Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zer da Bibliak benetan irakasten duena?

 4. KAPITULUA

Nor da Jesu Kristo?

Nor da Jesu Kristo?
  • Zein da Jesusen kargu berezia?

  • Nondik etorri zen?

  • Zer nolako pertsona izan zen?

1, 2. a) Zergatik ez du esan nahi ospetsua den pertsona baten izena jakiteak benetan ezagutzen dugula? b) Zein ideia nahasi dituzte pertsona askok Jesusi buruz?

PERTSONA ospetsu ugari dago munduan zehar. Batzuk oso ezagunak dira beraien herrialde, hiri edo estatuetan. Beste batzuk berriz, mundu guztian dira ezagunak. Halere, pertsona ospetsu baten izena jakiteak ez du esan nahi bene-benetan ezagutzen duzunik, hau da, bere jatorriari eta izaerari buruzko xehetasunak dakizkizunik.

2 Munduan zehar askok Jesu Kristoren entzutea izan dute, nahiz eta duela 2.000 bat urte bizi izan zen lurrean. Hala eta guztiz ere, askok ez dute argi nor izan zen benetan. Batzuek gizon on bat bakarrik izan zela uste dute; beste batzuek, berriz, profeta soil bat. Eta beste zenbaitek Jesus Jainkoa dela eta gurtu egin behar dugula ere uste dute. Horrela ote da?

3. Zergatik da garrantzitsua Jehoba eta Jesus ezagutzea?

3 Baina zein da benetan egia Jesusi buruz? Zuk hau jakitea oso garrantzitsua da. Zergatik? Bibliak hala diolako: «Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean» (Joan 17:3). Hala da, Jehoba eta Jesus benetan ezagutzeak lurrean izango den paradisuan betiko bizitzera zuzen zaitzake (Joan 14:6). Honetaz gain, nola bizi eta besteekin nola jokatzeari buruzko eredu ezin hobea ezarri zigun  Jesusek (Joan 13:34, 35). Liburu honetako lehendabiziko kapituluan, zein den egia Jehobari buruz aztertu genuen. Ikus dezagun orain Bibliak benetan irakasten duena Jesu Kristori buruz.

AGINDUTAKO MESIAS

4. Zer esan nahi dute «Mesias» eta «Kristo» tituluek?

4 Jesus jaio baino askoz ere lehenago, Jainkoak bidaliko zuen Mesiasen etorrera iragarri zuen Bibliak. «Mesias» (hebrear jatorria duena) eta «Kristo» (jatorri grekoa duena) tituluek, «Gantzutua» esan nahi dute. Jainkoak bidaliko zuena gantzutua izango zen, hau da, Jainkoak  kargu berezi baterako aukeratua. Jainkoaren promesetan Mesiasek duen garrantziari buruz liburu honetako hurrengo kapituluetan ikasiko dugu; baita Jesusek orain eman ahal dizkigun onurei buruz ere. Jesus jaio baino lehen, halere, askok segur aski honakoa galdetu zuten: «Nor izango ote da Mesias?».

5. Zertaz zeuden guztiz ziur Jesusen ikasleak?

5 Nazaretar Jesusen ikasleak, K.o. lehen mendean, guztiz ziur zeuden bera zela iragarritako Mesias (Joan 1:41). Ikasleetariko batek, Simon Pedrok, argi eta garbi esan zion Jesusi: «Zu Mesias zara» (Mateo 16:16). Zergatik zeuden ikasle hauek ziur Jesus benetan agindutako Mesias zela? Eta gu, zergatik egon gaitezke ziur?

6. Nola lagundu zituen Jehobak berari leialak zirenak Mesias nor zen jakiten? Azaldu ezazu adibide bat erabiliz.

6 Jesus baino lehenago bizi izan ziren Jainkoaren profetek Mesiasi buruzko xehetasun ugari eman zituzten. Xehetasun horiek Mesias nor zen jakiten lagunduko zuten. Adibide batekin uler dezakegu: demagun ezagutzen ez duzun norbaiten bila zoazela jendez gainezka dagoen geltoki edota aireportu batera. Ez al zaizu lagungarri izango berari buruzko xehetasun batzuk jakitea? Bai noski. Era berean, biblia-profeten bidez, Mesiasek egingo zuena eta jasango zuena zehatz-mehatz deskribatu zuen Jehobak. Honela, profezia horiek betetzen ikustean, Jainkoari leialak zirenek ez zuten zalantzarik izango Mesias nor zen jakiten.

