Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zer da Bibliak benetan irakasten duena?

 2. KAPITULUA

Biblia: Jainkoaren eskutik datorren liburua

Biblia: Jainkoaren eskutik datorren liburua
  • Zergatik da Biblia liburu paregabea?

  • Nola lagun zaitzake Bibliak zure arazoei aurre egiten?

  • Zergatik egon zaitezke ziur Bibliako profeziak beteko direla?

1, 2. Zergatik da Biblia Jainkoak egindako opari zirraragarria?

GOGOAN al duzu lagun min baten opari berezia jaso zenuen unea? Segur aski, zirraragarria eta hunkigarria izan zen gertaera hori. Azken batean, zure lagunak egindako opariak zuen arteko adiskidetasuna estimatzen zuela erakutsi zuen. Dudarik gabe, zure esker ona azaldu zenion opariarengatik.

2 Biblia Jainkoak guri egindako oparia da eta horregatik gure esker ona azal diezaiokegu. Liburu paregabe honek bestela aurkituko ez genituzkeen erantzunak ematen dizkigu. Esaterako, zerua, izarrak, Lurra eta lehendabiziko bikotearen sorkuntzari buruz hitz egiten digu. Bibliak printzipio fidagarriak ematen dizkigu, bizitzako arazo eta estutasunei aurre egiten laguntzen digutenak. Jainkoak bere asmoa nola beteko duen eta lurreko egoera nola hobetuko duen ere azaltzen du. Hau bai opari zirraragarria!

3. Zer erakusten digu Jehobari buruz Biblia eman izanak eta zergatik da hunkigarria hau?

3 Biblia opari hunkigarria da gainera. Zergatik? Oparitu digunari buruz, Jehobari buruz, erakusten baitigu. Honelako liburua ematean, guk bera ongi ezagutzea nahi  duela jakinarazten digu Jainkoak. Izan ere, Bibliak Jehobarengana hurbiltzen lagun zaitzake.

4. Biblia nola zabaltzen ari den jakitean, zerk txunditzen zaitu gehiago?

4 Bibliaren ale bat baduzu ez zara bakarra, ez horixe. Biblia bere osotasunean edo zatika, 2.600 bat hizkuntzatan argitaratua izan da eta munduko biztanleriaren %95⁠aren eskura dago. Astero-astero, batez besteko, milioi bat Biblia ale baino gehiago banatzen dira! Biblia osoaren edo honen zati baten milioika ale argitaratu dira jadanik. Beraz, ez dago Biblia bezalako libururik.

Ingelesez idatzitako «New World Translation» biblia-itzulpena, hizkuntza askotan Biblia itzultzeko oinarria da

5. Zer esan nahi du Biblia «Jainkoak inspiratua» dela esateak?

5 Honetaz gain, «Jainkoak inspiratua» da Biblia (Irakurri 2 Timoteori 3:16). Zer esan nahi du honek? Bibliak berak erantzuten digu: «Espiritu Santuak gidaturiko gizonak zirenez, Jainkoaren partetik hitz egin zuten» (2 Pedro 1:21). Jar dezagun adibide bat. Enpresari batek bere idazkariari eskutitz bat idazteko agintzen dio. Eskutitz horrek enpresariaren ideiak eta jarraibideak ditu. Beraz, bere eskutitza da, ez idazkariarena. Era berean, Bibliak Jainkoaren mezua du  eta ez idatzi zuten gizonena. Hori dela eta, Biblia bene-benetan «Jainkoaren hitz[a]» da (1 Tesalonikarrei 2:13).

ZEHATZA ETA KONTRAESANIK GABEA

6, 7. Zergatik da bereziki harrigarria Bibliak kontraesanik ez izatea?

6 Biblia 1.600 bat urteko tartean idatzi zen. Bere idazleak garai desberdinetakoak ziren, baita gizarte eta ekonomia maila anitzetakoak ere. Batzuk baserritarrak, arrantzaleak eta artzainak ziren; beste batzuk profetak, epaileak eta erregeak. Lukas ebanjelaria, adibidez, sendagilea zen. Nahiz eta bere idazleek jatorri desberdinak izan, Bibliak ez du kontraesanik hasieratik amaierara.

7 Bibliako lehendabiziko liburuak gizarteko arazoak nola hasi ziren azaltzen digu eta azkenekoak lurra nola bilakatuko den paradisu. Bibliako pasarteek historiaren milaka urte biltzen dituzte. Gainera, Jainkoaren asmoa zein den eta nola beteko duen adierazten dute. Bibliak kontraesanik ez izatea harrigarria da, baina ez al genuke hori espero behar Jainkoarengandik datorren liburutik?

8. Biblia zientziari dagokionez zehatza dela erakusten duten adibideak eman itzazu.

8 Zientziari dagokionez, Biblia zehatza da. Bere garairako aurreraturik zegoen informazioa du. Esaterako, Lebitarrena liburuak antzinako Israelentzako osasunari eta garbitasunari buruzko legeak azaltzen ditu. Bien bitartean, inguruko herrialdeek ez zuten gai horien berri. Lurrari buruzko ideia okerrak zeuden garaian, Bibliak zehazki esan zuen «lurra ezerezaren gain zintzilikatzen» dela (Job 26:7). Jakina, ezin esan dezakegu Biblia zientzia-liburua denik. Baina gai zientifikoez jardutean, zehatza da. Hori da Jainkoarengandik datorren liburutik espero behar genukeena!

