Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zer da Bibliak benetan irakasten duena?

 19. KAPITULUA

Iraun Jainkoaren maitasunean

Iraun Jainkoaren maitasunean
  • Zer esan nahi du Jainkoa maitatzeak?

  • Nola iraun dezakegu Jainkoaren maitasunean?

  • Nola sarituko ditu Jehobak bere maitasunean irauten dutenak?

Egingo al duzu Jehoba zure babesleku garai nahasi hauetan?

1, 2. Non aurki dezakegu babeslekua gaur egun?

IMAJINA ezazu hurrengoa. Mendira joan zara ibilaldi bat egitera. Zerua lainotua dago baina are ilunago bihurtzen ari da. Bat-batean, tximistak zerua argitu eta trumoiaren burrunba entzuten duzu. Euria barra-barra botatzen hasi du. Korrika, babeslekuren baten bila joaten zara. Eta, hara! Bide ertzean aterpe bat dago. Lehorra eta sendoa da. Hau bai poza zurea honelako babestokia aurkituta!

2 Garai nahasian bizi gara, izan ere, munduaren egoera gero eta okerragoa da. Hala ere, bada edozein kalte iraunkorretik babes gaitzakeen aterpea. Zein da hau? Hara Bibliak irakasten duena: «Oi Jauna [Jehoba], zu ene babesleku eta gaztelu; ene Jainko, zuregan dut uste on!» (91. Salmoa 2).

3. Zer egin dezakegu Jehoba gure babeslekua izateko?

3 Jehoba, unibertsoaren Sortzaile eta Subiranoa, gure babeslekua izan daiteke. Hori bai ohorea! Kaltetu gaitzakeen edonor nahiz edozer baino boteretsuagoa delako babestu  gaitzake. Eta nahiz eta zerbaitek gu mindu, horrek sortu digun kaltea ere konpondu dezake. Zer egin dezakegu Jehoba gure babeslekua izateko? Berarengan uste osoa izan behar dugu. Are gehiago, Bibliak honakoa egitea bultzatzen gaitu: «Zaudete tinko Jainkoaren maitasunean» (Judas 21). Jainkoaren maitasunean iraun behar dugu gure zeruko Aitarekin dugun lotura estua mantenduz. Honela, ziur izango gara Bera dela gure babeslekua. Baina nola sortu dezakegu honelako lotura?

EZAGUTU JAINKOAREN MAITASUNA ETA ERANTZUN

4, 5. Zein eratan azaldu digu Jehobak maitasuna?

4 Jainkoaren maitasunean irauteko, Jehobak maitasuna nola azaldu digun estimatu behar dugu. Pentsa ezazu liburu honen bidez ikasi dituzun biblia-irakaskuntza batzuetan. Jehoba Sortzailea denez lurra gure bizileku zoragarria izateko eman digu. Ur eta janari ugariz, natura baliabidez, animalia txundigarriz eta paisaia zoragarriz beteriko planeta oparitu digu. Bibliaren Egile gisa, bere izena eta bertuteak jakinarazi dizkigu. Are gehiago, bere Seme maitea guregatik sufritu eta hil zedin lurrera bidali zuela adierazten digu bere Hitzak (Joan 3:16). Dohain honek etorkizun zoragarria izateko itxaropena zabaltzen digu!

5 Baina guk itxaropena izateko, Jehobak egin duen beste gauza bat ere beharrezkoa da. Jehobak zeruko gobernua ezarri du, Erreinu mesianikoa. Laster sufrimenduarekin akabatu eta lurra paradisu bihurtuko du. Bertan bakean eta zorionean betiko bizitzeko aukera dugu. Ez al da hau zoragarria? (37. Salmoa 29). Bien bitartean, orain bizimodurik hoberena izan dezagun, Jehobak gida ematen digu. Beste opari zoragarri bat ere egin digu: otoitza. Honen bitartez edonoiz eta edonon jar gaitezke berarekin harremanetan. Hauek Jainkoak zuregatik eta gizakiongatik sentitzen duen maitasunaren froga batzuk besterik ez dira.

