Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zer da Bibliak benetan irakasten duena?

 15. KAPITULUA

Jehobak onesten duen gurtza

Jehobak onesten duen gurtza
  • Onesten al ditu Jainkoak erlijio guztiak?

  • Nola jakin dezakegu zein den benetako erlijioa?

  • Nortzuk dira Jainkoaren benetako adoratzaileak gaur egun?

1. Nola izango da gure mesederako Jainkoa era egokian gurtzea?

JEHOBA gutaz bene-benetan arduratzen da eta berak maitekiro ematen digun gida gure mesederako izatea nahi du. Era egokian gurtzen badugu, zoriontsu izango gara eta arazo askotaz libratuko gara. Bere laguntza eta bedeinkapena ere jasoko ditugu (Isaias 48:17). Hala ere, ehunka erlijiok Jainkoari buruzko egia zein den irakasten dutela esaten dute. Baina egia honi eta Jainkoak gutaz espero duenari buruz dituzten irakaskuntzak, bata bestearen artean oso ezberdinak dira.

2. Nola jakin dezakezu Jehoba gurtzeko era zuzena zein den? Adierazi ezazu adibide batekin.

2 Nola jakin dezakezu Jainkoa gurtzeko era zuzena zein den? Ez dituzu zertan erlijio guztien irakaskuntzak ikasi eta alderatu behar. Bibliak Jehoba gurtzeko era zuzenari buruz benetan dioena ikastearekin nahikoa duzu. Adibidez, herrialde askotan diru faltsuarekin arazo handia izan ohi da. Imajina ezazu diru faltsua benetako dirutik bereizteko lana duzula, nola bereiziko zenuke? Txanpon edo billete faltsu bakoitza nolakoa den ikasiz? Ez al da errazagoa izango benetako dirua nolakoa den ikastea? Bai noski! Benetako dirua nolakoa den jakin ondoren, diru faltsua bereizi ahal izango duzu. Era berean, benetako erlijioa zein den ikasten duzunean, erlijio faltsuak ere bereizi ahal izango dituzu.

3. Jainkoaren onespena izateko, zer egin behar dugu Jesusen arabera?

 3 Oso garrantzitsua da Jehoba, berak onesten duen moduan gurtzea. Jainkoak erlijio guztiak dituela gogoko uste du jende askok, baina hau ez da Bibliak irakasten duena. Ez da nahikoa norberak bere burua kristaua dela esatea. Jesusek hau esan zuen: «Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin». Jainkoaren onespena izateko gutaz eskatzen duena ulertu eta bete behar dugu. Izan ere, Jainkoaren nahia egiten ez zutenei Jesusek «gaizkile» deitu zien (Mateo 7:21-23). Beraz, diru faltsuaren modura, erlijio faltsuek ez dute benetako baliorik, are okerrago, benetan kaltegarriak dira.

4. Zer esan nahi dute Jesusek aipatu zituen bi bideek? Nora zuzentzen dute bide hauek?

4 Jehobak gizaki guztioi eskaintzen digu betiko bizitza lortzeko aukera. Baina paradisuan betiko bizitzeko Jainkoa era egokian gurtu behar dugu eta, era berean, berari onargarri zaion bizimodua izan. Zoritxarrez, askok hau egiteari uko egiten diote. Horregatik, Jesusek honakoa esan zuen: «Sar zaitezte ate estutik; zabala baita hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak. Baina bai estua dela bizirako atea eta meharra bidea, eta gutxi dira aurkitzen dutenak» (Mateo 7:13, 14). Benetako erlijioak betiko bizira zuzentzen gaitu; erlijio faltsuak suntsipenera. Hala ere, Jehobak ez du nahi inor suntsitua izan dadin, horregatik ari da munduan zehar dauden pertsona guztiei berari buruz ikasteko aukera luzatzen (2 Pedro 3:9). Beraz, Jainkoa gurtzen dugun modua hil ala biziko kontua da guretzat.

NOLA ANTZEMAN DEZAKEGU BENETAKO ERLIJIOA?

5. Nola antzeman dezakegu benetako erlijioa jarraitzen dutenak zein diren?

5 Nola aurki dezakezu bizirako bidea? Jesusen arabera, benetako erlijioa begi-bistakoa izango zen bere kideen bizimoduak erakutsiko baitzuen. «Beren egintzetatik  antzemango diezue» erran zuen Jesusek. «Zuhaitz onak fruitu ona ematen du» (Mateo 7:16, 17). Beraz, benetako erlijioa jarraitzen dutenak beraien sinesmen eta jokaerarengatik ezagutzen dira. Nahiz eta perfektuak ez izan eta akatsak egin, benetako adoratzaileek, talde gisa, Jainkoaren nahia bete nahi dute. Nortzuk jarraitzen dute, hortaz, benetako erlijioa? Ikus ditzagun sei bereizgarri hau jakiteko.