7. Azal itzazu Jesusengan bete ziren bi profezia.

7 Azter ditzagun bi adibide. Lehenengoa: Mikeasek Mesias Belenen, hau da, Judako herri txikian jaioko zela idatzi zuen. Hori betetzeko, 700 urte baino gehiago igaro beharko ziren (Mikeas 5:1 [5:2NW]). Non jaio zen Jesus? Herri horretan, hain zuzen ere! (Mateo 2:1, 3-10). Bigarren adibidea Daniel 9:25⁠ean idatzitako profezia da. Hainbat menderen aurrerapenarekin, Mesias agertuko  zen urtea iragarri zuen: K.o. 29. urtea. * Profezia hauen eta beste hainbaten betetzeak Jesus agindutako Mesias zela frogatzen du.

Jesus, Mesias edo Kristo bilakatu zen bataiatu zenean

8, 9. Nola gelditu zen argiago Jesus zela agindutako Mesias bataiatua izan zenean?

8 Jesus Mesias zela argiago gelditu zen K.o. 29. urtean. Urte hartan, Jesus Joan Bataiatzailearengana joan zen Jordan ibaian bataia zezan. Jehobak Joani Mesias nor zen jakiteko seinale bat emango ziola hitz emana zion. Joanek Jesus bataiatua izatean ikusi zuen seinale hori. Bibliak hau gertatu zela dio: «Bataiatu eta berehala, Jesus uretatik irten zen. Hortan, zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: “Hau da nire Semea, nire maitea; berau dut atsegin”» (Mateo 3:16, 17). Gertatu zena ikusi eta entzun ondoren, Joanek dudarik gabe jakin zuen Jesus Jainkoak bidalia izan zela (Joan 1:32-34). Egun hartan, Jainkoak bere espiritua edo indar eraginkorra Jesusengan isuri zuen, Jesus Mesias edo Kristo bilakatuz. Honela, Buruzagi eta Errege izateko aukeratua izan zen (Isaias 55:4).

9 Biblia-profezien betetzeak eta Jehobak berak esandakoak, Jesus agindutako Mesias zela argi eta garbi erakusten dute. Baina Bibliak Jesu Kristori buruzko beste bi galdera garrantzitsu ere erantzuten ditu: Nondik etorri zen? Zer nolako pertsona zen?

NONDIK ETORRI ZEN JESUS?

10. Zer irakasten du Bibliak Jesusen jatorriari buruz?

10 Jesus zeruan bizi izan zela lurrera etorri aurretik irakasten du Bibliak. Mikeasek Mesias Belenen jaioko zela iragarri zuen eta bere jatorria «aspaldikoa» zuela ere adierazi  zuen (Mikeas 5:1 [5:2NW]). Jesusek, sarritan esan zuen zeruan bizi izan zela gizaki moduan jaio baino lehen (Irakurri Joan 3:13; 6:3862; 17:4, 5). Bertan bizi zenean izaki espiritual moduan, Jesusek harreman berezia zuen Jehobarekin.

11. Nola erakusten du Bibliak Jesus dela Jehobaren semerik maiteena?

11 Jesus Jehobaren semerik maiteena da arrazoi askorengatik. «Izaki guztietan lehen-sortua» deitzen zaio, Jainkoak lehenik sortu zuena baita * (Kolosarrei 1:15). Jesus berezia egiten duen beste zerbait ere badago: «Seme bakarra» da (Joan 3:16). Honek, Jesus Jainkoak zuzenean sortu duen sorkuntza bakarra dela esan nahi du. Gainera, Jesus bakarrik erabili zuen Jainkoak beste guztia sortzeko (Kolosarrei 1:16). Honetaz gain, Jesusi «Hitza» deitzen zaio (Joan 1:14). Honek Jainkoaren partez hitz egin zuela esan nahi du, bere Aitaren gainerako semeei, bai izaki espiritualei eta baita gizakiei ere, mezu eta jarraibideak emanez.

12. Nola dakigu Jesus eta Jainkoa ez direla berdinak?

12 Berdinak al dira Jesus eta Jainkoa, batzuek uste duten bezala? Bibliak ez du hori irakasten. Aurreko paragrafoan ikusi dugun bezala, Semea sortua izan zen. Argi dago, beraz, Jesusek hasiera izan zuela. Jehobak, bestalde, ez du ez hasierarik ezta bukaerarik ere (90. Salmoa 2). Jesusi ez zitzaion bururatu ere egin bere Aitaren parekoa izaten saiatzea. Bibliak argi irakasten du Aita Semea baino handiagoa dela (Irakurri Joan 14:28; 1 Korintoarrei 11:3). Jehoba soilik da «Jainko ahalguztiduna» (Apokalipsia 16:7). Hortaz, ez da bere parekorik. *

