Saltatu edukira

Saltatu azpimenura

Saltatu edukien aurkibidera

Jehobaren lekukoak

Euskara

Zer da Bibliak benetan irakasten duena?

 ERANSKINA

Zer da «Babilonia handia»?

Zer da «Babilonia handia»?

APOKALIPSIA liburuak sinbolikoki ulertu behar den idazkera erabiltzen du. Adibidez, bekokian «Babilonia handia» idatzita duen emakume bati buruz hitz egiten du, «jendetza» eta «nazio[en]» gainean eserita dagoena (Apokalipsia 17:1, 5, 15). Hori egin dezakeen hezur-haragizko emakumerik ez dagoenez, Babilonia Handiak zerbaiten irudi izan behar du. Hortaz, zeren irudia izango ote da emagaldu sinboliko hau?

Apokalipsia 17:18⁠an emakume hau «lurreko erregeen gain erregetza duen hiri handia» bezala deskribatzen da. «Hiri» hitzak, pertsonez osaturiko talde antolatua esan nahi du. «Hiri handia[k]» «lurreko erregeen gain» kontrola duenez, Babilonia  Handiak nazioartean eragina duen erakundea izan behar du. Zuzena da, beraz, mundu-inperio bat dela esatea. Baina zer-nolako inperioa? Erlijio-inperioa. Azter ditzagun ondorio horretara zuzentzen gaituzten Apokalipsia liburuko pasarte batzuk.

Inperioak nolakoak izan daitezke? Politiko-, merkataritza- edo erlijio-inperioak. Baina Babilonia Handia izeneko emakumea ez da inperio-politikoa. Zergatik? Bibliak «lurreko erregeek», hau da, munduko alderdi politikoek «berorrekin jardun zute[la] prostituzioan» azaltzen baitu. Zer esan nahi du mundu honetako agintariekin prostituzioan ibiltzeak? Beraiekin hitzarmenak egiteaz gain, beraiengan boterea eta eragina izateko beharrezko izan zaion edozer gauza egin duela. Horregatik deitzen zaio «emagaldu handia» (Apokalipsia 17:1, 2; Santiago 4:4).

Babilonia Handiak ezin du merkataritza-inperioa izan «lurreko merkatariak», hau da, merkataritza-sistema, doluan izango baitira Babilonia suntsitua izandakoan. Izan ere, Bibliak azaltzen duenaren arabera, bai erregeak eta baita merkatariak ere «urruti geldituko dira» Babilonia Handiari begira (Apokalipsia 18:3, 9, 10, 15-17). Guzti hau aztertu ondoren, honako ondorioa ateratzen dugu: Babilonia ez da inperio-politikoa, ezta merkataritza-inperioa ere, erlijio-inperioa baizik.

Babilonia erlijio-inperioa dela baieztatzeko badago beste arrazoi bat ere: «Sorginkeriez herri guztiak engainatu» ditu (Apokalipsia 18:23). Deabruarekin zerikusia duten praktika guztiak, sorginkeria barne, erlijio eta deabruengandik datoz. Beraz, ez da harritzekoa Bibliak Babilonia Handiari «deabruen bizileku» deitzea (Apokalipsia 18:2; Deuteronomioa 18:10-12). Inperio honek benetako erlijioari gogor kontra egiten diola adierazten du Bibliak, «profeta» eta «fededun» direnak erasoka jarraitzen baititu (Apokalipsia 18:24). Izan ere, Babilonia Handiak benetako erlijioari dion gorrotoa sekulakoa denez, Jesusengan fedea dutenak gogor erasoka jarraitu eta hil egiten ditu (Apokalipsia 17:6). Beraz, Babilonia Handia izena duen emakumeak erlijio faltsuaren mundu-inperioa irudikatzen du. Inperio honen barne Jehobari kontra egiten dioten erlijio guztiak daude.