6, 7. Zer iritzi dute Jainkoaren zerbitzariek Bibliari buruz? Nola ezarri zuen Jesusek eredua?

6 Jainkoaren zerbitzariek Biblian oinarritzen dituzte beraien irakaskuntzak. Honakoa dio Bibliak berak: «Liburu Santuetan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da eta irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria; horrela, Jainkoaren gizona [edo emakumea] guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest» (2 Timoteori 3:16, 17). Eta Paulo apostoluak hauxe idatzi zien bere kristau lagunei: «Jainkoaren mezua hots egin genizuenean, [...] ez zenuten hartu giza hitz huts bezala, Jainkoaren hitz bezala baizik. Hala da izan ere» (1 Tesalonikarrei 2:13). Beraz, benetako erlijioaren sinesmen eta jarduerak ez daude giza ikuspuntu edo ohituretan oinarrituak. Jainkoak inspiratutako Hitzean, hau da, Biblian dute jatorria.

7 Jesu Kristok bere irakaskuntzak Jainkoaren Hitzean oinarritzean, eredu egokia ezarri zuen. Honakoa esan zion otoitzean bere Aitari: «Zure mezua egia da» (Joan 17:17). Jesusek Jainkoaren Hitzean sinesten zuen eta, horregatik, irakasten zuen guztia Idatzi Santuekin bat zetorren. Askotan, txatal bat aipatu aurretik, «idatzia dago» esaten zuen (Mateo 4:4, 7, 10). Era berean, Jainkoaren zerbitzariek ez dituzte nork bere ideiak irakasten. Biblia Jainkoaren Hitza dela sinesten dute eta beraien irakaskuntzak Biblian daude sendo oinarrituak.

8. Zer dago Jehobaren gurtzaren barne?

8 Benetako erlijioa jarraitzen dutenek Jehoba bakarrik  gurtzen dute eta bere izena jakinarazten dute. Jesusek honakoa esan zuen: «Adoratu Jauna [Jehoba], zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu» (Mateo 4:10). Beraz, Jainkoaren zerbitzariek Jehoba bakarrik gurtzen dute. Jendeari Jainkoaren izena zein den eta Jainkoa nolakoa den jakinaraztea benetako gurtzaren barne dago. Biblian honakoa ere irakurri dezakegu: «Jakin bezate zu, zu bakarrik, zarela Jauna [Jehoba], zu bakarrik lur guztiaren gain Goi-goikoa» (83. Salmoa 19 [83:18NW]). Jesusek besteei Jainkoa ezagutzen laguntzeko eredu paregabea ezarri zuen. Honela esan zuen otoitzean: «Eman diet zure berri [“zure izena ezagutarazi dut”, Bible Saindua] mundutik bereizi eta eman zenizkidan gizon-emakumeei» (Joan 17:6). Era berean, benetako adoratzaileek gaur egun Jainkoaren izena, bere asmoa eta bere bertuteak irakasten dizkiote jendeari.

9, 10. Nola azaltzen diote maitasuna benetako kristauek batak besteari?

9 Jainkoaren zerbitzariek elkar maite dute bihotz-bihotzez. Jesusek esan zuen: «Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean» (Joan 13:35). Lehenengo kristauek honelako maitasuna zioten batak besteari. Biblia-printzipioetan oinarritutako maitasunak arraza, nazio edo gizarte maila ezberdina izateak sortzen duen oztopo oro gainditzen du. Izan ere, Jainkoaren zerbitzariak aska ezin daitekeen benetako anaitasunean lotzen ditu (Irakurri Kolosarrei 3:14). Erlijio faltsuen kideek ez dute honelako anaitasunik, batak bestea hiltzen baitute nazio edo etnia ezberdinetakoak izateagatik. Bestalde, benetako kristauek ez dute armarik hartzen bere fedekideak edo beste inor hiltzeko. Hala dio Bibliak: «Honetan agertzen da zein den Jainkoaren seme-alaba eta zein deabruarena: Jainkoaren nahia egiten ez duena, hau da, bere senidea maite ez duena, ez da Jainkoaren seme-alaba. Hauxe da hasieratik entzun duzuen mezua: elkar maita dezagula; ez Kainek bezala, Gaiztoarena izanik, bere anaia Abel hil baitzuen» (1 Joan 3:10-12; 4:20, 21).

 10 Noski, benetako maitasuna azaltzeko ez da nahikoa besteak ez erailtzea. Benetako kristauek beraien denbora, indarra eta baliabideak erabiltzen dituzte, eskuzabaltasunez, besteei lagundu eta adore emateko (Hebrearrei 10:24, 25). Momentu latzetan elkarri laguntzen diote eta zintzoak dira besteekin. Izan ere, Bibliak esaten duen hurrengo aholku hau beraien bizian jarraitzen dute: «Egin diezaiegun guztiei on» (Galaziarrei 6:10).