13. Zer esan nahi du Bibliak Jesus «Jainko ikusezinaren irudi» dela esaten duenean?

 13 Jehobak eta bere seme Jesusek harreman estuaz gozatu zuten milioika urtez, zeru-lurrak sortu baino askoz ere lehenago. Asko maitatuko zuten elkar, bai horixe! (Joan 3:35; 14:31). Seme maite hau bere Aita bezalakoxea zen. Horregatik deitzen zaio Biblian «Jainko ikusezinaren irudi» (Kolosarrei 1:15). Izan ere, seme batek era askotan aitaren antz handia izan dezakeen bezala, Jesusek bere Aitaren bertuteak eta izaera erakutsi zituen.

14. Nola jaio zen Jehobaren Semea, Jesus, gizaki bezala?

14 Jehobaren Semeak, Jesusek, gogo onez utzi zuen zerua, lurrean gizaki moduan bizitzeko. «Baina nola da posible izaki espiritual bat gizaki jaiotzea?» galde zenezake. Hori lortzeko, Jehobak miraria gauzatu zuen. Bere Semearen bizia Maria izeneko judu birjinaren umetokian ipini zuen, giza aitaren beharrik gabe. Honela, Mariak akatsik gabeko semea izan zuen eta Jesus izena jarri zion (Lukas 1:30-35).

ZER NOLAKO PERTSONA ZEN JESUS?

15. Zergatik esaten dugu Jesusen bidez Jehoba hobeto ezagutu dezakegula?

15 Lurrean bizi artean Jesusek esan eta egin zuenak, bera ezagutzen laguntzen gaitu. Are gehiago, Jesusen bidez, Jehoba hobeto ezagutu dezakegu. Zergatik? Gogora dezagun Semea bere Aitaren irudi perfektua dela. Hori dela eta, Jesusek hau esan zion bere ikasle bati: «Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du» (Joan 14:9). Ebanjelio izena duten lau biblia-liburuek, Mateo, Markos, Lukas eta Joan, Jesu Kristoren bizitza, ekintza eta bertuteei buruz informazio ugari ematen digute.

16. Zein izan zen Jesusen mezu nagusia eta norena zen irakaspen hori?

16 Jesus «Maisu» bezala aski ezaguna zen (Joan 1:38; 13:13). Zer irakatsi zuen? Bere mezua, nagusiki, «Jainkoaren  erregetzaren berri ona» zen (Mateo 4:23). Jainkoaren Erreinua zerutik lurra aginduko duen gobernua da eta honi esker, esaneko diren gizakiek amaituko ez diren onurak izango dituzte. Norena zen mezu hori? Jesusek berak erantzun zuen honakoa esatean: «Nire irakaspena ez dut neurea, bidali nauenarena baizik», hau da, Jehobarena (Joan 7:16). Jesusek bazekien zein zen bere Aitaren nahia, gizakiek bere Erreinuaren berri onei buruz jakitea, hain zuzen ere. Hala ere, Jainkoaren Erreinuari eta honek lortuko duenari buruz gehiago ikasiko dugu 8. kapituluan.

17. Non irakatsi zuen Jesusek eta zergatik saiatu zen horrenbeste besteei irakasten?

17 Non irakatsi zuen Jesusek? Pertsonak topatzen zituen leku guztietan: baserri nahiz hirietan, herri txikietan, azoketan eta etxeetan. Izan ere, Jesus ez zen pertsonak berarengana joateko zain egoten. Bera joaten zitzaien bila (Markos 6:56; Lukas 19:5, 6). Baina, zergatik saiatu zen horrenbeste Jesus? Eta zer dela eta eman zuen hainbeste denbora berri onak zabaltzen eta irakasten? Jainkoaren nahia zelako berak hori egitea. Eta Jesusek beti egin zuen bere Aitaren nahia (Joan 8:28, 29). Berak bazuen beste arrazoi bat ere berri onak zabaltzeko. Jesusek erruki zion berarengana joaten zen jendetzari (Irakurri Mateo 9:35, 36). Erlijio-buruek, Jainkoaz eta bere asmoei buruz egia irakatsi beharrean, arduragabe jokatu zuten pertsona horiekin. Hori ikusirik, Jesusek bazekien Jainkoaren Erreinuari buruz jakiteko behar handia zutela haiek.