6. Nola erantzungo diozu Jehobak azaldu dizun maitasunari?

 6 Orain, funtsezko galdera hau egin behar zenioke zeure buruari: «Nola erantzungo diot Jehobak azaldu didan maitasunari?». Askok hau erantzuten dute: «Nik ere Jehoba maitatu behar dut». Hala erantzuten al duzu zuk? Jesusek agindu hau guztietan garrantzitsuena dela esan zuen: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz» (Mateo 22:37). Jehoba maitatzeko arrazoi ugari dituzu. Baina Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz maite duzula sentitzea nahikoa ote da?

7. Nahikoa al da Jehoba maite duzula sentitzearekin? Azaldu ezazu adibide batekin.

7 Jainkoa maitatzea sentimendu bat baino gehiago dela azaltzen du Bibliak. Nahiz eta Jehoba maitatzen duzula sentitzea oinarrizkoa izan, sentimendu hori Jehobari benetako maitasuna izateko lehen pausoa baino ez da. Sagarrak emango dituen sagarrondoa izateko, hazia oinarrizkoa da. Baina sagar bat jan nahiko bazenu, pozik egongo al zinateke norbaitek hazia soilik emango balizu? Ez noski! Era berean, norbaitek Jehoba maitatzen duela sentitzea lehen pausoa besterik ez da. Izan ere, Bibliak honakoa irakasten du: «Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak» (1 Joan 5:3). Beraz, Jainkoari diogun maitasuna benetakoa izateko, fruitu onen bidez edo ekintzen bidez azaldu behar dugu (Irakurri Mateo 7:16-20).

8, 9. Nola azaldu dezakegu Jainkoari diogun maitasun eta esker ona?

8 Jainkoaren aginduak betetzean eta bere printzipioak jarraitzean Jehobari diogun maitasuna azaltzen dugu. Hau egitea ez da zaila. Izan ere, Jehobaren legeak ez dira astunak, gu zoriontsu izaten eta bizitzaz gozatzen laguntzeko eginak baitaude (Isaias 48:17, 18). Gure bizian Jehobaren gida jarraitzen  badugu, gure zeruko Aitari guregatik egin duen guztia zinez estimatzen dugula azalduko diogu. Tamalez, oso gutxik azaltzen diote gaur egun estimu hori. Baina guk ez dugu esker txarrekoak izan nahi. Jesus lurrean bizi izan zenean esker txarreko pertsonak ere izan ziren. Esaterako, Jesusek 10 lepradun sendatu zituen batean, bat bakarrik itzuli zen eskerrak ematera. (Lukas 17:12-17). Ziur aski guk ere esker oneko lepraduna bezalakoa izan nahi dugu, ez esker txarreko beste 9⁠ak bezalakoak!

9 Orduan, zeintzuk dira jarraitu behar ditugun Jehobaren aginduak? Berrikusi ditzagun liburu honetan aztertu ditugun agindu hauetariko batzuk. Izan ere, Jainkoaren aginduak jarraitzeak Jehobaren maitasunean irauten lagunduko digu.

JARRAITU JEHOBARENGANA HURBILTZEN

10. Azaldu ezazu Jehobari buruz ikasten jarraitzeak duen garrantzia.

10 Jehobari buruz ikastea berarengana hurbiltzeko lehen pausoa da. Inoiz gelditu behar ez den prozesua da hau. Imajina ezazu zeure burua mendian gau hotz  batean. Berotzeko sua piztu ondoren, utziko al zenituzke sugarrak pixkanaka-pixkanaka itzaltzen joan zitezen? Ez horixe! Egurra sutara botatzen jardungo zenuke suak bizi-bizi jarraitzeko. Izan ere, sua bizirik jarraitzea hil edo biziko gauza izango litzateke zuretzako! Beraz, egurrak sua bizitzen duen bezala, Jainkoaren ezagutzak Jehobari diogun maitasuna bizi-bizi mantenduko du (Esaera Zaharrak 2:1-5).