11. Zergatik da garrantzitsua Jesu Kristo onartzea Jainkoak gu salbatzeko bide gisa?

11 Benetako kristauek Jesu Kristo onartzen dute Jainkoak gu salbatzeko bide gisa. Bibliak honakoa dio Jesusi buruz: «Honengan bakarrik dugu salbamena, ez baitigu Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor eman eguzkiaren azpian, salba gaitzakeenik» (Eginak 4:12). Izan ere, Jesusek bere bizia eman zuen erreskate gisa esanekoak diren gizakien alde, 5. kapituluan ikusi genuen bezala (Mateo 20:28). Gainera, Jainkoak lur zabalean aginduko duen bere zeruko Erreinuko errege izendatu du Jesus. Beraz, betiko bizitzeko, Jesusen esana bete eta bere irakaskuntzak gure bizian jarrai ditzagun eskatzen digu Jainkoak. Horregatik, hauxe esaten du Bibliak: «Semearengan sinesten duenak betiko bizia du; baina Semearengan sinetsi nahi ez duenak ez du bizia ikusiko» (Joan 3:36).

12. Zer esan nahi du mundu honen parte ez izateak?

12 Benetako adoratzaileak ez dira mundu honen parte. Pilato agintari erromatarraren aurrean auzitaratua zegoelarik, honakoa esan zuen Jesusek: «Nire erregetza ez da mundu honetakoa» (Joan 18:36). Jesusen benetako jarraitzaileak zeruko Erreinuaren herritarrak dira. Beraz, zein herrialdetan bizi diren axolarik izan gabe, munduko kontu politikoen aurrean ez dira inoren alde edo aurka ipintzen. Ez dute gatazketan parterik hartzen. Hala ere, Jehobaren adoratzaileek ez dute eragozpenik ipintzen besteek alderdi politiko baten bazkide edo hautagai izan nahi badute, edota hauteskundeetan bozkatu nahi badute ere. Eta,  gainera, Jainkoaren benetako adoratzaileak politikan neutral mantentzeaz gain, legeak ere betetzen dituzte. Zer dela eta? Jainkoak «ezarritako agintarien menpeko» izatea agintzen dielako Bibliak (Erromatarrei 13:1). Baina Jainkoak eskatzen duena eta sistema politikoak eskatzen duena kontrajarrian daudenean, benetako adoratzaileek apostoluen eredua jarraitzen dute. Honakoa esan zuten hauek: «Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena» (Eginak 5:29; Markos 12:17).

13. Zer ikuspuntu dute Jesusen benetako jarraitzaileek Jainkoaren Erreinuari buruz? Eta zertara bultzatzen dituzte horrek?

 13 Jesusen benetako jarraitzaileek Jainkoaren Erreinua dela gizadiaren itxaropen bakarra zabaltzen dute. Jesusek honakoa iragarri zuen: «Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau, herri guztiek haren berri izan dezaten. Orduan etorriko da azkena» (Mateo 24:14). Giza agintariak arazoen konponbide gisa ikusi beharrean, Jesu Kristoren benetako jarraitzaileek Jainkoaren Erreinua dela gizakiontzako itxaropen bakarra aldarrikatzen dute (146. Salmoa 3). Jesusek gobernu paregabe honen alde otoitz egiten irakatsi zigun era honetara: «Etorrarazi zeure erregetza; betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala» (Mateo 6:10). Bibliak, Erreinu honek «ezeztatuko ditu[ela] erresuma horiek oro» eta «menderen mendetan», betiko iraungo duela iragarri zuen (Daniel 2:44, Bible Saindua; Apokalipsia 16:14; 19:19-21).

14. Zein erlijiok uste duzu betetzen dituela benetako gurtzaren bereizgarri guztiak?

14 Orain arte ikusitakoa oinarritzat hartuz, galde egiozu zeure buruari: «Zein erlijiok oinarritzen ditu bere irakaspen guztiak Biblian eta ezagutarazten du Jehobaren izena? Zein taldek azaltzen du Jehobak irakatsitako maitasuna eta du Jesusengan fedea? Nortzuk ez dute mundu honetan parte hartzen, Jainkoaren Erreinua dela gizadiarentzat itxaropen bakarra aldarrikatuz? Munduan zehar dauden erlijioen artetik, zeinek betetzen ditu bereizgarri guzti hauek?». Ekintzek argi eta garbi azaltzen dute erantzuna: Jehobaren lekukoek (Irakurri Isaias 43:10-12).

ZER EGINGO DUZU?

