• Nola egiten da kristau-bataioa?

  • Zein urrats eman behar dituzu bataiatzeko baldintzak betetzeko?

  • Nola eskaini diezaioke inork bere burua Jainkoari?

  • Zein da bataiatzeko arrazoi nagusia?

1. Zergatik eskatu zuen bataiatua izatea Etiopiako gorteko funtzionario batek?

«HORRA hor ura! Zer eragozpen da ni bataiatzeko?». Galdera hau lehen mendeko Etiopiako gorteko funtzionario  batek egin zuen. Felipe izeneko kristauak, agindutako Mesias Jesus zela azaldu zion. Idatzi santuetatik ikasi zuenak bihotza hunkiturik, etiopiar gizon honek neurriak hartu zituen: bataiatzea eskatu zuen! (Eginak 8:26-36).

2. Zergatik pentsatu beharko zenuke bataioan?

2 Liburu honetako aurreko kapituluak Jehobaren lekuko batekin aztertu badituzu, agian hauxe galdetzeko prest zaude: «Zer eragozpen dago ni bataiatzeko?». Orain arte gauza asko ikasi dituzu, esaterako, paradisuan betiko bizitzeko daukagun itxaropena zein den (Apokalipsia 21:3, 4). Hildakoen benetako egoera eta berpizkundearen itxaropenaz ere ikasi duzu (Kohelet 9:5; Joan 5:28, 29). Segur aski, Jehobaren lekukoekin bileretan elkartu izan zara eta benetako gurtza nola jarraitzen duten ere ikusi duzu (Joan 13:35). Are gehiago, ziur asko Jehobarekin harreman estua garatzen hasia zara.

3. a) Zer agindu zien Jesusek bere jarraitzaileei? b) Nola egiten da ur-bataioa?

3 Nola erakutsi dezakezu Jainkoa zerbitzatu nahi duzula? Jesusek bere jarraitzaileei honakoa esan zien: «Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz» (Mateo 28:19). Jesusek berak ezarri zuen eredua uretan bataiatua izan zenean. Ez zioten ur pixka bat zipriztindu, ezta bere buruan ura isuri ere (Mateo 3:16). Bataio ekintzarako erabiltzen den hitz grekoaren esanahia «guztiz urperatzea» da. Beraz, kristau bataioak guztiz urperatzea edo uretan sartu-irten bat egitea esan nahi du.

4. Zer uzten du agerian ur-bataioak?

4 Jainkoarekin harreman estua eduki nahi duenak uretan bataiatzea behar-beharrezkoa du. Bataioak, Jainkoa zerbitzatzeko duzun desira eta Jehobaren nahia betetzea atsegin duzula agerian uzten du denen aurrean (40. Salmoa 8, 9 [40:7, 8NW]). Baina bataiatua izateko baldintzak betetzeko, urrats zehatz batzuk eman behar dituzu.

 EZAGUTZA ETA SINESMENA BEHARREZKOAK DIRA

5. a) Zein da eman beharreko aurreneko urratsa bataiatzeko baldintzak betetzeko? b) Zergatik dira kristau-bilerak garrantzitsuak?

5 Dagoeneko, zu aurreneko urratsa ematen hasia zara. Nola? Jehoba eta Jesu Kristo ezagutzean, agian Biblia aztertzeko ohitura izanez (Irakurri Joan 17:3). Baina oraindik ere asko dago ikasteko. Izan ere, kristauek «Jainkoaren nahia zein den bete-betean ezagut[u]» nahi dute (Kolosarrei 1:9). Jehobaren lekukoen bileretara joateak asko lagunduko dizu, oso garrantzitsua baita han egotea (Hebrearrei 10:24, 25). Bileretara joateko ohitura edukitzeak Jainkoa ezagutzen lagunduko dizu.

Bibliari buruzko ezagutza zehatza izatea bataiatzeko baldintzak betetzeko urrats garrantzitsua da

6. Zenbaterainoko biblia-ezagutza behar duzu bataiatzeko baldintzak betetzeko?

6 Baina noski, zuk ez duzu Biblian idatzita dagoen guztia jakin beharrik bataiatzeko baldintzak betetzeko. Etiopiar gorteko funtzionarioak Bibliako egia batzuk ezagutzen zituen, baina beste biblia-pasarte batzuk ulertzeko laguntza behar zuen (Eginak 8:30, 31). Era berean, zuk oraindik ere asko ikasi behar duzu. Izan ere, ez duzu behin ere Jainkoari buruz ikasten bukatuko (37. Salmoa 29). Hala ere, bataiatua izan baino lehen Bibliako oinarrizko egiak zureganatu behar dituzu (Hebrearrei 5:12). Irakaskuntza hauen artean, hildakoen benetako egoerari buruzko egia eta Jainkoaren izena eta Erreinuaren garrantzia daude.

