MILIOIKA pertsonak gurtzen eta errespetatzen dute gurutzea. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak gurutzea «kristau-erlijioan ikur nagusia» dela dio. Baina, egokia ote da kristauek gurutzea erabiltzea?

Esanguratsua da Jesus ez zela hil gurutze batean. Normalean «gurutze» bezala itzultzen den hitz grekoa stau·rosʹ da. Honen esanahia, funtsean, «zutoin edo egur bertikala» da. «[Stau·rosʹek] ez dauka inoiz edozein angelu sortuz gurutzatzen diren bi egurren esanahia [...]. [Itun Berria] idatzi zen grekoan ez da inoiz aditzera ematen bi egur zirenik» (The Companion Bible).

 Biblia-idazleek Jesus hil zen tresna deskribatzeko beste hitz bat erabiltzen dute hainbat pasarteetan: xyʹlon hitz grekoa (Eginak 5:30; 10:39; 13:29; Galaziarrei 3:13). Hitz honek «makil», «enbor» edota «zuhaitz» esan nahi du.

Hermann Fulda adituak, exekuzioak gauzatzen zirenean egur arrunt bat erabiltzearen zergatia adierazi zuen: «Zuhaitzak ez zeuden beti eskuragarri jendaurrean egiten ziren exekuzio-lekuetan. Beraz, zutoin soil bat lurrean sartzen zuten bertan gaizkileak zintzilikatuz. Eskuak, gora jasota, lotu edo iltzatu egiten zizkieten eta askotan hankak ere bai» (Das Kreuz und die Kreuzigung [Gurutzea eta Gurutziltzatzea]).

Frogarik nabarmenena, halere, Jainkoaren Hitzean aurkitzen dugu. Paulo apostoluak honakoa esan zuen: «Kristok legearen madarikaziotik askatu gaitu, bere burua guregatik madarikazio eginez, Liburu Santuak dioen bezala: Madarikatua habetik [egurretik] zintzilik dagoena» (Galaziarrei 3:13). Hemen Paulok Deuteronomioa 21:22, 23 aipatzen du. Pasarte honek, hebrear hizkuntzan, zur edo egur bati buruz argi hitz egiten du. Exekuzio-mota honek «madarikatu» bilakatzen zuen zigortutako pertsona. Beraz, hori ikusita, ez litzateke egokia izango kristauek beraien etxeak Jesu Kristo gurutziltzaturik dagoen irudiez apaintzea.

Zer gertatu zen Jesu Kristo hil ondoren? Lehenengo 300 urteetan, ez dago frogarik kristauak zirenek gurutzea gurtzan erabiltzen zutela erakusten duenik. IV. mendean, halere, Konstantino enperadore erromatarra, kristaua zela esaten zuen baina benetako kristau-irakaskuntzak baztertu zituen erlijiora batu zen. Gainera, gurutzea erlijio honen ikur izan zedila bultzatu zuen. Zergatik? Nahiz eta zergatik egin zuen argi ez egon, ez dago dudarik gurutzeak ez zuela zerikusirik Jesu Kristorekin. Izan ere, gurutzeak erlijio faltsuan du jatorria. New Catholic Encyclopedia liburu katolikoak honakoa onartzen du: «Gurutzea kristautasunaren aurreko eta kristauak ez ziren kulturetan ere aurkitzen da». Beste aditu batzuek bai naturaren gurtzarekin eta baita sexu-errituekin ere lotu dute gurutzea.

 Zergatik bultzatu zen, orduan, kristaua ez zen ikur honen erabilera? Antza denez, kristauak ez zirenei kristautasuna onartzea errazteko. Halere, erlijio faltsuan jatorria duten ikurren gurtza Bibliak argi eta garbi debekatzen du (2 Korintoarrei 6:14-18). Izan ere, Idazki Santuek idolatria mota guztiak debekatzen dituzte (Irteera 20:4, 5; 1 Korintoarrei 10:14). Ba al dituzte benetako kristauek, hortaz, gurutzea gurtzan ez erabiltzeko arrazoirik? Bai, noski!