Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zer da Bibliak benetan irakasten duena?

 5. KAPITULUA

Erreskatea: Jainkoaren oparirik bikainena

Erreskatea: Jainkoaren oparirik bikainena
  • Zer da erreskatea?

  • Nola izan zen emana?

  • Zein onura izan ditzakezu erreskateari esker?

  • Nola erakutsi dezakezu estimatzen duzula?

1, 2. a) Zerk egiten du opari bat baliotsu zuretzako? b) Zergatik esan daiteke Jehobak emaniko erreskatea dela jaso dezakezun oparirik baliotsuena?

ZEIN da inoiz jaso duzun oparirik bikainena? Opari batek ez du garestia izan beharrik guretzako garrantzitsua izateko. Izan ere, opari baten balioa ez da zertan diruaren arabera neurtzen. Opariak zoriontsu egiten bazaitu edo zure beharren bat betetzen badu, zalantzarik gabe zuretzako oso baliotsua izango da.

2 Opari asko jasoko zenituzke gustura, baina bada bat besteen gainetik nabarmentzen dena. Jainkoak gizakioi emandako oparia da. Jehobak gauza asko eman dizkigu, baina bere opari bikainena erreskatea da. Bere Semearen, hau da, Jesu Kristoren bizia eskaini zuenean egin zigun opari hau (Irakurri Mateo 20:28). Kapitulu honetan ikusiko dugun bezala, erreskatea jaso dezakezun oparirik bikainena da. Jehobak emaniko erreskateak, erabateko zoriontasuna eman diezazuke eta zure beharrik handienak ere bete ditzake. Erreskatea Jehobaren maitasunaren adierazpen handiena da benetan.

 ZER DA ERRESKATEA?

3. Zer da erreskatea eta zer ulertu behar dugu opari baliotsu hau estimatzeko?

3 Erraz esanda, erreskatea gizakiok bekatu eta heriotzatik askatzeko Jehobak erabilitako bidea da (Efesoarrei 1:7). Biblia-irakaskuntza hau ulertzeko, joan gaitezen atzera, Edengo baratzean zer gertatu zen ikustera. Adamek bekatu egin zuenean galdu zuena ulertzeak bakarrik lagunduko digu erreskateak guretzako duen balioa estimatzen.

4. Zer eragin zuen bizitza perfektua izateak Adamengan?

4 Jehobak Adam sortu zuenean guztiz baliotsua zen zerbait eman zion: giza bizitza perfektua. Zer eragin izango zuen honek Adamengan? Gorputz eta adimen perfektuekin sortua zelako, ez zen behin ere gaixotu, zahartu edo hilko. Gizaki perfektua zenez, harreman berezia zuen Jehobarekin. Izan ere, Adam Jainkoaren semea zela dio Bibliak (Lukas 3:23, 38). Beraz, Adamek Jehobarekin harreman estuaz gozatu zuen, seme batek bere aita maitekorrarekin gozatzen duen bezala. Jehobak lurrean bizi zen bere semearekin hitz egiten zuen, zeregin pozgarriak emanez eta berarengandik zer espero zuen adieraziz (Hasiera 1:28-30; 2:16, 17).

5. Zer esan nahi du Bibliak Adam Jainkoaren irudira egina zegoela esaten duenean?

5 Jainkoak «beraren irudira egin zuen» Adam (Hasiera 1:27). Horrek ez du esan nahi Adamek eta Jainkoak itxura berdina zutenik. Zergatik? Liburu honetako lehenengo kapituluan ikasi bezala, Jehoba espiritu ikusezina delako (Joan 4:24). Beraz, Jehobak ez du hezur-haragizko gorputzik. Jainkoaren irudira egina izateak, berak dituen bertute berdinekin sortua izan zela esan nahi du, besteak beste, maitasuna, jakinduria, justizia eta ahalmena. Adamek bere Aitaren antza beste era garrantzitsu batean ere bazuen: bere kabuz erabakiak hartzeko gaitasuna. Hortaz,  Jainkoak ez zuen Adam eginkizun jakin bat egiteko diseinatua dagoen makina bat bezala sortu. Erabaki pertsonalak hartu zitzakeen, ona zena eta txarra zenaren artean erabakiz. Jainkoak esandakoa betetzea erabaki izan balu Adamek, lurrean zegoen paradisuan betiko biziko zatekeen.