7. Zer eragin izango du biblia-ikasketak zuregan?

7 Baina ezaguera bakarrik edukitzea ez da nahikoa, «izan ere, federik gabe ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea» (Hebrearrei 11:6). Antzinako Korinto hiriko pertsona batzuek mezua entzun ondoren, «sinetsi eta bataioa hartu zute[la]» esaten digu Bibliak (Eginak 18:8). Era berean, Biblia aztertzen duzunean, Jainkoak inspiratu duen Hitza dela sinestuko duzu. Biblia aztertzeak ere, Jainkoak agindutakoa beteko duela eta Jesusen eskaintzari esker  salba gaitezkeela sinesten lagunduko dizu (Josue 23:14; Eginak 4:12; 2 Timoteori 3:16, 17).

ZABALDU BIBLIA-EGIAK BESTEEI

8. Zer egitera bultzatuko zaitu ikasi duzunak?

8 Zure fedea sendotzen doan heinean, zure bihotza hunkituko da eta ikasi duzuna zuretzako bakarrik gordetzea oso zaila izango zaizu (Jeremias 20:9). Eta noski, Jainkoa eta bere asmoei buruz besteekin hitz egitera bultzatua sentituko zara (Irakurri 2 Korintoarrei 4:13).

Fedeak zuk sinesten duzunari buruz besteekin hitz egitera bultzatuko zaitu

9, 10. a) Norekin hitz egin dezakezu hasiera batean ikasi dituzun biblia-egiei buruz? b) Zein baldintza bete behar dituzu Jehobaren lekukoek antolatua duten berri onen zabaltze-lanean parte izan nahi baduzu?

9 Egia hauek guztiak besteei zabaltzen hasi zaitezke, esaterako, zure senide, lagun, bizilagun eta lankideei. Baina beti kontu handiz egin ezazu. Denborarekin, Jehobaren lekukoek antolatua duten berri onen zabaltze-lanean parte izan nahiko duzu. Orduan, askatasun osoz, hitz egin ezazu zurekin Biblia aztertzen ari den lekukoarekin. Predikatze-lanean parte hartzeko baldintzak betetzen dituzula badirudi, orduan, zu eta zure irakaslea kongregazioko bi arduradunekin elkartuko zarete honi buruz hitz egiteko.

10 Honela kongregazioko arduradun batzuk hobeto ezagutzeko aukera izango duzu. Izan ere, hauek Jainkoaren artaldea zaintzen dute (Eginak 20:28; 1 Pedro 5:2, 3). Zein baldintza bete behar dituzu berri onak zabaltzeko bataiatu gabe dagoen berri-emailea izateko? Arduradunek Bibliako irakaskuntzak ulertzen eta sinesten dituzula, Jainkoaren printzipioen arabera bizi zarela eta zure nahia Jehobaren lekuko izatea dela ikusi behar dute.

11. Zein aldaketa egin behar dituzte batzuek bataiatu gabe dagoen berri-emailea izateko?

11 Beste aldetik, agian zure bizimoduan edo ohituretan aldaketak egin beharko dituzu, esaterako, ezkutuan  izan dituzun jokabide batzuk uztea. Beraz, bataiatu gabe dagoen berri-emailea izatea eskatu baino lehen, bekatu larrietatik libratu behar duzu, hauen artean, lizunkeria, mozkorkeria edo drogen erabilera (Irakurri 1 Korintoarrei 6:9, 10; Galaziarrei 5:19-21).