Suak bezalaxe, Jehobari diogun maitasunak ere «erregaia» behar du bizi-bizi mantentzeko

11. Zer eragin izan zuen Jesusen irakaskuntzak bere jarraitzaileengan?

11 Jesusek, bere jarraitzaileek Jehobari eta bere Hitzari zioten maitasunak bizi-bizi iraun zezan nahi zuen. Nola lortu zuen hori berpiztu ondoren? Bere ikasleen arteko biri, berarengan bete ziren hebrear idatzietako iragarpen batzuei buruz irakatsiz. Zer eragin izan zuen hauengan? Hau esan zuten geroago: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?» (Lukas 24:32).

12, 13. a) Zein da munduaren joera gaur egun Jainkoa eta Bibliari zaien maitasunari buruz? b) Zer egin dezakegu gure maitasuna hoztu ez dadin?

12 Bibliak benetan irakasten duena lehenengoz jakin zenuenean, poza, gogo-bizia eta Jainkoari maitasunez barrua sutan zenuela sentitu al zenuen? Ziurrenik bai. Askok berdina sentitu izan dute. Orain maitasun hori bizi-bizi mantentzea eta hazten laguntzea da erronka. Gaur egungo gizartearen joera ez dugu jarraitu nahi. Jesusek honakoa iragarri zuen: «Gehienen maitasuna hoztu egingo da» (Mateo 24:12). Hortaz, zer egin dezakezu Jehobari eta biblia-egiei diezun maitasuna hoztu ez dadin?

13 Jarrai ezazu Jehoba eta Jesusi buruz ikasten (Joan 17:3). Hausnartu Biblian ikasten duzuna eta galde iezaiozu zeure buruari honakoa: «Zer irakasten dit honek Jehobari buruz? Zein beste arrazoi ematen dit Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz maitatzeko?» (Irakurri 143. Salmoa 5). Hausnarketa honek Jehobari diozun maitasuna bizi-bizi mantentzen lagunduko dizu.

14. Nola lagunduko digu otoitzak Jehobari diogun maitasuna bizi-bizi mantentzen?

 14 Otoitz egiteko ohitura Jehobari diozun maitasuna bizi-bizi mantentzen lagunduko dizun beste modu bat da (1 Tesalonikarrei 5:17). Liburu honetako 17. kapituluan ikasi genuen bezala, otoitza Jainkoak egin digun opari baliotsua da. Gizakion arteko harremanak elkarren artean zintzoki komunikatzeko ohitura izanda estutzen dira. Era berean, Jehobari otoitz egiteko ohitura badugu, berarekin dugun harremana ere estu-estua izango da. Gainera, guztiz funtsezkoa da gure otoitzak gogo eta arretarik jarri gabe ez egitea, behin eta berriro esanahirik edo sentimendurik gabeko hitzak errepikatuz. Izan ere, haurrak bere aita maitearekin hitz egiten duen moduan hitz egin nahi dugu guk ere Jehobarekin, errespetu osoz, noski, baino zintzo eta bihotz-bihotzetik (62. Salmoa 9 [62:8NW]). Beraz, norberaren biblia-azterketa eta Jehobari bihotzez otoitz egitea oinarrizkoak dira gure gurtzan eta Jainkoaren maitasunean irauten laguntzen digute.

GOZATU JEHOBA GURTZEAZ

15, 16. Zergatik izan behar du guretzat Erreinuaren berri onak zabaltzea altxor eta ohore bat?