6. Adamek Jainkoren esana bete ez zuenean, zer galdu zuen eta zer eragin izan zuen honek bere ondorengoengan?

6 Argi dago Adamek, Jainkoaren esana bete ez zuelako hiltzera zigortua izan zenean, oso garesti ordaindu zuela. Bere bekatuarengatik giza bizitza perfektua eta honek dakartzan onurak galdu zituen (Hasiera 3:17-19). Zoritxarrez, Adamek bere bizitza baliotsua galtzeaz gain, bere ondorengoena ere galdu zuen. Jainkoaren Hitzak honela dio: «Gizon baten bidez [Adam] sartu zen bekatua munduan, eta bekatuaren bidez heriotza; horrela, gizon-emakume guztiengana zabaldu zen heriotza, guztiek egin baitzuten bekatu» (Erromatarrei 5:12). Eta noski, guztiok heredatu dugu Adamen bekatua. Hori dela eta, bere burua eta bere ondorengoak bekatu eta heriotzaren esklabutzara «saldu» zituela dio Bibliak (Erromatarrei 7:14). Jainkoaren esana ez betetzea aukeratu zutenez, ez zegoen itxaropenik Adam eta Ebarentzako. Baina izango al zen itxaropenik beraien ondorengoentzat, gu barne?

7, 8. Zer bi gauza esan nahi ditzake funtsean erreskateak?

7 Jehobak erreskatea erabili zuen gizakiak salbatzeko. Baina zer da erreskate bat? Erreskateak bi gauza esan nahi ditzake funtsean. Lehenengoa, bahituta dagoen norbait askatzeko edo zerbait berreskuratzeko ordaintzen dena. Eta bigarrena, Bibliaren arabera, zerbaiten kostua ordaintzen duen prezioa. Adibidez, biblia-garaian, pertsona batek istripu bat eragiten bazuen, sortutako kaltearen balio berbera ordaindu beharko zuen.

8 Ikusi dugun bezala, Adamek galera handia sortu zigun guztioi. Beraz, nola izango litzateke posible honen  kostua ordaintzea eta, era berean, bekatu eta heriotzaren esklabutzatik askatzea? Ikus dezagun Jehobak emandako erreskatea eta zer eragin duen guregan.

ZER-NOLAKO ERRESKATEA BEHAR ZEN?

9. Zer-nolako erreskatea behar zen?

9 Giza bizitza perfektu bat galdu zen. Beraz, hau berrerosteko ez zen nahikoa izango perfektua ez zen giza bizitza bat eskaintzea (49. Salmoa 8, 9 [49:7, 8NW]). Galdu zenaren balio berdina zuen erreskatea behar zen. Hau Biblian aurkitzen dugun justizia perfektua azaltzen duen printzipioarekin bat dator: «Bizia biziaren ordain» (Deuteronomioa 19:21). Zerk ordainduko zuen, orduan, Adamek galdu zuen giza bizitza perfektuaren balioa? Beste giza bizitza perfektu batek. Hau izango zen beharrezko erreskate edo «ordainsari[a]» (1 Timoteori 2:6).

10. Nola eman zuen Jainkoak erreskatea?

10 Nola eman zuen Jainkoak erreskatea? Bere seme espiritual perfektu bat bidali zuen lurrera. Baina ez zuen edozein izaki espiritual bidali. Berak gehien maite zuena, hau da, bere Seme bakarra bidali zuen (Irakurri 1 Joan 4:9, 10). Seme honek zeruan zeukan bizitza utzi zuen bere borondatez (Filipoarrei 2:7). Aurreko kapituluan ikasi bezala, Jehobak mirari bat egin zuen bere Semearen bizia Mariaren umetokian ipini zuenean. Jainkoaren espiritu santuari esker, Jesus gizaki perfektu jaio zen, bekatuaren zigorretik aske (Lukas 1:35).

Erreskate moduan eskaini zuen Jehobak bere Seme bakarra

11. Nola liteke posible gizon bakarra milioika pertsonen erreskate izatea?

11 Nola liteke posible gizon bakarra milioika pertsonen erreskate izatea? Pentsa dezagun, nola gertatu zen milioika pertsona hauek bekatari izatea? Gogoan izan, Adamek bekatu egitean altxor preziatua galdu zuela: giza bizitza perfektua. Beraz, bere ondorengoei ezin izan zien altxor hori eman. Alderantziz, bekatua eta heriotza besterik ez  zien eman. Jesusi, bestalde, Biblian «azkeneko Adam» deitzen zaio. Berak ere giza bizitza perfektua izan zuen baina ez zuen inoiz bekatu egin (1 Korintoarrei 15:45). Jesusek Adamen tokia hartu zuela gu guztiok salbatzeko esan daiteke. Bere Aitaren esana ezin hobe bete eta bere giza bizitza perfektua eskaini zuen. Honela, Jesusek Adamen bekatuaren kostua ordaindu zuen, Adamen ondorengoei itxaropena emanez (Erromatarrei 5:19; 1 Korintoarrei 15:21, 22).