DAMUTU ETA ALDATU

12. Zergatik da beharrezkoa damutzea?

12 Bataiatu aurretik beste urrats batzuk eman behar dituzu. Pedro apostoluak honakoa esan zuen: «Bihozberri zaitezte, bada, eta itzuli Jainkoarengana, bekatuak ken dakizkizuen» (Eginak 3:19). Bihotz-berritzea edo damutzea, egin duzun zerbaitez damua edo atsekabea sentitzea da. Damutzea behar-beharrezkoa da bai moraltasun gabeko bizitza duten pertsonentzat, baita bizitza garbia izan duten pertsonentzat ere. Zergatik? Gizaki guztiok bekatariak baikara eta, hortaz, Jainkoaren barkamena behar dugulako (Erromatarrei 3:23; 5:12). Izan ere, Biblia aztertu aurretik ez zenuen ezagutzen Jainkoaren nahia. Beraz, nola bizi izan zintezke Jainkoaren nahiaren arabera? Ezinezkoa zen, ezta? Horregatik, damutzea behar-beharrezkoa da.

13. Zer da aldatzea?

13 Damutzearen ondoren ‹‹itzultzea›› edo izandako jarrera aldatzea dator. Izan ere, damutzea baino gehiago egin behar duzu. Lehen zenuen bizitza baztertu eta ongi dagoena egiteko asmo sendoa eduki behar duzu. Damutzea eta aldatzea bataiatu aurretik eman behar dituzun urratsak dira.

ESKAINI ZEURE BURUA

14. Zein urrats garrantzitsu eman behar duzu bataiatu aurretik?

14 Beste urrats garrantzitsu bat eman behar duzu bataiatu aurretik: zeure burua Jehobari eskaini behar diozu.

Egin al diozu otoitz Jehobari zeure burua eskaintzeko?

15, 16. Zer esan nahi du zeure burua Jainkoari eskaintzeak? Eta zerk bultzatzen du norbait hau egitera?

15 Otoitzaren bidez zeure burua Jehobari eskaintzen  diozunean, bera bakarrik zerbitzatuko duzula hitz ematen diozu. Zergatik nahiko luke norbaitek hori egin? Pentsa ezazu honetan: gizon batek emakume bat gustuko du eta bere andregaia izateko eskatzen dio. Bere andregaia eta bere bertuteak gehiago ezagutu ahala, berarengandik hurbilago sentituko da. Denborarekin, gizonak andregaiari berarekin ezkontzeko eskatzea espero izatekoa da. Egia da ezkonduta egoteak ardura gehiago ekarriko dizkiola, baina maitasunak urrats garrantzitsu hau ematera bultzatuko du.

16 Era berean, Jainkoa ezagutzen eta maitatzen duzunean, bera bihotz-bihotzez eta inongo baldintzarik gabe zerbitzatzeko desioa izango duzu. Izan ere, Jainkoaren semea, Jesu Kristo jarraitu nahi duen edonork bere buruari «uko egin» behar dio (Markos 8:34). Eta nola egiten diogu uko geure buruari? Jainkoaren esana betetzean gure desio eta helburuak oztopo ez izatea ziurtatuz. Bataiatu aurretik, beraz, Jehobaren nahia betetzea zure bizitzako helburu nagusia izan behar du (Irakurri 1 Pedro 4:2).

GANDITU HUTS EGITEKO BELDURRA

17. Zergatik egiten dute atzera batzuek Jehobari euren burua eskaintzeko orduan?

17 Batzuek atzera egiten dute Jehobari euren burua eskaintzeko orduan, urrats garrantzitsu hau ematearen beldur baitira. Zergatik? Jainkoari eskainitako kristau izanik, bere aurrean erantzun beharko dutelako. Izan ere, huts egiten badute Jehoba tristatuko dutelakoan, Jainkoari euren burua ez eskaintzea hobe dela pentsatzen dute.

18. Zerk bultzatuko zaitu zeure burua Jehobari eskaintzera?

18 Jehoba maitatzen ikasten duzun heinean, zeure burua berari eskaintzera eta berak nahi duen bizimodua izatera bultzatua sentituko zara (Kohelet 5:3 [5:4NW]). Zeure burua eskainitakoan, ziurrenik «Jaunari zor zaion bezala biziko zar[a], atsegin duen guztia  eginez» (Kolosarrei 1:10). Izan ere, Jainkoari diozun maitasunagatik, bere nahia betetzea ez zaizu batere zaila irudituko. Zalantzarik gabe, Joan apostoluarekin bat etorriko zara honakoa idatzi zuenean: «Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak» (1 Joan 5:3).