15. Zer eskatzen digu Jainkoak, existitzen dela sinesteaz gain?

15 Jainkoarengan sinestea ez da nahikoa bere onespena izateko. Izan ere, deabruek ere Jainkoa badela sinesten dutela dio Bibliak (Santiago 2:19). Noski, hauek ez dute Jainkoaren nahia betetzen eta, hortaz, ez dute bere onespenik.  Beraz, Jainkoaren onespena izan nahi badugu, bera existitzen dela sinesteaz gain, bere nahia ere bete behar dugu. Gainera, erlijio faltsutik aldendu behar dugu eta benetako gurtza onartu.

16. Zer egin behar dugu erlijio faltsuaren parte ez izateko?

16 Gurtza faltsuan ez dugula parterik hartu behar erakutsi zuen Paulok. Honakoa idatzi zuen: «Irten haien artetik, urrundu, ez ukitu ezer kutsaturik, eta neuk hartuko zaituztet» (2 Korintoarrei 6:17; Isaias 52:11). Beraz, benetako kristauek erlijio faltsuarekin lotura duen guztia baztertzen dute.

17, 18. Zer da Babilonia Handia? Zergatik irten behar duzu lehenbailehen bertatik?

17 Erlijio faltsu mota guztiak «Babilonia handia[ren]» parte direla erakusten du Bibliak * (Apokalipsia 17:5). Izen honek, Babilonia antzinako hiria ekartzen digu gogora. Izan ere, han sortu zen erlijio faltsua Noeren garaiko uholdearen ondoren. Gaur egunean erlijio faltsuan arruntak diren jarduera eta irakaskuntza asko, duela denbora asko Babilonian sortu ziren. Adibidez, babiloniarrek hiru jainkoen multzoak edo triadak gurtzen zituzten. Gaur egun, erlijio askoren funtsezko irakaspena Trinitatea da. Baina Bibliak argi eta garbi irakasten du benetako Jainko bakarra dagoela, Jehoba, eta Jesu Kristo bere semea dela (Joan 17:3). Zer gehiago sinesten zuten babiloniarrek? Gizakiok, gorputza hil ondoren bizirauten duen arima hilezkorra dugula eta honek tormentu-lekuan sufritu dezakeela. Gaur egun, infernuan sufritu dezakeen arima hilezkorra dugula irakasten dute erlijio gehienek.

18 Antzinako Babiloniako gurtza munduan zehar zabaldu zenez, egungo Babilonia Handia, dudarik gabe, erlijio faltsuaren mundu-inperioa dela esan daiteke. Eta Jainkoak, bat bateko amaiera izango duela honek iragarri du. Beraz, hil ala biziko kontua da Babilonia Handiaren parte den edozer gauzatik zu zeu aldentzea. Jehobak denbora dagoen bitartean,  lehenbailehen honakoa egin dezazula nahi du: «Irten Babiloniatik» (Irakurri Apokalipsia 18:4, 8).

Arraza eta adin ezberdinetako jendea batera

19. Zer jaso dezakezu Jehoba zerbitzatzen baduzu?

19 Erlijio faltsua jarraitzeari uzten diozunean, batzuek zure lagunak izateari utziko diote. Baina Jehobaren adoratzaileekin zerbitzatzen baduzu, galtzen duzuna baino askoz ere gehiago jasoko duzu. Jesusen lehenengo dizipuluek ere, bera jarraitzearren, gauza asko utzi zituzten atzean. Baina, dizipuluek izan zituzten bezala, zuk ere anai-arreba espiritual asko izango dituzu. Eta munduan zehar milioika benetako kristauek osatzen duten familiaren parte izango zara. Hauek bene-benetakoa den maitasuna azalduko dizute. Gainera, «datorren munduan» betiko bizitzeko itxaropen zoragarria izango duzu (Irakurri Markos 10:28-30). Denborarekin, beharbada, zure sinesmenen ondorioz zure lagunak izateari utzi diotenak, Bibliak irakasten duena aztertu eta Jehobaren adoratzaile bihurtuko dira.

20. Zein etorkizun izango dute benetako erlijioa jarraitzen dutenek?

20 Jainkoak laster mundu maltzur honi amaiera emango diola irakasten du Bibliak. Honen ordez, bere Erreinuaren agindupean mundu zuzen eta berria izango da (2 Pedro 3:9, 13). Hura bai izango dela mundu bikaina! Eta mundu berri eta zuzen honetan, erlijio bakarra izango da, gurtza egoki bakarra. Ez al da zentzuzkoa zuk benetako adoratzaileekin orain biltzeko neurriak hartzea?

^ § 17 Babilonia Handiak erlijio faltsuaren mundu-inperioa zergatik irudikatzen duen jakiteko, jo ezazu eranskinaren «Zer da «Babilonia Handia»?» artikulura.