12. Zer frogatu zuen Jesusek horrenbeste sufritu zuenean?

12 Bibliak Jesusek hil aurretik jasan zuen sufrimendua xehetasunez deskribatzen du. Gogor jipoitu ondoren, gupidagabe egur batean iltzatu zuten, heriotza guztiz krudela sufrituz (Joan 19:1; Eginak 10:39; Eranskineko «Erabil behar al lukete kristauek gurutzea gurtzan?» artikulua). Zergatik sufritu behar izan zuen horrenbeste Jesusek? Liburu honetan aurrerago ikusiko dugun bezala, Satanasek erronka egin zion Jehobari: ez zen gizaki bakar bat egongo estualdien aurrean Jehobari leial izango zitzaionik. Baina Jesusek erantzun paregabea eman zion Satanasen erronkari, sufrimendu latzen aurrean leialtasunari eutsiz. Era honetara, zer frogatu zuen Jesusek gizaki perfektuei buruz? Jehobari erabat leial izatea aukeratu dezaketela, nahiz eta Deabruak arazoak sortu. Nola sentitu ote zen Jehoba bere Seme maitearen leialtasuna ikustean? Pozez gainezka, noski! (Esaera Zaharrak 27:11).

13. Nola ordaindu zen erreskatea?

13 Nola ordaindu zen erreskatea? Kristo ondorengo 33. urtean, judutarren egutegiko Nisanaren 14⁠an, Jainkoak bere Seme perfektu eta bekatu gabea hil zezaten utzi zuen. Honela, Jesusek bere giza bizitza perfektua «behin betiko» eskaini zuen (Hebrearrei 10:10). Jesus hil eta hirugarren egunean, Jehobak izaki espiritual moduan berpiztu zuen. Zeruan, Jesusek bere giza bizitza perfektuaren balioa aurkeztu zuen Jainkoaren aurrean. Hau izan  zen Adamen ondorengoen alde eskainitako erreskatea (Hebrearrei 9:24). Jehobak Jesusen eskaintzaren balioa onartu zuen. Eta erreskate honi esker, gizakiok bekatu eta heriotzaren esklabutzatik aske gera gaitezke (Irakurri Erromatarrei 3:23, 24).

ZEIN ONURA IZAN DITZAKEZU ERRESKATEARI ESKER?

14, 15. Zer egin behar dugu «bekatuen barkamena» izateko?

14 Erreskateari esker, bedeinkapen paregabeak jaso ditzakegu nahiz eta bekatariak izan. Azter ditzagun opari bikain honek orain eta etorkizunean ekarriko dituen onuretariko batzuk.

15 Bekatuen barkamena. Perfekzio eza heredatu dugunez, zuzena dena egiteko borroka latza dugu. Ondorioz, guztiok egiten dugu bekatu bai hitzez, baita ekintzez ere. Baina Jesusek eskainitako erreskateari esker, «bekatuen barkamena» izan dezakegu (Kolosarrei 1:13, 14). Barkamen hau lortzeko, halere, benetan damuturik egon behar dugu. Honetaz gain, Jehobari apaltasunez barkamena erregutu behar diogu, bere Semearen eskaintzan dugun fedean oinarrituta (Irakurri 1 Joan 1:8, 9).

16. Zerk egiten du posible Jehoba kontzientzia lasaiarekin zerbitzatzea eta zer onura dakartza honek?

16 Kontzientzia lasaia izatea Jainkoaren aurrean. Errudun sentiarazten gaituen kontzientziak itxaropena galdu eta balio gabeak garela pentsarazi diezaguke. Hala ere, Jehobak, atseginez, kontzientzia lasaiarekin bera zerbitzatzen uzten digu, nahiz eta perfektuak ez garen. Nola da hau posible? Erreskateari esker barkamena lortu dezakegulako (Hebrearrei 9:13, 14). Honi esker, Jehobarekin lasai hitz egin dezakegu, berarengana otoitzean konfiantza osoz hurbilduz (Hebrearrei 4:14-16). Gure barrena lasai edukitzen badugu, gure buruarekin gustura, bakean egongo gara eta zoriontsu izango gara.

17. Zein onura izan ditzakegu Jesus guregatik hil zelako?

 17 Lurrean egongo den paradisuan betiko bizitzeko itxaropena. «Bekatuak dakarren ordaina heriotza da» dio Erromatarrei 6:23⁠ak. Txatal berberak honela jarraitzen du: «Jainkoak ematen digun dohaina, berriz, betiereko bizia, Jesus Kristo gure Jaunaren bitartez eman zaiguna». Liburu honetako 3. kapituluan paradisu honetan izango diren onurak aztertu genituen (Apokalipsia 21:3, 4). Onura guzti horiek, betiko bizitza osasuntsua barne, Jesus guregatik hil zelako dira posible. Onura hauek izateko, erreskatearen oparia eskertzen dugula erakutsi behar dugu.

