uztera bultzatu zaitzakete. Ziurrenik zure sinesmena aldatuko duzun beldur izan daitezke. Baina ez utzi inork oztopa zaitzan. Izan ere, orain eduki dezakezun adiskidetasunik politena eraikitzen ari zara!

23, 24. a) Zergatik jarraitu behar zenuke galdetzen ikasten ari zarenari buruz? b) Zer landuko dugu hurrengo kapituluan?

23 Hasieran ulertuko ez dituzun zenbait gauza izango dira, noski. Laguntza eskatzeko apalak izan behar dugu. Nahiz eta honek lotsa eman, ez etsi. Jesusek haurren modura apalak izatea ona dela esan zuen (Mateo 18:2-4). Eta haurrek, dakigun bezala, galdera ugari egiten dituzte. Jainkoak zuk erantzunak aurkitzea nahi du. Bibliak Jainkoari buruz ikasteko irrika zuten hainbat lagun goraipatzen ditu. Liburu Santuak arreta osoz aztertu zituzten, ikasten ari zirena egia zela ziurtatzeko (Irakurri Eginak 17:11).

24 Jehoba ezagutzeko erarik onena Biblia aztertzea da. Gainontzeko liburuen aldean, zeharo desberdina da. Zein eratara? Hurrengo kapituluak gai hau landuko du.

^ § 15 Jainkoaren izenaren esanahi eta ahoskerari buruzko informazio gehiago eranskinaren «Jainkoaren izena: bere erabilera eta esanahia» artikuluan aurkituko duzu.