15 Norberaren biblia-azterketa eta otoitza, bakarka egiten ditugun gurtza-ekintzak dira. Azter dezagun orain Jainkoa gurtzeko jendaurrean egin dezakegun zerbait: gure sinesmenei buruz beste batzuei hitz egitea. Hitz egin al duzu jadanik beste batzuekin biblia-egiei buruz? Hala bada, ohore zoragarriaz gozatu duzu. Jehobari buruz ikasi ditugun egiez hitz egiten dugunean, benetako kristau guztiei emandako eginkizun garrantzitsu bat betetzen ari gara: Jainkoaren Erreinuaren berri onak zabaltzea (Irakurri Mateo 24:14; 28:19, 20).

16 Paulok berri onen zabaltze-lana altxor baliotsutzat zuen (2 Korintoarrei 4:7). Jehoba eta bere asmoei buruz jendeari hitz egitea, egin dezakezun lanik onena da. Izan ere, hau egitea Nagusi onenari zerbitzatzea da eta eduki daitezken  onurarik hoberenak dakartza. Berri onak zabaltzean, bihotz oneko pertsonei gure Aitari gerturatzen eta betiko bizira zuzentzen duen bidean ibiltzen laguntzen diezu. Ez dago munduan honelako atseginik emango dizun beste lanik! Gainera, Jehoba eta Bibliari buruz hitz egiteak zure fedea  eta Jainkoari diozun maitasuna sendotuko ditu. Eta egon ziur Jehobak benetan estimatzen dituela zure ahaleginak (Hebrearrei 6:10). Lan honetan buru-belarri ibiltzeak Jainkoaren maitasunean irauten lagunduko dizu (Irakurri 1 Korintoarrei 15:58).

17. Zergatik du hainbeste premia gaur egun Erreinuaren berri onen zabaltze-lanak?

17 Erreinuaren berri onen zabaltze-lana premiazkoa dela gogoratzea garrantzitsua da. Bibliak hau dio: «Hots egin Jaunaren hitza, ekin garaia denean eta ez denean» (2 Timoteori 4:2). Zergatik du hainbeste premia gaur egun lan honek? Bibliak honela dio: «Gainean da Jaunaren egun handia! Gainean da, berehala dator!» (Sofonias 1:14). Argi dago Jehobak mundu honekin akabatuko duen garaia laster datorrela. Beraz, jendea ohartarazi behar dugu! Jehoba Subiranotzat onartzeko garaia orain dela jakin behar dute. Gogoratu, amaiera «berandu gabe» iritsiko da (Habakuk 2:3).

18. Zergatik gurtu behar dugu jendaurrean Jehoba benetako kristauekin batera?

18 Jehobak benetako kristauekin batera jendaurrean gurtu dezagun nahi du. Horregatik honakoa adierazten du Bibliak: «Lagun diezaiogun elkarri, maitasunean eta egintza onetan elkar gogoberotuz. Ez utzi batzarrera joateari, batzuen batzuek ohi duten bezala, baizik eta adoretu elkar, eta are gehiago Jaunaren eguna hurbiltzen ari dela ikusten duzuen honetan» (Hebrearrei 10:24, 25). Kristau bileretan gure fedekideekin elkartzen garenean, gure Jainko maitea gurtu eta goresteko aukera ezin hobea dugu. Gainera, elkarri adore ematen diogu eta elkar gogoberotzen dugu.

19. Nola sendotu dezakegu gure anai-arrebekin lotzen gaituen maitasuna?

19 Jehobaren adoratzaileekin elkartzen garenean, maitasuna eta adiskidetasuna sendotzen ditugu kongregazioan. Jehobak gure bertuteetan arreta jartzen duen bezalaxe, guk ere gure anai-arrebek dituzten bertuteetan arreta ipintzea oso garrantzitsua da. Ez ezazu espero besteak perfektuak izatea,  guztiok egiten baititugu akatsak. Gogora ezazu denak Jehobarekin harreman ona izaten ahalegintzen ari direla, baina bakoitzak aurrera egiteko maila ezberdina duela (Irakurri Kolosarrei 3:13). Jehoba bihotz-bihotzez maite dutenekin adiskidetasun estua izaten saia zaitez. Era honetara, zure espiritualtasunak ere aurrera egingo du. Fedekideak dituzun anai-arrebekin batera Jehoba gurtzeak, bere maitasunean irauten lagunduko dizu. Eta nola saritzen ditu Jehobak bere maitasunean iraun eta leialtasunez gurtzen dutenak?