NOLA ERAKUTSI DEZAKEZU ESTIMATZEN DUZULA?

18. Zergatik agertu behar genioke Jehobari gure esker ona erreskatearengatik?

18 Zergatik agertu behar genioke Jehobari gure esker ona erreskatearengatik? Pertsona batek opari bat egin eta horretan zenbat denbora, ahalegin edo diru eskaini dituen jakiten dugunean, ez al zaigu opari hori bereziki baliotsu bihurtzen? Izan ere, hunkitu egiten gaitu bere benetako maitasunaren froga delako. Erreskatea, izan dezakegun  oparien artean bikainena da, Jainkoak hau emateko eskaintzarik handiena egin zuelako. «Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion» dio Joan 3:16⁠ak. Beraz, erreskatea Jehobak guregatik sentitzen duen maitasunaren froga paregabea da. Honez gain, Jesusen maitasunaren froga ere bada, gogo onez bere bizia guregatik eman zuelako (Irakurri Joan 15:13). Jehobak eta Jesusek gutako bakoitza maite gaituztela argi eta garbi ikusten laguntzen digu erreskateak (Galaziarrei 2:20).

Jehoba ezagutzea berak emandako erreskatea estimatzen dugula agertzeko era bat da

19, 20. Nola agertu dezakezu erreskatea estimatzen duzula?

19 Nola agertu dezakezu Jainkoak emaniko opari hau estimatzen duzula? Hasteko, ezagutu ezazu opari hau egin dizuna, Jehoba (Joan 17:3). Liburu honen laguntzaz Biblia ikasteak hau egiten lagunduko dizu. Jehoba ezagutzen duzun heinean, berari diozun maitasuna indartuko da. Era berean, Bera alaitzera bultzatuko zaitu maitasun honek (1 Joan 5:3).

20 Jesusek eskainitako erreskatean fedea izan. Jesusi buruz honakoa esan zen: «Semearengan sinesten [fedea] duenak betiko bizia du» (Joan 3:36). Nola ager dezakegu Jesusengan fedea dugula? Fedea ezin da hitzez bakarrik agertu. «Fedea ere: egintzarik ez badu, hila dago» dio Santiago 2:26⁠ak. Bai, ekintzen bidez frogatzen da benetako fedea dugula. Eta zein da Jesusengan fedea daukagula azaltzeko era bat? Bere eredua jarraitzen ahalegintzea, bai hitzez eta baita ekintzez ere (Joan 13:15).

21, 22. a) Zergatik ospatu behar genuke urteroko Jaunaren Afaria? b) Zein gai jorratuko dugu 6. eta 7. kapituluetan?

21 Jaunaren Afaria oroitzeko urtero ospatzen den bileran izan. Kristo ondorengo 33. urteko Nisanaren 14⁠an, eguzkia sartu eta gero, Jesusek ospakizun berezi bat ezarri zuen. Biblian «Jaunaren Afaria» deitzen zaio (1 Korintoarrei 11:20; Mateo 26:26-28). Ospakizun honi Jesu Kristoren heriotzaren oroitzapena ere deitzen zaio. Zertarako  ezarri zuen Jesu Kristok oroitzapen hau? Bere apostoluek eta ondoren benetako kristau bilakatu zirenek, garrantzi handiko zerbait gogora zezaten: hiltzerakoan bere giza bizi perfektua erreskate modura eskaini zuen. Jesusek honakoa agindu zuen Oroitzapenari buruz: «Egizue hau nire oroigarri» (Lukas 22:19). Oroitzapena ospatzeak, erreskatearen bidez Jehobak eta Jesusek erakutsi zuten maitasun handia gogorarazten digu. Urtero ospatzen den Jesusen heriotzaren oroitzapenean izanez, erreskatea estimatzen dugula erakutsi dezakegu. *

22 Jehobak eskainitako erreskatea bene-benetan da opari paregabea (2 Korintoarrei 9:14, 15). Opari bikain honek onurak ekarriko dizkiete hildakoei ere. Gai hau jorratuko dute 6. eta 7. kapituluek.

^ § 21 Jaunaren Afariari buruzko informazio gehiago ikusteko, eranskineko «Jaunaren Afaria: Jainkoari ohore ematen dion ospakizuna» artikulura jo.