19. Zergatik ez duzu Jehobari zeure burua eskaintzearen beldur izan behar?

19 Ez duzu perfektua izan behar zeure burua Jainkoari eskaintzeko. Izan ere, Jehobak zure mugak ezagutzen ditu eta ez dizu egin dezakezuna baino gehiago eskatzen (103. Salmoa 14). Jainkoak zuk arrakasta edukitzea nahi du, beraz, behar duzun babesa eta laguntza emango  dizkizu (Irakurri Isaias 41:10). Ziur egon, Jehobarengan bihotz-bihotzeko konfiantza baduzu «berak eramango zaitu[ela] bide zuzenetik» (Esaera Zaharrak 3:5, 6).

AZALDU ZURE ESKAINTZA BATAIOAREN BIDEZ

20. Zergatik ez duzu zure eskaintza isilpean gorde behar?

20 Aztertu ditugun gauzez hausnartzeak, Jehobari otoitzean zeure burua eskaintzera bultzatuko zaitu. Are gehiago, bihotz-bihotzez Jainkoa maite duenak «ahoz  aitort[u]» behar du salbamena lortzeko (Erromatarrei 10:10). Baina, nola aitortu dezakezu ahoz Jehobari zeure burua eskaini diozula?

Bataioak zure aurreko bizimodua bukatu dela eta Jainkoaren nahia betetzeko prest zaudela irudikatzen du

21, 22. Nola egin dezakezu zure fedearen ahozko aitortza?

21 Zure kongregazioko arduradunen koordinatzaileari bataiatu nahi duzula esan behar diozu. Arduradun batzuk eta zu, Bibliaren oinarrizko egiak aztertzeko elkar zaitezten antolatuko du berak. Arduradunek zuk baldintzak betetzen dituzula adosten badute, bataiatzeko hurrengo aukera dagoenean bataiatu ahal izango zara. * Une horietan bataioaren esanahia aztertzen duen hitzaldi bat eman ohi da. Hizlariak, orduan, bataiatu nahi dutenei bi galdera erraz egiten dizkie. Honela, denen aurrean beraien fedearen ahozko aitortza egiten dute.

22 Zure bataioak, besteen aurrean Jainkoari zeure burua eskaini diozula eta, beraz, Jehobaren lekukoa zarela erakusten du. Bataiatu nahi dutenak, Jehobari euren burua eskaini diotela jendaurrean erakusteko guztiz urperatuak dira.

ZURE BATAIOAREN ESANAHIA

23. Zer esan nahi du «Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean» bataiatua izateak?

23 Jesusek bere jarraitzaileak «Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean» bataiatuak izango zirela esan zuen (Mateo 28:19). Bataiatu nahi duenak Jehoba eta Jesusen agintea onartzen duela esan nahi du honek (83. Salmoa 19 [83:18NW]; Mateo 28:18). Era berean, Jainkoaren espiritu santuaren edo indar eraginkorraren betekizunak eta ekintzak ere onartzen dituela adierazten du (Galaziarrei 5:22, 23; 2 Pedro 1:21).

24, 25. a) Zer irudikatzen du bataioak? b) Zein galdera sortzen da?

24 Hala ere, bataioa ez da urperatze soil bat, izan ere, oso  garrantzitsua den zerbaiten irudia da. Urperatzeak zure aurreko bizimodua bukatu dela irudikatzen du eta uretatik ateratzeak, Jainkoaren nahia betetzeko prest zaudela. Gogora ezazu Jainkoari eskaini diozula zeure burua eta ez lan, ideal, gizaki edo erakunde bati. Zure eskaintza eta bataioa Jainkoaren adiskide mina izateko hasiera da, harreman oso berezia izaten hasteko aukera paregabea (25. Salmoa 14).

25 Hala eta guztiz ere, bataioak berak ez du salbamena ziurtatzen. Hori dela eta, Paulo apostoluak honako hau egitera bultzatzen gaitu: «Saia zaitezte zeuen salbamena begirune santuz burutzen» (Filipoarrei 2:12). Beraz, bataioa hasiera bat besterik ez da. Baina, orduan, hurrengo galdera garrantzitsu hau sortzen da: «Nola iraun dezakezu Jainkoaren maitasunean?». Azkeneko kapituluak galdera honi erantzuna emango dio.

^ § 21 Bataioak Jehobaren lekukoen biltzarretan egin ohi dira.