9. a) Zergatik da Biblia zehatza eta fidagarria historiaz hitz egitean? b) Zer irakasten dizu Bibliari buruz bere idazleen zintzotasunak?

9 Historiaz hitz egitean, Biblia zehatza eta fidagarria da  baita ere. Bere pasarteetan xehetasun ugari daude. Hauetan, pertsonaien izenak agertzeaz gain, beraien arbasoen izenak ere agertzen dira. * Historialariek sarri beraien herrikideen porrotak estaltzen zituzten. Hauekin alderatuz, biblia-idazleak zintzoak ziren. Euren akatsei buruz argi eta garbi idatzi zuten, baita euren herrialdeko hutsei buruz ere. Zenbakiak liburuan, esate baterako, Moisesek bere akats larri batengatik zorrotz zigortua izan zela idatzi zuen (Zenbakiak 20:2-12). Gainerako historia-pasarteetan zintzotasun hori aurkitzea oso arraroa da. Baina Biblian aurkitzen dugu, Jainkoarengandik datorren liburua baita.

JAKINDURIAZ BETERIKO LIBURUA

10. Zergatik ez da harrigarria Biblia liburu erabilgarria izatea?

10 Biblia, Jainkoak inspiratua denez, «irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko» baliagarria da (2 Timoteori 3:16). Bai noski, Biblia liburu erabilgarria da. Giza izaera erabat ezagutzen duela erakusten du. Ez da harritzekoa, bere Egilea, Jehoba, Sortzailea baita! Berak, gu geuk baino hobeto ulertzen ditu gure pentsamendu eta emozioak. Honetaz gain, Jehobak badaki zer behar dugun zoriontsu izateko, baita zein jokabide baztertu behar dugun ere.

11, 12. a) Zein gai jorratu zituen Jesusek Mendiko Hitzaldian? b) Zein beste gai erabilgarri jorratzen dira Biblian? Zergatik dira bere aholkuak beti balio handikoak?

11 Pentsa ezazu Mateo 5.etik 7.era bitarteko kapituluetan dagoen Jesusen hitzaldian, Mendiko Hitzaldia deritzona. Irakaskuntzako maisulan honetan, Jesusek hainbat gai jorratu zituen. Hauen artean, zoriontasuna aurkitzeko, eztabaidak konpontzeko, otoitz egiteko eta ondasunei buruzko ikuspuntu egokia izateko erak. Jesusen esanak antzinan bezain indartsu eta erabilgarriak dira gaur egun.

 12 Bibliako printzipio batzuk familia-bizimodua, lana eta besteekin ditugun harremanei buruzkoak dira. Bibliako printzipioak pertsona guztientzat dira erabilgarri eta bere aholkuak beti dira balio handikoak. Biblian aurkitzen dugun jakinduria Jainkoak Isaiasen bidez idatzitako hitz hauetan laburbiltzen da: «Neu naiz Jauna, zure Jainkoa, zeure onerako irakasten dizudana» (Isaias 48:17).

 PROFEZIAZ BETERIKO LIBURUA

Isaias biblia-idazleak Babiloniaren hondamena iragarri zuen

13. Zein xehetasun inspiratu zizkion Jehobak Isaiasi Babiloniari buruz?

13 Bibliak profezia ugari ditu, eta horietariko asko jadanik bete dira. Adibide bat aztertu dezagun. Isaias profetaren bidez, K.a. 8. mendean bizi izan zena, Jehobak Babilonia hiria suntsitua izango zela iragarri zuen (Isaias 13:19; 14:22, 23). Hiria nola izango zen konkistatua azaltzeko, xehetasun ugari eman zituen. Armada inbaditzaileak Babiloniako erreka lehortuko zuen eta borrokatu gabe sartuko zen hirian. Hori nahikoa ez eta, Isaiasen profeziak Babilonia menpean hartuko zuen erregearen izena aipatu zuen: Ziro (Irakurri Isaias 44:27–45:2).

14, 15. Nola bete ziren Babiloniari buruz iragarritako xehetasun batzuk?

14 200 bat urte pasata, K.a. 539. urteko urriak 5 eta 6 arteko gauean, armada bat zegoen Babiloniatik gertu kanpaturik. Nor zen honen buruzagia? Ziro izeneko errege pertsiarra. Profezia harrigarri hau betetzeko bidea irekita zegoen. Baina gertatuko ote zen iragarria? Menpean hartuko ote zuen borrokatu gabe Babilonia Ziroren armadak?