SAIA ZAITEZ «EGIAZKO BIZIA» ESKURATZEN

20, 21. Zer da «egiazko bizia» eta zergatik da hau itxaropen zoragarria?

20 Jehobak bere zerbitzari leialak bizia emanez saritzen ditu. Baina nolako bizia da hau? Pentsatu honetan: Bizirik al zaude orain? «Bai noski!» esango lukete askok. Azken finean, guztiok arnasa hartu, jan eta edaten dugunez, argi dago bizirik gaudela. Gainera, zoriontsu garenean «Hau bai dela hau benetan bizitzea!» esan ohi dugu. Baina Bibliak zentzu garrantzitsu batean gizakiok ez garela benetan bizi dio.

Zuk «egiazko bizia[z]» gozatzea nahi du Jehobak. Eskuratuko al duzu?

21 Bibliak «egiazko bizia» eskuratzera bultzatzen gaitu (1 Timoteori 6:19). «Egiazko bizia» etorkizunean lortzea itxaro dugun zerbait dela azaltzen dute hitz hauek. Perfektuak izatera iritsitakoan biziko gara esapide honen arabera. Izan ere, Jainkoak hasieratik gu bizitzea nahi zuen eran biziko gara: paradisuan osasuntsu, zoriontsu eta bakean. Azkenik «egiazko bizia[z]», hau da, betiko biziaz gozatuko dugu! (1 Timoteori 6:12). Ez al da hau itxaropen zoragarria?

22. Nola eskuratu dezakezu «egiazko bizia»?

22 Nola eskuratu dezakegu «egiazko bizia»? Testuinguruan, Paulok hau egitera bultzatu zituen kristauak: «Egin dezatela ongia; izan daitezela egintza onetan aberats» (1 Timoteori 6:18). Beraz, argi dago «egiazko bizia» eskuratzeko Biblian ikasi duguna jarraitzeko moduak zerikusi handia duela. Baina «egiazko bizia» ekintza onen bidez irabazten  dugula esan nahi ote dute Pauloren hitzek? Ez, aukera zoragarri hori izatea «Jainkoaren dohaina» baita (Erromatarrei 5:15). Halere, Jehobak leialtasunez zerbitzatzen dutenak saritzea atsegin du. Izan ere, zuk «egiazko bizia» izatea nahi du. Jainkoaren maitasunean irauten dutenek, honelako bizitza zoriontsu eta baketsua betiko izatea itxaron dezakete.

23. Zergatik da ezinbestekoa Jainkoaren maitasunean irautea?

23 Guztiok honako galdera hau egin behar genioke geure buruari: «Jainkoa berak Biblian ezarri duen moduan gurtzen ari ote naiz?». Egunero ziurtatzen badugu galdera honi baietz erantzutea, orduan bide egokian izango gara. Jehoba gure babeslekua dela ziur izan gaitezke. Berari leial direnak babesean mantenduko ditu mundu zahar honen azken egun latz hauetan zehar. Eta oso gertu den mundu berri zoragarrira ere gidatuko gaitu. Hori bai zirrara sentituko duguna garai hori ikustean! Eta bai zoriontsu izango garela azkeneko egun hauetan ondo aukeratu izanaz! Orain bide egokia aukeratuz gero, Jehobak hasiera-hasieratik nahi zuen bezalaxe, «egiazko bizia[z]» gozatuko duzu betirako!