18. Jesusen zein bertutek erakartzen zaitu gehien?

18 Jesus jende guztiaz arduratzen zen gizon maitekorra zen. Askok hurbilerraza eta jatorra zela ikusi ahal izan zuten. Haurrak ere gustura sentitzen ziren berarekin! (Markos 10:13-16). Jesusek ez zuen bereizketarik egiten. Ustelkeria eta injustizia gorroto zituen (Mateo 21:12, 13).  Garai hartan, emakumezkoei ez zitzaien begirunerik erakusten; eskubideak ere, gutxi zituzten. Hala ere, Jesusek duintasunez jokatu zuen beraiekin (Joan 4:9, 27). Jesus bene-benetan zen apala. Behin, bere ikasleen oinak garbitu zituen nahiz eta hori zerbitzari apalenen lana izan.

Jesusek pertsonak topatzen zituen leku guztietan zabaltzen zituen berri onak

19. Zein adibidek erakusten du Jesus sentikorra zela besteen beharrak ikustean?

19 Jesus sentikorra zen besteen beharrak ikusten zituenean. Hau nabarmen gelditzen zen, Jainkoaren espirituari esker, jendea sendatzeko mirariak egiten zituenean (Mateo 14:14). Esaterako, lepradun gizon bat Jesusi hurbildu zitzaion hau esanez: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Jesusek bere barruan sentitu zuen gizon honen oinaze eta sufrimendua. Errukiturik, eskua luzatu eta ukitu egin zuen erantzunez: «Nahi dut, izan zaitez garbi» (Markos 1:40-42). Nola sentitu ote zen gizon hori!

 LEIAL HIL ZEN ARTE

20, 21. Zergatik da Jesus eredurik hoberena Jainkoaren esana leialki betetzen?

20 Jesusek ezarri zigun dagoen eredurik hoberena. Zertan? Jainkoaren esana leialki betetzen. Bere Aitari leial mantendu zitzaion egoera askotan, nahiz eta gauza asko aurka izan eta asko sufritu. Satanasen tentazioei tinko aurre egin zien arrakasta handiz (Mateo 4:1-11). Garai batean, Jesusen familiarteko batzuek ez zuten berarengan federik izan eta «burutik egina zegoela» ere esan zuten (Markos 3:21). Halere, Jesusek ez zuen utzi honek berarengan eraginik izan zezan. Jainkoak emandako lana egiten jarraitu zuen. Eta nahiz eta irainak eta tratu txarrak jasan, bere burua kontrolpean mantendu zuen, bere aurkariak kaltetzen saiatu gabe (1 Pedro 2:21-23).

21 Jesusek leialtasunari eutsi zion hil zen arte. Heriotza  mingarri eta gupidagabea sufritu zuen bere etsaien eskutik (Irakurri Filipoarrei 2:8). Pentsa ezazu gizaki izan zen azkeneko egunean jasandakoan: atxilotua, lekuko faltsuek salatua, epaile ustelek epaitua, barregarritzat hartua eta soldaduengatik torturatua izan zen. Egur batetik zintzilikaturik, deiadar handia eginez, «betea da dena» esan eta azken arnasa eman zuen (Joan 19:30; Eginak 5:30). Hala ere, Jesus hil eta hirugarren egunean, bere Aitak izaki espiritual moduan berpiztu zuen (1 Korintoarrei 15:45; Hebrearrei 9:12, 24). Aste batzuk pasa ondoren, zerura itzuli zen eta orduan, «Jainkoaren eskuinaldean eseri zen» errege-agintea jaso bitartean (Hebrearrei 10:12, 13).

22. Zer lortu zuen Jesusek hil zen arte Jehobari zion leialtasunari eutsi zionean?

22 Zer lortu zuen Jesusek hil zen arte leialtasunari eutsi zionean? Jesusen heriotzak lurrean izango den paradisuan betiko bizitzeko atea irekitzen digu, Jehobak hasiera-hasieratik zuen asmoarekin bat eginez. Nola egiten du hori posible Jesusen heriotzak? Gai hori hurrengo kapituluan jorratuko dugu.

^ § 7 Jesusengan bete zen Danielen profeziari buruzko azalpena ikusteko, jo ezazu eranskinaren «Mesias noiz agertuko zen iragarri zuen Danielen profeziak» artikulura.

^ § 11 Jehobari Aita deitzen zaio Sortzailea delako (Isaias 64:7 [64:8NW]). Jehobak Jesus sortu zuenez, Jainkoaren Seme deitzen zaio. Era berean, beste izaki espiritualei eta baita Adami ere, Jainkoaren seme deitzen zaie (Hasiera 6:2; Lukas 3:23, 38).

^ § 12 Jesus eta Jainkoa berdinak ez direla frogatzen duen informazioa ikusteko, jo ezazu eranskinaren «Aita, Semea eta Espiritu Santua: zein da egia hauei buruz?» artikulura.