15 Babiloniarrak jai bat ospatzen ari ziren gau hartan. Babesean sentitzen ziren harresi erraldoiez inguraturiko hiriaren barruan. Bien bitartean, Zirok hiria zeharkatzen zuen erreka desbideratu zuen trebeziaz. Laster, urak behera egin zuen eta bere gizonak ubidea zeharkatuz, harresietara hurbildu ziren. Baina nola igaroko zituzten harresiak? Gezurra badirudi ere, hiriko ateak irekita utzi zituzten deskuiduz!

16. a) Zer gertatuko zitzaion Babiloniari Isaiasen profeziaren arabera? b) Nola bete zen Babiloniaren hondamenari buruzko Isaiasen profezia?

16 Babiloniari buruz honakoa ere iragarri zuen Jehobak: «Ez da han egundo berriz inor biziko, bizilagunik gabe geldituko da sekulako. Beduinoek ere ez dute han kanpadendarik  jarriko, ez eta artzainik geldituko» (Isaias 13:20). Profezia honek hiri baten hondamena iragartzea baino askoz ere gehiago egin zuen. Sekula ez zen inor gehiago Babilonian biziko! Hitz horiek bete ziren eta baditugu horren frogak. Iraken hiriburutik, Bagdadetik, 80 bat kilometro hegoaldera, antzinako Babilonia kokaturik zegoen lekua aurki dezakegu. Guztiz suntsitua dago orain. Honek, Isaias profetaren bidez Jehobak esandakoa bete zela frogatzen du: «Erratza pasatuko diot eta guztiz erraustuko» (Isaias 14:22, 23).

Babiloniaren hondakinak

17. Nola indartzen digu fedea Bibliako profeziak betetzen direla ikusteak?

17 Biblia profezia fidagarriak dituen liburua dela ikusteak fedea indartzen digu. Ez al da hala? Jehobak iraganean hitz emandako guztia bete zuen. Eta honek, lurrari buruz hitz emandakoa ere beteko duela, hau da, paradisu bilakatuko duela ziurtatzen digu (Irakurri Zenbakiak  23:19). Duda barik, «gezurrik ez dioen Jainkoak mundua izaten hasi baino lehen agindua zuen betiko bizi[an]» itxaropena dugu (Titori 1:1-2). *

«BIZIA DA JAINKOAREN HITZA»

18. Zein adierazpen sendo idatzi zuen Paulo apostoluak «Jainkoaren hitza[ri]» buruz?

18 Kapitulu hau aztertu ondoren, Biblia paregabea dela argi eta garbi dago. Arrazoi ugari ikusi ditugu: Biblia kontraesanik gabekoa da, zientzia eta historiari dagokionez  zehatza, eta jakinduriaz eta profezia fidagarriz beterikoa. Hala ere, bere balioa ez datza honetan soilik. Paulo apostoluak honakoa idatzi zuen: «Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eragin handikoa, aho biko ezpata bera baino sarkorragoa: gogo eta espirituaren sakon-sakoneraino sartzen da, pertsonaren zokorik ezkutueneraino, eta barneko pentsamendu eta asmo guztiak miatzen ditu» (Hebrearrei 4:12).

19, 20. a) Nola lagun zaitzake Bibliak zeure burua aztertzen? b) Nola erakutsi dezakezu zure esker ona Jainkoaren opari paregabeagatik?

19 Jainkoaren «hitza» edo mezua Biblian irakurtzeak gure bizitza alda dezake. Geure burua inoiz baino hobeto aztertzen lagun gaitzake. Hala ere, Jainkoa maite dugula esatea ez da nahikoa. Berak inspiratutako Hitzaren irakaspenei erantzuteko moduak, gure benetako pentsaerak eta bihotzeko asmoak zein diren azaleratuko ditu.

20 Biblia, Jainkoaren eskutik datorren liburua da bene-benetan. Irakurri, aztertu eta maitatu behar dugun liburua da. Erakutsi ezazu zure esker ona Jainkoaren opari honengatik. Nola? Aztertzen jarraituz. Hau egiten duzun heinean, Jainkoak gizateriarentzat duen asmoa sakonago ulertuko duzu. Hurrengo kapituluan asmo hori zein den eta nola beteko den jorratuko da.

^ § 9 Ikus ezazu, adibidez, Jesusen arbasoen zerrenda zehatza Lukas 3:23-38⁠an.

^ § 17 Babiloniaren hondamena Bibliako profeziak betetzen direla azaltzen duen adibide bat besterik ez da. Beste adibide batzuk Tiro eta Niniveren hondamenak dira (Ezekiel 26:1-5; Sofonias 2:13-15). Danielen profeziek ere, Babiloniaren ondoren sortuko ziren munduko potentziak iragarri zituzten. Hauen artean Pertsia eta Mediako potentzia eta Grezia zeuden (Daniel 8:5-7, 20-22). Ikus itzazu eranskinaren «Jesu Kristo: Agindutako Mesias» artikulua Jesu Kristori buruzko profezia mesianiko ugari nola bete ziren aztertzeko.

Ikasi gehiago

BIBLIA-IKASTAROA

Zergatik Biblia ikasi?

Bibliak, munduan zehar milioika pertsonei, bizitzako galdera garrantzitsuen erantzuna ematen die. Ezagutu nahi al dituzu erantzun hauek?